Urte eta erdian hauteskundeak egitea adostu dute Libiako aldeek

Bozak egin arteko trantsizio gobernu bat negoziatzen hasi dira Tripoliko gobernua eta Tobrukeko parlamentua. Akordioa bakea lortzeko «aurrerapauso bat» da, NBEren iritziz

Elkarrizketa Politikorako Libiako Foroko zenbait kide, bake negoziazioen lehen aurrez aurreko saioa hasi aurretik, joan den astelehenean, Tunisen. MOHAMED MESSARA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Tunisiako bake elkarrizketen hirugarren egunean, akordioa lortu dute Libiako gerran elkarren aurka aritu diren bi aldeek: Tripolin egoitza duen GNA Batasun Nazionaleko Gobernuak eta Tobrukeko parlamentuak: hemezortzi hilabeteko epean hauteskundeak egitea adostu dute. Hau da, 2022ko maiatzerako. Hamar urteko gatazka armatua amaitzeko «aurrerapauso bat» dela uste du Stephanie Williams NBE Nazio Batuen Erakundearen Libiarako ordezkariak.

«Une zinez garrantzitsua da, eta horretan jarri behar ditugu arreta eta motibazioa», adierazi zuen atzo Williamsek prentsaurrekoan. Azaldu zuenez, aldeek «parlamenturako eta presidentetzarako hauteskunde askeak, garbiak eta barneratzaileak» egiteko konpromisoa hartu dute beren gain. Horrek, orain gatazkan bananduta dauden erakundeen batzea ekarri beharko luke, gaineratu zuenez.

Hauteskundeak egin arteko trantsiziorako batasun gobernu bati buruzko eztabaidarekin jarraitu zuten atzo elkarrizketek. Gobernu horrek ahuldutako zerbitzu publikoak suspertzeko eta ustelkeriari aurre egiteko erronkei heldu beharko die, pandemia kudeatzeko berehalako egitekoa bere gain hartzearekin batera. Auzi horiek herritarren protestak eragin zituzten bi aldeetan, joan den udan. Horrez gain, batzorde militar batek bi aldeen proposamenak jaso zituen atzo,fronteetatik indar batzuen nahiz besteen soldadu eta milizianoak erretiratzen hasteko.

Bide orriak jasotzen duenez, aurrerago aztertuko dituzte berradiskidetzeari, trantsiziorako justiziari eta gerrak behartuta beren etxeetatik ihes egin dutenen egoerari begirako neurriak.

Libia 2011. urteaz geroztik dago gatazka armatuan murgilduta. Urte horretan, NATOk babestutako esku hartze armatua izan zen, Muammar Gaddafi agintaria boteretik kentzeko.

Ordutik, hainbat talde armaturen artean egon da zatituta Afrikako petrolio eta gas erreserba handienak dituen herrialdea. Talde horiek elkarri zilegitasuna ukatu dioten bi erakunde nagusirekin lerratu ziren 2014ko hauteskundeen ostean. Batzuek GNA Batasun Nazionaleko Gobernua babestu zuten, zeinak Tripolin duen egoitza eta NBEren aitortza duen; eta Libiako Armada Nazionalak, Khalifa Haftar buruzagi militarra gidari, Tobrukeko parlamentuaren alde egin zuen, zeinak kontrolpean duen herrialdearen ekialdeko lurraldea.

Atzerriko zenbait eragile ere engaiatu dira gatazkan, eta gerran lagundu diete alde batekoei ala bestekoei. Turkiak, Qatarrek eta Italiak eta EBk GNA babestu dute; ekialdeko indarrekin lerratu dira Frantzia, Egipto, Arabiar Emirerri Batuak eta Errusia. Libiari ezarritako arma salmentaren gaineko blokeoa urratzea leporatu die NBEk Errusiari, Turkiari eta Arabiar Emirerri Batuei.

Elkarrizketarako bidea

Elkarrizketetarako kontaktuak areagotu egin ziren azken hilabeteetan, gerrako fronteak egonkortu ostean. Iazko apirilean, Tripoliren gaineko erasoaldia abiatu zuten Haftarren indarrek, baina oldarraldiari eustea lortu zuen GNAk, eta bi aldeetako batek ere ez du lortu bestearen frontea apurtzea.

Joan den urriaren 23an sinatu zuten su-etena, Genevan (Suitza). Itunak jasotzen duenez, fronteko militar eta talde armatuetako kide guztiek beren kanpalekuetara itzuli behar dute, eta atzerriko soldadu eta mertzenario orok Libia utzi beharko dute hiru hilabeteko epean.

Su-etenak bide eman zion Elkarrizketa Politikorako Libiako Forumari. Urriaren 26an egin zituen lehen bilerak, bideokonferentzia bidez, eta aurrez aurre, joan den astelehenaz geroztik, Tunisian.

Foroa 75 kidek osatzen dute, NBEk gonbidatuta. Horien artean hamahiru dira Tobrukeko parlamentuko ordezkariak, beste horrenbeste GNAren Estatu Kontseilu Nagusikoak, eta gainerakoak erakunde horietako kide ez diren baina Libiako bizitza politikoarekin «konprometituta» dauden eragileak.

Elkarrizketak Williamsek gidatzen ditu, 2018tik NBEren Libiarako ordezkari denak. Aurretik, AEBen diplomaziaburua izan zen Ekialde Hurbileko hainbat herrialdetan; Libian bertan, besteak beste. Hori dela eta, hainbat estaturen interesak nahasten diren gatazkan Williams Libiarako NBEren ordezkari izendatu izana Etxe Zuriaren posizioa indartu duen urrats gisa ulertu dute zenbait adituk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.