EUSKAL HERRIA KOPA

Sasoiko lehen finala, prest

Abuztuaren 4an jokatuko dute Realak eta Athleticek Euskal Herria Kopako finala, Irungo Gal futbol zelaian. Sarrerak salgai daude

Euskal Herria Kopako finalaren aurkezpena, atzo, Gal estadioan. GOTZON ARANBURU / FOKU.
2018ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Realak eta Athleticek abuztuaren 4an jokatuko dute Euskal Herria Kopako finala. 18:15ean jokatuko da partida, Irungo Gal estadioan (Gipuzkoa). Talde txuri-urdina eta zuri-gorria dira finalistak, 2017-18ko denboraldian jokatutako derbietan puntu gehien eurek lortu dutelako. Bigarren aldiz jokatuko da kopa.

Euskal Herria Kirola elkarteak 1976an Inaxio Kortabarria (Realeko jokalari ohia) eta Jose Angel Iribar (Athleticeko atezain ohia) aurrenekoz ikurrinarekin zelairatu zireneko argazkia aukeratu zuen jokatuko den finalaren ikur gisa. Izan ere, Kike Zurutuza Euskal Herria Kirola elkarteko arduradunak jakinarazi zuen «Euskal Herria eta kirola» uztartzea dela txapelketaren asmoa.

Koparen bigarren aldia bada ere, aurten aurreneko txapela banatuko da. Izan ere, joan den urtean Alavesen eta Athleticen arteko finala bertan behera utzi zuen epaileak, zelaian jazotako liskarrengatik. Kike Zurutuzak argi utzi nahi izan zuen lehengo urteko gertaera «tamalgarriak» ez direla errepikatuko. Jose Angel Iribar Athleticeko atezain historikoa eta Joseba Ibarburu Realeko lehendakariordea ere antzera mintzatu ziren. Bi taldeak irtengo dira irabaztera, baina betiere «kiroltasunez».

Aurkezpen ekitaldian izan ziren Mikel Etxarri (euskal selekzioko entrenatzailea), Ricardo Garcia (Real Unioneko presidentea), Pedro Alegre (Irungo kirol zinegotzia) eta Goizane Alvarez (Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriako eta Kiroletako zuzendari nagusia) ere.

Txapela jokoan egongo bada ere, lagunartekoa da partida, eta taldeen prestaketarako baliagarria izango da. Izan ere, denboraldi-aurre betean izango dira Reala eta Athletic. Zuri-gorriek gainera, hurrengo egunean, Alemaniako Mainz hirian Opel Cup txapelketa jokatuko du. Ikusteko dago, beraz, Eduardo Berizzo entrenatzaileak Irunen zein jokalari erabiliko dituen. Taldeen prestaketa lanerako partida garrantzitsua den heinean, partidan sei aldaketa egin ahalko dira. Hori bai, aldaketak egiteko, talde bakoitzak jokoa hiru alditan eten ahal izango du. Hala, geldialdi asko ez egoteko. Horrez gain, ez da luzapenik izango, eta, berdinketa balego, zuzenean penaltiak jaurtiko lirateke.

Sarreren prezioa

Atzo jarri zituzten salgai Realaren eta Athleticen arteko finalerako sarrerak www.ehkirola.eus helbidean. Uztailaren 23tik aurrera sarrerak salgai egongo dira Ibaiganeko bazkideentzat arreta bulegoetan (Bilbo), Realaren dendetan (Donostia) eta Gal Stadiumean (Irun). Sarreren prezioak honako hauek izango dira: 20 euro tribunan eta 10 euro ate atzean. 16 urtetik beherakoek bost euro ordaindu beharko dituzte. Partida ikusterajoan nahi dutenek autoa Fiturreko aparkalekuan dohainik utzi ahalko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.