Kilometroek saririk ez

Berria Txapelketatik kanporatu dituzte Bartzelonako Nafarren Etxea eta Errioxako Barberito. Upo Mendi eta Markinaren aurka galdu dute

Bartzelonako Nafarren Etxea klubeko pilotariak, larunbatean, Hernanin. BERRIA TXAPELKETA.
jon eskudero
2022ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Kilometroak egin beharrak ez du sari handirik izan joan den asteburuan Bartzelonako Nafarren Etxea eta Errioxako Barberito pilota elkarteentzat. Ezta gutxiagorik ere. Kataluniarrek bost orduko bidaia egin zuten joan den larunbatean Zaratamoko Upo Mendiren aurka indarrak neurtzeko, eta, duintasunez aritu arren, XVII. Berria Txapelketatik kanpo geratu ziren. Hiru partidetatik hiru galdu baitzituzten. Eta Errioxako Barberito elkarteak ere burumakur egin zuen etxerako buelta, amore eman baitzuen Markinaren kontra. Bizkaiko bi klubak indartsu agertu ziren, eta final-zortzirenetan dira, ondo merezita.

HERNANI
Upo Mendi(Zaratamo) 3
Nafarren Etxea (Bartzelona) 0


Halako txapelketa batean parte hartze hutsa ohorea da Bartzelonako elkartearentzat, eta joan den larunbatean Hernanin agertu zuen duintasuna goraipatzekoa izan zen. Nahiz eta Zaratamoko Upo Mendiren aurka partidarik irabazi ez, tanto denetan maila ona erakutsi baitzuten kataluniarrek. Kadeteen mailatik hasita, besteak beste, Upo Mendiko Gomez eta Meabe faborito garbiak ziren printzipioz, baina gogor lan egin behar izan zuten Bartzelonako Martinez eta Navarro menderatzeko, 22-14. Harmailetako burrunbagatik-edo, galtzaileak oso urduri hasi ziren, eta, ohartzerako, 10-3 jarri ziren atzetik. Gerora, nabarmen hobetu zuten, izugarri orekatu zen lehia, baina Upo Mendiko pilotariek ez zuten alferrik galdu aldea.

Pentsa zitekeen gazteen artekoa izango zela jaialdiko neurketarik parekatuena, baina ez zen hala izan. Upo Mendiko Iglesias II.ak eta Elorzak 22-10 irabazi zieten Nafarren Etxea taldeko Arribas eta Blancori. Berdinduta hasi zen partida (8-6), baina, hortik aurrera, Iglesias nabarmendu zen. Mota guztietako tantoak egin zituen aurreko koadroetan. Hala, kanporaketa ia erabakita zegoen bizkaitarren alde, eta nagusien artean ere eurek irabazi zuten. Izan ere, Iglesias I.a eta Elorza I.a 22-16 nagusitu ziren Cabrero eta Arrasateren aurka. Hasieran, 11-2 aurreratu ziren garaileak; orduan, kataluniarrak postuz aldatu ziren, eta gutxienez lehia berdindu zuten, nahiz eta ohorezko puntua lortzerik ez izan. Upo Mendik Doneztebeko Erreka izango du aurkari final-zortzirenetan.

HERNANI
Markina(Markina) 2
Barberito(LogroƱo) 1

Markinak gehiago sufritu zuen Errioxako Barberito elkartea gainditzeko joan den igandean, Hernanin. Espainiarrek jende ugari bildu zuten harmailetan, baina haien laguntza ez zuten aski izan pilotariek. Kadeteen mailan, Markinako Egurrolak eta Calvok 22-11 irabazi zieten Errioxako Mito eta Olaveri. Bi atzelariek lan ona egin zuten, baina Egurrolak atera zituen babak eltzetik. Haren lan onak eman zien bizkaitarrei jaialdiko lehen puntua. Kontrakoa gertatu zen gazteen arteko partidan, eta Barberitoko Campok eta Lozak 22-9 gainditu zituzten Markinako Ibarloza II.a eta Alvarez. Loza da maila horretako atzelaririk onenetakoa, eta garbi geratu zen zergatik. Hasi eta buka, erakustaldia eman zuen bi eskuekin: ez da harritzekoa enpresa profesionalek begiz joa izatea.

Horiek hala, nagusien esku zegoen kanporaketa nork irabaziko zuen, eta Markinako Agirreamalloak eta Ibarlozak esperotakoa bete zuten, ez baitzuten huts egin. 22-10 hartu zituzten mendean Barberitoko Garcia eta Petiteri. Errioxarrek bi atzelari kantxaratu zituzten, eta ederki antzeman zen. Kamuts aritu ziren tantoa bukatzeko orduan, eta, aurreko koadroetako lanari esker, euskal herritarrek eroso irabazi zuten. Markinak Lazkaoko LAPKEren aurka jokatuko du final-zortzirenetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.