Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Ikuskizunari gorazarre

Gaur hasiko da Espainiako Vuelta, Malagan jokatuko den banakako erlojupeko lau batekin. Azken ekitaldietako joerari eutsiz, antolatzaileek etapa amaiera zail eta bortitzen alde egin dute

Ikuskizunari gorazarre.
Julen Etxeberria.
2018ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Joan zen Italiako Giroa, joan zen Frantziako Tourra, eta badator orain urteko hirugarren eta azken itzuli handia: Espainiako Vuelta. Gaur hasiko da Malagan (Espainia), eta irailaren 16an bukatuko da, urtero legez, Madrilen.

Erlojuaren aurka espezialista direnek bereganatuko dute arreta osoa gaur, zortzi kilometroko banakako erlojupekoa jokatuko baita Malagan —17:26an irtengo da lehen ziklista, eta 20:21ean azkenekoa—. Baina inor baldin badago hasteko irrikan, eskalatzaileak dira. Eskuak igurzteko moduan daude, ibilbidea ikusita. Izan ere, goian bukatuko dira bederatzi etapa, eta 40 kilometro bakarrik izango dira erlojuaren kontra —32 kilometroko beste erlojupeko bat jokatuko da hamaseigarren etapan—. Antolatzaileek azken ekitaldietako joerari eutsi diote. Hala, etapa amaiera zail eta bortitzen alde egin dute. Bi zatitan banatuko da Vuelta: lehen hamabi etapetatik gehienak etapa ehiztarientzat izango dira egokiak, baina, hortik aurrera, sailkapen nagusiko lehiak hartuko du arreta osoa.

Lasterketa amaieraraino iritsi da erabaki gabe azken ekitaldietan, eta, itxura guztien arabera, aurten ere antzera gertatuko da. Gerta liteke Madrilera iritsi eta egun batera iraultza izatea sailkapenean. Horretarako etapa aproposa da La Gallinan bukatuko dena. Ikusgarria izan liteke, etapa labur —97,3 kilometro— bezain gorabeheratsua baita: 4.000 metroko desnibel metatua izango du. Txirrindulariek sei mendateri egin beharko diete aurre; besteak beste, bitan igoko dute Beixalis, behin Ordino, eta La Gallina mendatean bukatuko da. Beixalis eta Ordino lehen mailakoak dira, eta La Gallina mailaz kanpokoa. Etapa horrek ez du inor epel utziko.

Etapa oso bat Euskal Herrian

Nolanahi ere, ikuskizunaz gozatzeko ez da bukaeraraino itxaron beharko, jokoa eman dezaketen beste hainbat etapa menditsu baitaude. Irailaren 12an jokatuko den 17. etaparen kasua da, Euskal Herriko errepideetan jokatuko den bakarra. Getxoko portuko (Bizkaia) geltokian hasiko da, eta, 157 kilometroren ondotik, Oiz mendian izango du helmuga, Bizkaiko Balkoian. Azken igoera horrek hogei kilometro inguru ditu, eta aurrenekoz bukatuko da bertan Vueltako etapa bat. Gogortasuna amaieran du pilatuta: azken bost kilometroek %10etik gorako pendiza dute, eta %20 inguruko tarteak. Eta azken zati hori asfaltatu gabe dago, gainera.

Tropelak beste bost mendate igo beharko ditu aurretik: Zugaztieta eta Gaztelugatxe hirugarren mailakoak, Bizkaiko Balkoia bigarren mailakoa, eta Lehoitz-Gane eta Gontzegaraine hirugarren mailakoak. Azken zortzi urteetan Vuelta Euskal Herritik pasatuko den zazpigarren aldia izango da.

Berehala piztuko da lehia Vueltan, biharko etapak hirugarren mailako Guadalhorceko gainean izango baitu helmuga. Hortik aurrera, beste zortzi etapa amaituko dira goian. Hogeigarren saioaz gain, nabarmentzekoa da hamabosgarrena, Covadongako aintziretan bukatuko dena. Horrek ere 4.000 metroko desnibel metatua izango du, eta, hori gutxi balitz, goian bukatzen diren beste bi etapen ostean helduko da: La Camperona eta Les Praeres Nava lehen mailako gainetan amaituko dira bi etapa horiek.

Faborito argirik ez dago, eta bai hautagai asko: Richie Porte (BMC), Nairo Quintana (Movistar), Simon eta Adam Yates, Miguel Angel Lopez (Astana), Fabio Aru (UAE), Rigoberto Uran (Education First) eta Thibaut Pinot (FDJ), besteak beste. Ez du parte hartuko Mikel Landak (Movistar), ez baita osatu Donostiako Klasikoan izan zuen erorikoaz. Ez da ariko Geraint Thomas (Sky) ere, nahiz eta lehiatzeko asmoa zuen. Tourra irabazi ondoren, ordea, beste egutegi baten alde egin du. Beste horrenbeste egin du haren taldekide eta iazko irabazle Chris Froomek.

Euskal Herriko txirrindularitzari dagokionez, Euskadi-Murias estreinakoz ariko da itzuli handi batean, eta horrek handitu egin du euskal ziklisten kopurua. Hamazazpi izango dira: Muriaseko Jon Aberasturi, Aritz Bagues, Mikel Bizkarra, Gari Bravo, Mikel Iturria eta Oscar Rodriguez; Astanako Omar Fraile eta Pello Bilbao; Bahraineko Ion eta Gorka Izagirre; Caja Ruraleko Alex Aranburu eta Jonathan Lastra; Skyko Jonathan Castroviejo, Trekeko Markel Irizar; Dimension Datako Igor Anton eta Cofidiseko Loic Chetout.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.