Hego Koreak ordaina eskatu dio Japoniari

Seulgo epaitegi batek ebatzi du Tokiok erreparazioa zor diela armadaren sexu esklabo izatera behartu zituen hamabi emakumeri

Japoniaren kontrako salaketa aurkeztu zuten emakumeetako bi. YONHAP / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Japoniaren garai kolonialeko auziek agerian utzi dute beste behin oraindik osatu gabe daudela inperio okupatzailea izan zenaren eta Hego Korearen arteko zauriek. 1910etik 1945era bitarte, Korea anexionatu zuen Japoniak, eta milaka emakume behartu zituen Tokiok armada inperialaren sexu esklabo izatera. Bizirik daude horietako asko. Seulgo epaitegi batek egoera hori pairatu zuten hamabi emakumeri kalte-ordaina emateko agindu zion, atzo, Japoniari; ia 75.000 euroko ordaina ezarri zuen biktima bakoitzeko.

Zenbait historialariren arabera, 200.000 emakume eta neska korear behartu zituen Japoniak sexu esklabo gisa jardutera Bigarren Mundu Gerra aurretik eta gerrak iraun zuen artean. Horietako hamabik Tokio salatu zuten 2016an, eta epaia historikoa izan da. Lehen aldiz, Hego Koreako epaitegi batek erantzule egin du Japoniako Gobernua, emakumeak prostituziora behartzeagatik.

«Jasotako froga eta lekukotzek argi uzten dute biktimek irudikatu ezinezko sufrimendu fisiko eta psikologikoa jasan zutela akusatuek egindako legez kanpoko ekintzek iraun zuten artean. Baina ez dute kalte-ordainik jaso», zehazten du epaiak.

Zigorra «onartezina» dela erantzun du Japoniak. Haren esanetan, gerra garaiko salaketak ezin dira epaitu, 1965ean bi herrialdeek hori jasotzen duen hitzarmen bat sinatu zutela argudiatuta. 2015ean berretsi egin zuten akordioa.

Tokiok aurreratu du ez duela helegiterik aurkeztuko, hala egitea Hego Koreako epaitegiei gerra garaiko auzien gaineko eskumena onartzea litzatekeelako. Aldiz, Hego Koreako Gobernuari atzera egiteko eskatu dio, eta epailearen erabaki okerra zuzentzeko.

Seulgo epaitegiaren sententziak, baina, ohartarazi du «gizateriaren aurkako krimena» izan zela prostituzio behartuarena, Japoniak «sistematikoki, asmo txarrez eta modu orokorrean egin zuena, nazioarteko arau guztiak urratuz». Hori dela eta, bi estatuen arteko ituna ez da nahikoa arduradunak zigorgabetzeko, epaiaren arabera. «Estatu immunitatea ezin da ezarri, Japoniak legez kanpo okupatua baitzuen Koreako penintsula, eta gure herritarren aurka egin baitzuen».

Hego Koreako Atzerri Ministerioak errespetua adierazi dio epaiari, eta esan du lanean jarraituko duela Tokiorekin «elkarlan eraikitzailean» jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.