Kantauri itsasoko legatzaren kuota %5,5 txikitu du Europako Batasunak

Berdelaren kuota %41 handitu dute 2020. urterako, eta txitxarroarena %40,7 apalagoa izango da

xabier martin
2019ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Euskal arrantzaleentzat ez ditu albiste oso onak utzi Europako Batasuneko arrantza ministroek egindako kuoten akordioak, baina badute kontsolamendua: okerragoa izan zitezkeen Bruselak egina zuen proposamena bere hartan onartu izan balute. Izan ere, batzordeak proposatutako legatzaren %20ko murrizketari izkin egin diote Kantauri itsasoan, eta %5,5ekoa baizik ez da izango kuotaren jaitsiera han. Iparraldeko stockeko legatzaren arrantzari, aldiz, iragarritako %20ko murrizketa aplikatuko diote. Eskoziako, Irlandako, Sole Handiko eta Bizkaiko golkoko Frantziako uretan aplikatu da murrizketa handi hori, alegia.

Legatzaren kuotaren jaitsierak Ondarroako ontzidian eragingo du gehienbat, alturako ontzien espezie nagusia izan baita legatza azken hamarkadetan. 13.000 tonako kuota izango du legatzak Bizkaiko golkoan (-%19), eta 18.700 tonakoa Sole Handian(-%20,6). Iaz, legatzaren kuota mantendu egin zen Kantauri itsasoan, aurreko lau urteetan murriztu eta gero —%51,5eko galera izan zuen—, eta %22,7 igo zen Bizkaiko golkoan.

Arrantza itunak utzi du, ordea, albiste onik. Izan ere, berdelaren kuota %41 handituko da 2020. urtean. Kostera garrantzitsuenetakoa da berdela baxurako ontzientzat. Txitxarroaren kuotak, ordea, jaitsiera handia izango du datorren urtean, -%40,7koa. Ez da espezie garrantzitsuena euskal arrantzaleentzat, baina jotzen dute haren bila egun batzuetan.

Oilarra eta zapoa, berdin

Bestalde, zapoa eta oilarra aurreko urteko kuotarekin utzi ditu arrantza ministroen akordioak. Ipar stockean 950 tona izango du oilarrak, eta hegokoan, 1.728 tona. Zapoarentzat, berriz, 1.125 tonako kuota ezarri dute iparraldean, eta 3.475 tonakoa hegoaldean.

Arrantzaleentzat oinarrizkoa den beste kostera batean ere murrizketak heldu dira, baina arinak. Antxoaren kuota %3,4 apaldu dute, biomasa pixka bat txikitu dela frogatu eta gero. Aurten 29.770 tonakoa izan da kuota, eta datorren urtean 29.677 tonakoa izango da. Frantziari emango diote 100 tonako alde hori.

24 orduko negoziazio luzeen emaitza izan da hitzarmena, eta Luis Planas Espainiako Arrantza ministroarentzat, «bikaina» izan da legatzaren kuota Kantauri itsasoan «%5 baizik» jaitsiko ez duen akordioa. «Oso akordio ona da Espainiako arrantzaleen osotasunarentzat», esan zuen Planasek, atzo.

Euskal arrantzaleentzat ez dago aldaketa handirik, azken finean, nahiz eta legatzaren murrizketa Kantauri itsasoan ez den albiste ona. Kuotaz harago, ikusteko dago datorren urtean nola eragin dezakeen brexit-ak Europako Batasuneko arrantzontzietan; ezin da ahaztu, alegia, hilabete gutxi barru zartada bat jaso dezaketela arrantzaleek.«Egoera ez da asko aldatu», esan zuen Miren Garmendiak atzo.

Gipuzkoako baxurako kofradien federazioko idazkaria pozik azaldu zen legatzaren murrizketa handia ez delako gertatu. «Gure ontzi txikientzat garrantzitsua da hori». Txitxarroaren apaltze handiaren harira, ordea, «ikerketa gehiago» eskatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.