Giza eskubideen ekintzaileen aurka egitea leporatu dio HRWek Indiari

Erakundeak salatu du oposizioa isilarazteko baliatu dutela «terrorismoaren aurkako legea»

MIilitarrak Srinagarren, Kaxmirko hiriburuan, artxiboko argazki batean. FAROOQ KHAN / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
HRW Human Rights Watch giza eskubideen aldeko erakundeak salatu duenez, Indiako Gobernuak «terrorismoaren aurkako legeak» baliatzen ditu bere politikekin kritikoak direnak atxilotu eta zigortzeko. Anand Teltumbde eta Gautam Navlakharen kasuak ekarri ditu erakundeak gogora.

Duela hiru urte, 2017ko abenduaren 31n, atxilotu zituzten Teltumbde eta Navlakhar, maoisten matxinada bat bultzatzea leporatuta. Hurrengo egunean, 2018ko urtarrilaren 1ean, gobernuaren jarraitzaileen aurkako protestak piztu ziren. Poliziak indarrez sakabanatu zituen horiek, eta liskarretan manifestari bat hil zen gutxienez. Heriotzaren ondorioz, herrialde osora zabaldu ziren manifestazioak. Borroketan hogei polizia inguru zauritu ziren, eta ehun bat manifestari atxilotu zituzten. Horien artean, giza eskubideen aldeko beste ekintzaile bat ere atxilotu zuten, Bhima Koregaon.

«Hiru ekintzaileen aurkako frogak oso ahulak dira. Berehala askatu beharko lituzkete. Terrorismoaren aurkako legedia baliatzen ari dira, gobernuarekin jarrera kritikoa duen oro atxilotzeko», salatu du Meenakshi Gangulyk, HRWen Asiarako arduradunak. Haren esanetan, Teltimbde eta Navlakharrek behin baino gehiagotan egin izan dute gobernuaren aurka, ongizatea eta elkarbizitza bermatzeko gai ez izatea egotziz.

Erakundeak salatu duenez, 2018an Maharashtran piztutako istiluei lotuta, hainbat ekintzaile, kazetari, ikasle eta artista atxilotu zituzten, baina ez zituzten ikertu gobernuaren gertuko mugimendu hinduisten aurkako salaketak. «Mundu osoko gobernuak presoak askatzen ari diren une batean, harrigarria da Indiako agintariek espetxean egon behar ez luketen ekintzaileei preso eustea», gaitzetsi du Gangulyk.

Txostenean, gutxiengo erlijiosoen aurkako neurriak eta Jammu eta Kaxmirren kontrakoak ere salatu ditu erakundeak. «Kaxmir erabat itxi du Indiako Gobernuak. Konstituzioak ezartzen zion estatus berezia kendu dio, eta bi eskualde berezitan banatu ditu Jammu eta Kaxmir. Hori nahikoa ez, eta eskualdea erabat itxi aurretik, Interneterako sarbidea eta telekomunikazioak eten zizkieten bertako herritarrei, eta hainbat politikari eta ekintzaile atxilotu zituzten. Haietako asko preso daude oraindik ere, zer leporatzen dieten jakin ez arren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.