Txilek aitortu du sexu indarkeria tortura modura baliatu zutela

Pinocheten Polizia sekretuko hiru kide hamabost urtera zigortu dituzte, 'La Venda Sexy' zentroan eginiko torturengatik. Epaiak dio emakumeen aurkako indarkeria erabili zutela

Emakume bat tortura gune izandako eraikina saltzearen aurka protestatzen. ALBERTO VALDES / EFE.
Paulo Ostolaza.
2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Epai historikoa da aste honetan Txileko epaile batek emandakoa. 46 urte igaro dira, baina iritsi da behingoz Augusto Pinocheten diktadura garaian (1973-1990) torturak jasan zituztela salatu zuten sei emakumeren aldeko epaia. Sententzia bereziki garrantzitsua da; lehen aldiz, epaile batek generoaren aldagaia kontuan hartu du diktadura garaiko tortura kasu batean, eta aitortu du sexu indarkeria jasan zutela emakume haiek torturatu zituztenean. Espresuki aipatzen du torturatzaileek emakumeen aurkako indarkeria erabili zutela.

Zigortuak Dina Txileko zerbitzu sekretuetako hiru agente ohi dira, eta hamabost urteko zigorrari egin beharko diote aurre. Bi kasu egozten dizkiete: batetik, gizonezko lau preso politiko bahitu eta torturatzea, eta, bestetik, sei emakume preso bahitu eta haiek torturatzea sexu indarkeria erabiliz. Tormentu haiek La Venda Sexy (Hesgailu Sexya) izenez ezaguna zen ezkutuko atxiloketa gunean egin ziren, Santiago hiriburuko erdigunetik gertu, 1974 eta 1975 urteen artean.

Epaia orain iritsi da, baina lehendik ere zentro hori bereziki ezaguna zen, Poliziaksexu indarkeria erabili ohi zuelako han. Kuartelaren izena ere ez da kasualitatea: Txilen batzorde bat osatu zen presondegietako torturak ikertzeko, eta hark argitaratutako lehen txostenean ezarri zioten La Venda Sexy izena Macul auzoko zentroari. Diskoteka ere deitzen zioten, ohikoa baitzen musika ahalik eta ozenen jarria izatea agenteek, oihuak ezkutatzeko.

«Mugatua»

Txostenak dioenez, han jardun zuten agenteek erabili ohi zuten «venda sexy» esamoldea, gehien erabiltzen zuten tortura metodoari erreferentzia egiteko eta torturatuak izan bitartean atxilotuek begiak estalita izan ohi zituztelako. Hala dio dokumentuak: «Ohikoa zen bai gizonei bai emakumeei irain sexualak egitea, eta haiek bortxatzea; haien gainean masturbatu, argazkiak atera biluzik... Trebatutako txakur bat ere erabiltzen zuten horretarako». Bortxaketak Dinako agenteek egiten zituzten, eta haien artean bazen bereziki ospetsua egin zen emakume bat: Ingrid Olderock, jatorri alemaniarreko agente bat, nazismoari lotutako ideiak zituena eta torturetarako erabiltzen zuten txakurraz arduratzen zena.

Salaketaren arduradun nagusia Beatriz Bataszew izan da; hura 1974an heldu zen La Venda Sexyra, ikasle zela. MIR Ezkerreko Mugimendu Iraultzaileko militantea zen ordurako, eta sei egun igaro zituen zentroan, atxilotuta. Sei egunak biluzik igaro zituen, lotuta, eta kanpoaldearekin harremanik izan gabe; hainbat galdeketa egin zizkioten, eta haietan torturak eta bortxaketak jasan zituen.

Bataszewk adierazpenak egin ditu epailearekin erabakiari buruz, eta ez da erabat zoriontsu agertu: «Garrantzitsua da, bai, baina mugatua da erabakia; besteak beste, epaiak ez du kontuan hartzen aldagai politikoa guk jasan genuen indarkerian. Horrek esan nahi du torturak egin zituztenak zigortuko dituztela, baina ez estatuaren tresna hori eratu zutenak». Ez hori bakarrik; Bataszewren ustez, aurrerapen bat da orain egia onartzea, baina gehitu du gehiegizkoa dela esatea justizia egin dela, «mende erdi geroago egiten den justizia ez baita justizia».

Lehen salaketa, 2004an

Lehen aldiz 2004an jarri zuen salaketa bat. Ia hamar urteren ostean, ordea, amore eman behar izan zuen; bertan behera geratu zen kasua. 2016an, berriz ekin zion salaketari. Bataszew hasi da emaitzak jasotzen, eta poztasuna ere agertu du: «Epaileak aitortu du estatuak terrorismo mota ezberdina erabili zuela gizonen aurka eta emakumeen aurka, eta hori gaiari ikusgarritasuna emateko mugimendu feministako kideok egin dugun lanaren emaitza da».

Azkenik, gehitu du estatuak La Venda Sexy emakumeei eta mugimendu feministari eman beharko liekeela, egindako minaren zati bat konpontzeko: «Sistema kapitalista eta patriarkal honen aurka emakumeok egin dugun borroka oraindik ere ikusezina da Txileko memoriaren espazioetan». Gaur egun, monumentu historikoa da eraikina, baina mugimenduak salatu duenez inbertsio funts batek erosi berri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.