Albistea entzun

'Bañolet' filma estreinatu dute

Maia Iribarnek eta Paxkal Irigoienek zuzendu lana Donibane Garaziko zinema gelan aurkeztu dute, eta ikusgai izango da gaur ere. Musika ere haiek idatzi dute, eta muntaketan gidoia trinkotzera jo dute, erritmoa ematea xedetzat harturik
Maia Iribarnek eta Paxkal Irigoienek zuzendutako <em>Bañolet</em> filma.
Maia Iribarnek eta Paxkal Irigoienek zuzendutako Bañolet filma. BAÑOLET Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Etxeleku - Iparraldeko Hitza

2023ko martxoak 18 - Irisarri

Maia Iribarnek eta Paxkal Irigoienek zuzendu Bañolet fikziozko filma aurkeztu zuten atzo, Donibane Garaziko zinema gelan. Gaur ere jarriko dute ikusgai. 2020an Durangoko Azokak banatzen duen beka saria ukan zuen lana bukatu berri dute garaztarrek. Filmaren aurkezpen batzuetan, zenbait kantu emanen dituzte bi egileek. 2021ean, filmerako bereziki sortu kantuekin Bloñ diskoa atera zuten.

Bañolet Frantziako menekotasunetik askatu den herria da, zeinetan nerabe gazteak heldutasunera iragateko erritu bat egiten baita. Umoretik badu izen bereko filmak, baina dramatikotik ere bai. Hastapeneko ideietatik bide egin duela esplikatu du Paxkal Irigoienek, bi zuzendarietarik batek: «Bagenekien berriz hunkiko genuela gibeletik. Eta, gero, denbora hartuta, ohartu gara paperetik filmera ez dutela gauza guziek funtzionatzen; beraz, batzuk kendu egin ditugu».

Herri zapalduek elkarturik sortu gizarte berri eleaniztunak eta lehen gidoiko ideia batzuek beste bide bat hartu dute: «Zentratu gara gehiago haurtzarotik heldutasunerat doan bide horretan». Grabaketa ondoko muntaketa saioek ere beste idazketa batera eraman dituela erran du Irigoienek. «Funtzionatzen zuten eszenak aitzinean jarri ditugu; filmari erritmoa emateko ere bai».

Hondarrean, oren baten petiko konposizioa da. «50 minutuko film aski motza da. Entseatu gara kondentsatzera, gauza arinagoa ateratzera».

Grabaketa saioak

«Grabaketa intentsoa izan da», aitortu du Irigoienek. «Hogei bat egun pasatu ditugu, kasik pausarik gabe, giro biziki eder eta sanoan. Izan aktoreak, izan teknikariak, izan sukaldariak, denak kontent ginen elkarrekin bildurik gure leku horretan. Bazen halako poz amankomun bat».

Eiheralarreko herriak barne eta baliabide franko utzi zizkien grabaketarako, eta Bañolet-eko taldea biziki esker onekoa da Erramun Minondo auzapez zenaren aldera. «Gure esku utzi zizkigun eskola, jantegia, eta dena tresna». Gainera, pandemia denboran zen, osasun ziurtagiria denetan erakutsi behar zelarik. Irigoienek dio filmekoak beren ingurugiroan murgildurik bizi zirela: «Mundua beste gauza batean zen, eta gu hortik kanpo bezala sentitzen ginen; lanpetuak ginen».

Joko zuzendaritzan naturalki aritu direla esplikatu du. «Uste dut bagenekiela zer xerkatzen genuen. Zuzentzea ez da egun guziz egiten dugun lan bat; beraz, entseatzen ginen, manera batez; eta ez bazen martxan, beste batez». Jakinik haurrak edota gazteak bazirela arizaleetan. «Jostatu gara usu, eta aski fite sartu dira unibertso horretan», dio arizale gazteez, sortu zuten unibertsoan errotik sartuak zirela: «Haiek Bañoleten ziren».

Argi naturala lortzen saiatu dira grabatzekoan, Irigoienek adierazi duenez. «Entseatu gara eginahala argi naturalarekin ibiltzera. Eszena anitz kanpoan dira; beraz, kanpoko argiarekin egin ditugu». Barneko agerraldientzat, Ninon Lacroix filmegilea etorri zitzaien laguntzera. Maia Irabarneren ikaskidea izan da Lacroix.

Beñat Iturrioz film zuzendari hernaniarrak ere anitz lagundu dituela erran du Irigoienek: «Problema bat bazelarik, izan argian, izan jokoan, izan antolakuntzan, Beñaten esperientzia zabala beti hartu dugu. Beti bazuen arrapostu bat». Grabaketako oroitzapen adierazgarria kontatu du: gau batez egin beharreko irudi hartzea ezeztatu behar izan zuten euriagatik. «Biharamun arrastirian hasi ginen grabatzen, halako gau amerikar bat eginez, eta hori Beñatek baitzekien egiten».

Allande Etxeberrik kudeatu du soinua. Donostiako Irusoin etxeko Santi Salvadorren laguntza ukan dute horretan. «Biziki aditua da filmetako soinu nahasketan eta soinu gehitzen». Salvadorrekin franko ikasi dutela dio Irigoienek: «Eszena huts batzuetatik nola gehitzen diren soinuak».

Muntaketa

Muntaketaren aldia hasi zuten Iribarnek eta Irigoienek: «Zati handi bat Maiak eta biok egin dugu. Baina momentu batez gure saltsan ginen sobera, eta kanpoko begiradak galdegin ditugu, objektibotasun handiagoa izateko».

Muntaketan filma aldatu da, ohi den bezala. «Bertsio anitz egin ditugu», erran du Irigoienek. Formatua trinkotzerat ere ekarri ditu: «Hastapenean, serie bat ikusten genuen, eta film batekin bukatu dugu». Bidea luzea izan bada ere, azkenean emaitzarekin kontent atera dira egileak.

Musikari dagokionez, filma bera bukatu baino lehen filmerako sortu musikekin Bloñ diskoa plazaratu zuten. «Filmak berak musika anitz badu barnean: kantu, batukada, joko kantu. Hatsarretik, nahi genuen eduki bisual bat sortu musika batekin».

Iribarne eta Irigoien elkarrekin ibiliko dira filma aurkezteko gaualdietan, ikus-entzuleekin mintzatzeko eta, noiztenka, kantu batzuk egiteko.

'BAÑOLET'-EN EMANALDIAK
Gaur, 20:30. Donibane Garazin. Frantsesezko azpitituluekin.
Martxoak 21. Donostian.
Martxoak 28. Hendaian (Lapurdi).
Apirilak 2. Iruñean.
Apirilak 3. Zuian (Araba).
Apirilak 6. Donapaleun (Nafarroa Beherea).
Apirilak 27. Baiona Atalanten.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jazzmeia Horn musikaria. ©GETXO JAZZ

Al di Meola, Jazzmeia Horn eta Marc Ribot ariko dira Getxo Jazz jaialdian

Olatz Enzunza Mallona

Ekainaren 28tik uztailaren 2ra egingo dute jaialdiaren 46. aldia.

Zinema areto bateko besaulkiak. / ©Endika Portillo, Foku
 ©BERRIA

Letren udaberritzea

Itziar Ugarte Irizar

Mari Luz Estebanen poemak, Garazi Arrularen ipuinak, Oihane Amantegiren nobela eta Hannah Arendeten lan ikonikoa daude nobedadeen artean

Katixa Agirre idazlea, Bilbon ©Aritz Loiola / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...