Koronabirusa

Alarma gorria piztu dute Europan

OME kezkatuta agertu da kontinenteko transmisio indizeekin, eta egoera larria dela dio. Pandemiari aurre egiteko estatu kideen arteko ekintza koordinatua eskatu du. Denera bost milioi kasu atzeman dituzte

Umeak eskolara sartzeko prest, Grezian. PANTELIS SAITAS / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Koronabirusa dela-eta baretu zen egoera Europan, eta kasuen kurba beheranzko joeran egonkortzea lortu zuten herrialdeek. Ez luzaroan, baina. Bigarren olatua gogor jotzen ari da kontinentea, eta alarmak piztea eragin du horrek. OME Osasunaren Mundu Erakundeak eman zuen atzo abisua, eta kezkatua agertu zen kutsatuen indizeekin. Hori dela eta, eskualde koherentzia eskatu zuen erakundeak, baita «egoera larri» horri aurre egiteko estatu kideen arteko ekintza koordinatua galdegin ere. Hain justu, Europako Parlamentuak COVID-19ren inguruko osasun metodo, definizio eta irizpide komunak izatearen alde bozkatu zuen atzo, koordinaziorik eza saihesteko eta joan-etorriak ez murrizteko; euroganberak kutsatutakoen datuak biltzeko eta aztertzeko metodologia bateraturik ez dagoela salatu zuen.

OMEk pandemiaren inguruko bilakaera aztertzeko eginiko prentsaurrekoan, Hans Kluge erakundearen Europako arduradunak ohartarazi zuen positiboen asteko igoera martxoko lehen gailurrean erregistratutakoa baino handiagoa izaten ari dela. Joan den astean 300.000 kasutik gora atzeman zituzten, eta kopuruak goraka doaz. Azken bi asteetan, Europako herrialdeen erdiak baino gehiagok kasuen %10eko gorakada jasan dute, eta zazpi estatutan bikoiztu ere egin dira hautemandako gaixoak.

Hartutako neurri murriztaile zorrotzen ondorioz, herrialdeek lortu zuten ekainerako kutsatuen kopuruak apaltzea, baina, asteotan, indartsu itzuli da birusa. Egoera ikusita, abisua eman zuen Klugek: «Iraileko zenbakiek ohartarazpen gisa balio beharko lukete». Egia da COVID-19a atzemateko probek ere nabarmen egin dutela gora, baina ez da nahikoa arrazoi egoeraren larritasuna apaldu edota justifikatzeko. «Eskualde osoko transmisio indizeak kezkagarriak dira». Era berean, oraindik ere jarduteko tartea dagoela nabarmendu zuen.

OMEk jasotako azken datuen arabera, pandemia hasi zenetik dagoeneko bost milioi kasu atzeman dituzte Europan, eta 228.000 pertsona hil dira gaitzaren ondorioz. Gainera, kopuruez haratago izandako inpaktua gogorarazi zuen erakundeak: «Osasun mentalean, ekonomian eta gizartean utzitako arrastoa ikaragarria izan da». Inpartzialtasuna eta informazioaren gardentasuna ere defendatu zituen OMEk, eta adierazi erantzunak eraginkorrak izan direla ekintzak «berehalakoak eta erabakigarriak» izan direnean. Bestalde, herritarren beharrei eta kezkei erreparatu eta horiei erantzuteko deia egin zien agintariei.

Hain zuzen, okerrera egin duen herrialdeetako bat da Portugal. Pandemiaren lehen hilabetean, gobernuak azkar eta eraginkor jokatu zuen, Italiatik eta Espainiatik zer zetorren ikusita. Orain, baina, goitik behera aldatu da hango egoera. Atzo jakinarazi zutenez, azken orduetan 770 positibo atzeman dituzke, apiriletik erregistratutako kutsatze datu txarrena; kasu berrien %48 Lisboako eskualdean hautemandakoak dira. Horiek horrela, goraka jarraitzen du kasuen kopuruak.

Austriako egoera ere ez da samurra, eta Sebastian Kurz kantziler kontserbadoreak atzo iragarri zuen birusaren transmisioa eteteko neurri murriztaileak hartuko dituela, bigarren konfinamendu bat saiheste aldera. Alemaniak, berriz, berriro gainditu zuen atzo 2.000 positiboren langa, azken hilabeteotako kasu gehien atzeman zituelarik: 2.194. Horiez aparte, beste herrialde batzuetan ere oldartu da birusa: Espainian, Frantzian, Herbehereetan eta Kroazian, kasurako.

Mundu mailan, berriz, COVID-19 kasuak 30 milioitara iristear daude, eta 940.000 pertsona inguru hil dira.

Aukera berriak

Berrogeialdiaren iraupen egoki eta eraginkorraren inguruko iritzi desberdinak plazaratu dira asteotan. Frantziak, esaterako, iragan ostiralean iragarri zuen hamalau eguneko berrogeialdia zazpira apalduko zuela, orain artekoa «luzeegia» zelakoan, eta «kutsatzeko benetako arriskua» zazpi egunetara mugatzen delakoan. Horren inguruan ere aritu zen atzo Kluge, eta estatu kideen arteko eztabaida «koherente eta koordinatua» babestu zuen berrogeialdia murrizteko «aukera seguruak» aztertzeko.

«Hamalau eguneko berrogeialdia infekzio aldiaren estimazio kontserbadorea da, eta sintomak agertu aurretiko eta ondorengo aldia estaltzen du, pertsonak kutsakorrak izan daitezkeenean», esan zuen. Dena den, berrogeialdiaren iraupenean «murrizketa txiki» batek izan dezakeen inpaktu indibidual eta sozial «handia» ezagututa, OMEko buruzagiak berau murrizteko ikerketa zientifiko bat egitera animatu zituen Europako herrialdeak. Hori bai, argi utzi zuen bakartuta egotea pandemiari aurre egiteko funtsezko pieza dela, eta kontzeptua «babestu, etengabe egokitu, argitu eta ondo komunikatu» behar dela nabarmendu zuen, «anbiguotasunik gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.