Khaxoggiren hilketa argitzeko epaiketa hasi dute Turkian

Hogei dira auzipetuak, tartean Saudi Arabiako printze oinordekoaren aholkulari izandakoa

Jamal Khaxoggi kazetariaren irudi bat Saudi Arabiak Istanbulen duen kontsuletxearen atarian. TOLGA BOZOGLU / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Atzo hasi zuten, Istanbulen, Jamal Khaxoggi kazetari saudiarabiarraren hilketa argitzea helburu duen epaiketa. Orotara hogei dira auzipetuak, baina haietatik bakar bat ere ez da eseriko akusatuen aulkian, nahiz eta Istanbulgo Fiskaltzak haien aurkako atxilotze aginduak aurkeztu.

2018ko urriaren 2an, Khaxoggi Saudi Arabiaren Istanbulgo (Turkia) kontsuletxean sartu zen, eta ez zen inoiz handik atera. Eraikinean sartu eta hemezortzi egunera, Riadek aitortu zuen kazetaria kontsuletxean hil zela. Orain, fiskaltzak bizi guztiko kartzela zigorrak eskatu ditu auzipetu guztientzat.

Akusatuen artean daude informazio zerbitzuetako zuzendariorde Ahmed al-Asiri eta printze oinordekoaren aholkulari ohi Saud al-Qahtani. Biei egozten diete «aldez aurretik prestatutako homizidio bat bultzatzea, asmo izugarriekin». Khaxoggi torturatu eta hil izana egozten diete beste hemezortzi auzipetuei.

Saudi Arabiaren arabera, kazetaria «eraikinean zeuden pertsona batzuekin borrokatu ostean» hil zen. Saudi Arabiak berak bost lagun hiltzera zigortu zituen hilketarekin zerikusia zutelakoan, baina absolbitu egin zuten Saudi Arabiako printze oinordekoaren aholkularia. Izan ere, fiskaltzaren arabera, ez zegoen «Khaxoggi hiltzeko asmorik, akusatuak eta hildakoak ez zeudelako etsaituta».

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak, aldiz, beste bertsio baten berri eman zuen: kazetaria «modu basatian» hil zutela, eta haren heriotza «aldez aurretik planifikatu» zutela; planifikazio lanetan parte hartua izango zen, beraz, Saudi Arabiako printzea. Hark, baina, hasieratik ukatu du hilketarekin inolako zerikusirik izatea.

NBEren lekukotza

Epaiketan lekuko gisa deklaratuko dutenen artean izango da Agnes Callamard, epaiz kanpoko exekuzioetarako NBEren ordezkari berezia. Khaxoggiren hilketa ikertzeko talde berezi bat izendatu zuen Nazio Batuen Erakundeak, eta talde horretako kide izan zen Callamard.

NBEko ordezkari bereziak iruzurtzat jo zuen Saudi Arabiak egindako ikerketa. Callamardek salatu zuen ez zutela ahaleginik egin «benetako erantzuleak» aurkitzeko: «Ez ziren saiatu auzipetzen,ordea, ziurrenik epairik gabeko exekuzio bat izan zena bultzatu, sustatu eta ezkutatu zutenak, tartean ziurrenik printze oinordekoa bera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.