KRITIKA. Donostiako 79. Musika Hamabostaldia

Italiarraren bila

Arantza Ezenarro abeslaria, Elviraren rolean. JUAN HERRERO / EFE.
Arkaitz Mendoza.
2018ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun

'Italiarra Aljerren' opera

Zuzendariak: Paolo Arrivabeni (musika) eta Joan Anton Rechi (eszena). Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abuztuak 11.

Zorrotza izan naiz urteotan Musika Hamabostaldiko operarekin, nahiz eta aurrekontuan motz aritu eta eskuetan zutenari etekinik oparoena ateratzen saiatu. Halere, aurten, Musika Hamabostaldiak opera berreskuratu du, abeslarien maila, oro har, gorantz abiatu da, eta, batez ere, opera batean parte hartzen duten mila lehengaien bataz besteko kalitatea oso interesgarria izan da; zorionak! Joan Anton Rechik Kursaaleko agertokiaren baliabide guztiei etekin zoragarria atera zien, eszena asko zabalduz eta sakoneran jauregiaren handitasuna islatuz. Komiko, bitxi, xelebre eta irribarretsu sentitu zen Giacomo Rossiniren opera; mutil gazte batzuek andre itxurarekin sekulako etengabeko mugimendua sorrarazi zuten, zorabiatze eroak tartean. Aria nagusi baten unean trafiko handia baldin badago agertokian, ikuslearen arreta desorienta daiteke, baina Rossinigan ohiko senti genitzake astintzeak.

Orkestrari eta musika zuzendariari, lehendabizikoz, ez diot inongo trabarik ipiniko. Erabat ahaztu ginen euretaz, eta hori seinale oso ona da. Paolo Arrivabeni, esperientzia handiko maisua opera kontuetan, erne aritu zen erritmo aldaketetan, eta, nahiz eta ahots txikiko abeslariak bolumenean gailendu, saihetsezina izan zen askotan gertatzen den desoreka hori. Abeslarietan, baina, entitu dugu desoreka. Protagonista italiarra ez dakit non zebilen, Marianna Pizzolato mezzosopranoaren ahotsa hain leun eta xume jasotzeak harritu egin ninduen. Bere arietan ahalegin apur bat egin zuen, besteetan ezer gutxi —boskotea ez zuen kantatu!—, baina goazen iluntasunetik ateratzera: Santiago Ballerini tenorra, izugarri! Hamabost urte daramatzat Kursaalekoauditoriumeko kontzertuak entzuten, eta sekula ez dut «bravo» bat oihukatu. Joan den larunbatean, bada, nire lehen deiadarra jaurti nuen Languir per una bella aria zoragarria entzutean. Argentinarraren ahotsa hirian behar dugun operaren irudi da. Eskerrik asko, Ballerini!

Etxeko Arantza Ezenarrok Elvira dibertigarri bat erakutsi zigun; Nahuel di Pierro baxuaren Mustafaren rola tenorraren mailan txalogarri; Joan Martin Royoren Taddeo emanaldiko ahotsik emankor eta biribilena izan zen, bai musikan bai eszena kontuetan, adierazgarritasun apartarekin. Easo abesbatza, berandu erritmoan eta solte eszenan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.