Futboleko Munduko Kopa

Laugarren izarra daukate elastikoan

AEBek beren nagusitasuna berretsi dute Munduko Kopan, nahiz eta Europako selekzioek aurrerapausoa eman. Megan Rapinoe izan da izarra. Milioi bat ikusletik gora izan dira estadioetan

ainara arratibel gascon
2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Frantzian eta Bretainian jokatutako Munduko Kopak aldarrikapena eta lehia uztartuko zituela espero zen, eta hala gertatu da. Ameriketako Estatu Batuek laugarrenez altxatu dute titulua, eta oraindik ere koska bat gorago daudela erakutsi dute. Dena den, ikusi da Europako selekzioek aurrerapausoa eman dutela. Izarren zerrendan Megan Rapinoe, Lucy Bronze, Ellen White eta Vivianne Miedema ageri dira, besteak beste. Txapelketa, gainera, emakumeen futbolaren igoeraren erakuslehio izan da, estadioetara bertaratu den zale kopuruari eta telebista audientziei erreparatuta.

SELEKZIOAK
AEBen laugarrena


AEBek aurreikuspenak bete dituzte. Txapelketa hasieran, faborito argiak ziren, eta ez dute huts egin. Zortzi Munduko Kopa jokatu dira, eta erdietan txapeldun izan dira. Datuak adierazgarriak dira: txapelketan jokatutako partida guztiak irabazi dituzte. 26 aldiz zulatu dute aurkariaren atea, eta hiru gol besterik ez d jaso. Finalean izan ezik, beste lehia guztietan lehen 15 minutuak baino lehen gola egin dute. Lehen ligaxka aise gainditu zuten. Adibidez, 13-0 irabazi zioten Thailandiari; Munduko Kopako neurketa batean sekula izan den alderik handiena izan zen. Kanporaketetan, ordea, estuago ibili dira, baina une erabakigarrian beren izaera lehiakorra eta nagusitasun fisikoa erakutsi dute. Epaileek, gainera, haien alde adierazi zituzten zalantzazko hiru penalti.

Hortik harago, Europako selekzioen Munduko Kopa izan da. AEBak izan ezik, final-laurdenetara sailkatutako beste selekzio guztiak kontinente horretarakoak izan ziren. 2017an Eurokopa ezustez irabazi eta gero, Herbehereek erakutsi dute etorkizun handiko selekzioa direla. Ez dute orduko joko ikusgarria egin, baina atzean oso sendo aritu dira, eta aurrean jokalari onak dituzte. Ingalaterra ere asko hazi da azken bi urteetan, eta talde serioa eta ahalmen fisiko handikoa dela berretsi du. Eraginkortasunaren bidetik jo du Suediak; Txapelketako ezustea izan da, aldiz, Italia, final-laurdenetara iristeagatik, eta egin duen erasoko jokoarengatik.

Txanponaren beste aldean, Alemania eta Japonia daude. 2016ko Rioko Olinpiar Jokoak irabazi zituenetik, bidea topatu ezinda dabil Alemania. Joko ikusgarririk egin gabe gainditu zuen ligaxka. Baina, kanporaketetan, Herbehereekin egin zuen topo, eta, haren aurkako lehian, dituen gabeziak erakutsi zituen; batez ere, jokoa sortzeko ezintasuna. Japoniari belaunaldi aldaketa bete-betean zela egokitu zaio Munduko Kopa, eta eskarmentu falta igarri du.

Guztira 146 gol sartu dira txapelketan: 2,8 gol lehiako. Golen %25 txapelketako azken 15 minutuetan sartu dituzte, eta %33 estrategia jokaladien bidez. Soilik %12,5a sartu dituzte areatik kanpoko jaurtiketen bidez.

JOKALARIAK
Rapinoe, denen ikusmiran


Munduko Kopan gehien aipatu den izena izan da Megan Rapinoerena. AEBetako erdilaria txapelketako jokalari eta goleatzaile onena izendatu dute. Sei gol sartu ditu, eta jokalari erabakigarria izan da. Baina zelaitik kanpo ere eman du zeresana. AEBetako presidentearekin eztabaida izan zuen, eta argi utzi zuen txapelketa irabaziz gero ez zela «Etxe Zuri puta horretara» joango, Donald Trumpek LGTBI kolektiboaren eskubideak urratzen dituela salatzeko. Finala eta gero, FIFAren aurka jo zuen, egun berean Amerika Kopako eta Urrezko Kopako finala ere jokatu zirelako.

Whitek eta Miedemak erakutsi dute gol sen handia dutela. Rapinoeren antzera, sei gol sartu ditu txapelketan Whitek; Miedema, berriz, Herbeheretako inoizko goleatzailerik onena bihurtu da, sartutako lauekin. 22 urte besterik ez ditu, eta jada 62 gol daramatza. Lucy Bronzen (Ingalaterra) abiadurak, Cristina Girelliren ausardiak eta Sari van Veenendalen ziurtasunak atean —txapelketako atezainik onena izendatu dute— ere eman dute zeresana. Gazte onenaren saria eraman du, berriz, Giulia Gwinnek (Alemania)

Marta eta Formiga brasildarren izenak ere aipatu behar dira. Formiga Munduko Kopa gehien jokatu dituen jokalaria bihurtu da. Zazpigarrena jokatu du; Marta, berriz, txapelketako inoizko goleatzailerik onena da. Italiaren aurka hamazazpigarrena sartu zuen.

JARRAIPENA
Gorakadaren isla


Azken denboraldian nabarmen egin du gora emakumeen futbolaren jarraipenak, eta Munduko Kopa horren erakusle izan da. Batetik, lehiek telebistaz izandako jarraipena nabarmendu behar da. Ingalaterran, 8.819.000 ikuslek jarraitu zuten Ingalaterraren eta AEBen arteko partida; herrialde horretan emakumeen futbol partida batek izan duen audientziarik handiena da hori. Finaleko datuak jakin gabe, Herbeheretan aurten gehien ikusi den emanaldia izan da Suediaren eta Herbehereen arteko finalerdia. 5.015.000 lagunek ikusi zuten. Sare sozialetan ere antzeman da igoera. FIFAren kontu ofizialetan, txapelketa hasi zenetik %22 hazi da jarraitzaile kopurua, eta haren aplikazioa gehien deskargatu dena izan da 33 herrialdetan.

Milioi batetik gora ikusle izan dira zelaietan, eta harmailen hiru laurden beteta egon dira: %74, 54. Sarrera guztiak saldu dira 25 lehietan. Zaleentzako guneetatik 396.020 lagun pasatu dira, eta 24.000 lagunek ikusi dute emakumeen futbolaren inguruan FIFAk Parisen jarritako erakusketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.