Adriana Valderrama Lopez. Medellingo Casa de la Memoria museoko zuzendaria

«Escobarri buruzko serieen kontrakontakizuna sortzen ari gara»

Droga trafikatzaileen jarduerak eta bizimoduak eragindako lilura mediatikoari aurre egiten ari da, memoria eraikitzeko eta etorkizunean bortizkeria gehiagorik ez egoteko. Denbora eskatu du.

Jon Artano Izeta.
Medellin
2018ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
«Belfasten bolada bat eman nuen ikerlari. Munduko lau ertzetatik hara joandako lankideok pubetan elkartzen ginen ia iluntzero. Irlandarrek hango gatazkako kontuak kontatzen zituztenean, denak ezin sinetsita geratzen ziren. Halako batean, neuk hartu nuen hitza, eta Medellinen bizitakoak kontatzeari ekin nion; atzerrikoak ez ezik, bertakoak ere aho bete hortz geratu ziren».

Ulstergo unibertsitatean Bake eta Gatazka ikasketak eginak ditu Adriana Valderramak (Bogota,1973), eta espezialista da justizia trantsizionalean. 2016tik zuzentzen du Memoriaren Etxea, iraganari aurrez aurre begiratzeko Medellinen sortutako museoa. Hainbat serie eta pelikulek kriminalitatearen xarma hedatu dute, eta horri aurre egitea «oso gaitza» dela dio. Zailtasun gehiago ere aipatu ditu: «Kolonbiako egoera bakarra da: gatazka bizirik dela ari gara memoria eraikitzen, gurean gerra ez baita amaitu».

Zer iritzi duzu narcotour fenomenoaz?

Saltzeko produktu erraza da, Pablo Escobarrena Hollywooden tipoko istorioa delako. Gazteek maite dituzten emoziozko elementu guztiak dituzu: autoak, armak, emakume ederrak, drogak... Narcotour-ak antolatzen dituztenek etekintxoa ateratzen diote ikuskizunaren industriak elikatutako mitoari, emozio dosi hori emanez bila datozenei.

Beste ertzetik ari gara gu; gure erakusketan, Pablo Escobar ez da protagonista. Pablori aurre egin ziotenak eta ez ziren bat edo bi izan, ehunka baizik: horiek dira heroiak. Pablok erail eta desagerrarazitako horiek ez dituzue ezagutzen; ez dira azaltzen pelikuletan.

Nola erreakzionatu du Medellinek narkoarekin lotutako boom turistikoarekin?

Jendea oso deseroso dago; seinale ez gaudela prest gai honi zintzoki aurrez aurre begiratzeko. Askorentzat, Escobar aitatzea kantoiko bonba autoa oroitaraztea da, urlia akabatu zutenekoa... Garai haiek oso bizirik daude memorian, eta itzulera ez da gozoa. Badugu beste hesi bat, denok biltzen gaituena, eta ez da inor libro: nork ez zuen lagun mafiosoren bat izan? Nork ez zuen senideren bat izan traqueto [trafikatzaile] batekin zebilena?

Denbora behar dugu horri aurre egiteko. Izan ere, Pabloren narkotrafikoari ez ikusiarena egin genion. Oraintxe hasi gara horretaz hizketan. Baliteke ikus-entzunezkoen narko kultura erauntsi horrek hautsi izana isiltasuna.

Zer iritzi duzu narko ondarearen eraikin sinbolikoak eraisteaz?

Monaco eraikinaz ari bagara [Escobarren etxebizitza], asmoa ez da eraistea, esku hartze bat egitea baizik, memorial bat sortzeko. Leku horri esanahia aldatzea eta herritarrei irekitzea da ideia, egingo den proiektuan biktimek-eta parte hartuko dutela bermatuz.

Nolako bilakaera izango du iraganarekiko gogoetak datozen urteotan?

Gero eta kanpotar gehiago etorriko dira, bake akordioak gatazka-osteko herrialde irudia eman baitio Kolonbiari, eta kanpotarrek beti bilatuko dute Escobar. Pentsa zer nolako kultur eskaintza duen Berlinek, baina jendeak Topographie des Terrors-era joan nahi izaten du [Gestapo eta SSren egoitzan eraikitako museoa].

Medellinek duen itzelezko berdintasun falta zuzentzen asmatuko bagenu! Gazteei aukerak emango bagenizkie delinkuentziara jo beharrik izan ez dezaten, kontuan hartuko bagenitu... Belaunaldi berri bat sortzeko aukera legoke, zeinak desberdin pentsatuko lukeen narkotrafikoaz, legez kanpokoaz, hurkoaren biziaz. Izan ere, indarkeria erabiltzeko moduak aldatu dituzte, baina, sakonean, jarrerak ez dira hainbeste aldatu.

Politika publikoak aldarrikatzen dituzu egiturazko aldaketa sozioekonomikoak bultzatzeko… Zer behar da transformazio kulturalean eragiteko?

Gure filmarentzat ez da samurra izango erabateko arrakasta lortzea, baina misioa oso argi daukagu: hiriaren ondare kultural bihurtuko diren memoriak eraikitzea. Netflixen eta enparauen kontrakontakizuna sortzen ari gara.

Zein dira kontakizun onargarriak eta zein ez?

Kontakizun onargarriak dira biktimekin lan eginez sortzen diren heinean. Guk egiten dugun guztiak askotarikoa eta erabat barneratzailea izan beharra dauka, funtzionatuko badu; hori da modu bakarra etorkizunean bortxakeria ernatuko duten kontakizun motak ez ereiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.