Hiria koloreek okupatuta

Jendetza batu du Okupatu Gasteizek. Espazio publikoaren erabilera aldarrikatu, eta herri mugimenduen arteko elkartasuna goratu dute

Urteurrena ospatzen zuten herri mugimenduetako ordezkariek eraman zuten pankarta. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Ospakizunak eta aldarrikapenak uztartu zituen Okupatu Gasteiz egunak atzo, kalez kale. Milaka pertsona bildu ziren Hala Bedi irratiaren, Gasteizko gaztetxearen, Auzolana pilotalekuaren eta Errekaleor auzoaren urteurrena ospatzeko eta babesa adierazteko. Baita gehiagorako ere. Hamaika gizarte mugimenduk parte hartu zuten, eta agerian utzi zuten elkartasuna. Halaber, espazio publikoa erabiltzearen aldeko aldarriak presentzia handia izan zuen egun osoan, Gasteizko Udalak Okupatu Gasteiz Eguna egiteko zenbait plaza erabiltzea ukatu ondoren.

Urtarrilean abiatu zituzten hiriko lau eragileek urteurrena ospatzeko prestaketak: Hala Bedik 35 urte bete ditu; gaztetxeak, 30; Auzolana pilotalekuak, hamar, eta Errekaleor auzo okupatuak, bost. Ordea, antolatzaileek nabarmendu zuten ospakizuna urteurrenetatik harago zihoala: «gizarte eredu baten aldeko apustua» irudikatu zuten. Are gehiago, esan zuten aldarri horrek «indar handiagoa» hartu zuela Gasteizko Udalaren «zentsura politikoaren» ondorioz.

Gizarte eredu hori irudikatzen hasi zen atzo San Anton plazan, manifestazioa atera aurretik. 12:30ak baino lehen heldu ziren hiriko zenbait lekutatik ateratako zutabeak, «Okupazioa!» oihukatuz. Koloreek hartu zuten plaza: mugimendu feministaren morea, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren horia, Berriztuko kideen gasa erauzteko dorreen beltza... Dozenaka herri mugimenduk babesa adierazi zieten antolatzaileei iragan astean. Bada, hitz horiek kalean islatu zituzten atzoko protestan.

Elektrotxaranga aurretik eta Perkuneskak atzetik, Katedral Berrira heldu zen manifestazioa, hiriguneko kaleak girotu ondoren. Antzerkiak, bertsoek eta musikak eman zioten amaiera, elkartasunerako deiarekin batera. Hain zuzen ere, antolatzaileek gogora ekarri zuten urtemuga ospatu duten elkarteak arriskuan egon izan direla, eta elkartasunari esker aurrera egin dutela. «Zuei esker, edozein erasoren aurrean indarberrituta atera gara».

Plaza, okupatuta

Herri bazkaria egiteko gunea ukatu zietela eta, erdibideko aukera bat sortu zuten: Auzolana pilotalekuan prest zegoen arroza hartu, eta dozenaka lagun Santa Maria plazara joan ziren bazkaltzera. Ordurako, Okupatu Gasteiz eguneko globo laranjekin apainduta zegoen. Gero heldu zen musika plazara, ondoren gaztetxean egongo ziren kontzertuak iragarriz, baita tabernetako DJ saioak ere. Iluntzera arte luzatu zen jaia. Zapore gozoa utzi zien antolatzaileei. «Zentsuren gainetik, milaka lagun bildu ditugu inoiz lapurtuko ez dizkiguten kaleetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.