Bidaia teatrala absurdoaren iturburura

Gaurtik igandera arte euskaraz emango dute 'Ubu, finantzen errege' Bilbon, absurdoaren teatroaren aitzindaritzat jo ohi duten pieza

Zortzi aktorek osatzen dute, guztira, Ubu, finantzen errege antzezlana eskainiko duen aktore taldea. HODEI TORRES.
Inigo Astiz
2020ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
«Kakrazaharra!». Gaizki esandako birao batekin abiatu zuen Alfred Jarry antzerkigileak, 1896. urtean, garai hartako antzerkiaren konbentzio guztiak apurtzen zituen Ubu roi pieza, eta klasiko bat bilakatu da denborarekin. Antzezlana dadaismoaren, surrealismoaren eta absurdoaren teatroaren aitzindaritzat jotzen dute adituek, eta hamaika bertsio, moldaketa eta itzulpen izan ditu geroztik. Bilboko Pabiloi 6 antzerki laborategiko Gazte Konpainiak euskaraz taularatuko du orain, lehenengoz, Parisen jatorrizko lehen «Merdre!» ozen hura entzun zenetik 124 urte bete diren honetan. Raul Quiros Molina antzerkilariak 2017an egindako moldaketa hartu du oinarri Bilboko konpainiak, Ramon Bareak zuzendu du lana, eta, aurreko asteetan gazteleraz eskaini ostean, Idoia Barrondok euskaratuta eskainiko dute orain, Ubu, finantzen errege izenburupean, Pabiloi 6 aretoan, gaur hasi eta igandera bitarte.

Lehen irainetik hasita obra «zoramena» dela dio Barrondok. Sakonean, antzezlana kapitalismo basatiari buruzko satira bat da, eta muturrera eramandako pertsonaiak baliatzen ditu hori taularatzeko. Ubu izeneko pertsonaiak finantza munduaren jaun eta jabe bilakatu nahi du, eta edozein azpijokotarako prest dago hori lortzeko: Ama Ubu pertsonaiak xaxaturik, Munduko Bankuko zuzendaria eta haren familia hiltzea du plana. «Tontolapiko baten bidez kontatzen du antzezlanak benetan zer gertatzen den ekonomian», azaldu du itzultzaileak.

Absurdoaren antzerkiaren erreferentzia bat da, eta munduan hedatua da jadanik; horren berri ematen duen datu bat aipatu du Barrondok. «Pabiloi 6 aretoan lanaren gaztelerazko bertsioa eskaintzen hasi ginen une berean badakigu beste Ubu bat egin zutela Korean». Euskarazko bertsioa sortzea «opari bat» izan dela dio. Ez, ordea, zailtasunik gabea. Izan ere, errimatuta eta neurtuta dago testua, eta abesti batzuk ere baditu tarteka. Guztiak moldatu behar izan ditu Barrondok. Horregatik, testuaren esanahiari eutsi eta hitz joko berriak sortzea izan du erronka.

Pabiloi 6 antzerki laborategiak 2015ean jarri zuen martxan Gazte Konpainia. Euskal Herriko bateko eta besteko antzerki eskoletan ikasketak amaitu dituzten ikasleei lehen esperientzia profesionala ematea da asmoa, eta antzezlan bat taularatuz borobiltzen dute programa. Lorca, Dalí, Buñuel Aborigenak estreinatu zuten, adibidez, 2017an, eta Zer gertatu ote zitzaion Ana Garciari? taularatu zuten iaz. Aurreko aldietan bezala, oraingoan ere casting bidez hautatu dituzte Ubu, finantzen errege antzezlanean parte hartu duen lantaldeko kideak, eta guztira zortzi aktore egongo dira oholtzan: Kepa Alonso, Alazne Astorga, Aitor Etxarte, Alex Gibaja, Diana Irazabal, Sandra Martin Gomez, Arnatz Puertas eta Leire Ormazabal.

Ubu pertsonaiarena egiten du Ormazabalek, adibidez, eta antzezlana «bidaia zoragarri bat» izaten ari dela dio. Barakaldon (Bizkaia) egin zituen ikasketak lehenik, Bizkaiko Antzerki Ikastegian, eta Madrilen egin zituen antzerki musikaletan espezializatzeko ikasketak gero. Kasu honetan, bereziki fisikoa da antzezpena, aktorearen hitzetan. Pertsonaiek badituzte bufoien ezaugarriak, behartuta egiten dituzte mugimendu batzuk, eta ahotsak ere ez dira erabat naturalak. «Dantza egiten dugu, salto, korrika, akrobaziak ere badaude, eta reggaeton eta rap abestiak ere badaude».

Finantza ikastaroak

Entseguak «jolas modura» bizi izan dituztela dio Ormazabalek, eta taldeko giroa «oso ona» izaten ari dela. Gogor egin behar izan dute lan, halere. «Hiru hilabete egon gara prestakuntzekin, eta, gaztelerazko estreinaldiaren ondoren, hilabetez, asteburuetan gaztelerazko bertsioa eman, eta bitartean astean euskarazko bertsioa prestatzen aritu gara». Azkar joan zaie denbora horregatik, eta, dioenez, pena dute egun gehiago eskaintzerik izan ez dutelako. Baina Ormazabal pozik dago emaitzarekin. «Barre egiteko primerako pieza da. Gaur egungo ekonomiaren aurkako satira bat da, eta kontatzen du nazioarteko konpainiek nola egiten duten nahi dutena gure diruarekin; dena absurdotik emanda».

Izan ere, antzezlana ez da absurdo hutsa. Finantza sistemaren aurkako kritika bat da funtsean Ubu, finantzen errege, eta hori ere kontuan hartu dute pieza prestatzean. Aktoreak taularatzen ari zirenaren jakinaren gainean egon zitezen, adibidez, finantza erakundeen funtzionamenduari buruzko hitzaldiak ere eskaini dizkiote lantaldeari Mugarik Gabeko Ekonomialariak elkarteko kideek. Eta luzea izan zen jorratutako gaien zerrenda: interesak, zergak, Bildelberg taldea...

Oraingoz, aste honetako emanaldiak baino ez ditu egingo konpainiak, baina emanaldi gehiago lortzea da asmoa, eta saio batzuk ere badituzte hitzartuta Bilboko Arriaga antzokian, bi urte barrurako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.