Marra begirada bihurtzen

'Pablo Tillac 1914-1945, gerla batetik bestera' erakusketa ikusgai jarri dute Baionako Euskal Museoan maiatz arte. Artistaren 300 marrazki bildu dituzte, I. eta II. Mundu Gerlaz eginikoak; Espainiako gerlaz ere bai, tartean
Erakusketa irudikatzeko erabiltzen duten afixan, 1918an marraztutako aljeriar tiratzailea da ageri.
Erakusketa irudikatzeko erabiltzen duten afixan, 1918an marraztutako aljeriar tiratzailea da ageri. BOB EDME

Nora Arbelbide Lete -

2019ko urtarrilak 2
«Anti-Ramiro Arrue». Horrela deskribatzen du Pablo Tillac (1880, Angulema, Okzitania — 1969, Kanbo, Lapurdi), irriz karkailaka, Olivier Ribeton Euskal Museoko kontserbatzaileburuak. Ribetonek antolatu azken erakusketa Ramiro Arrueren obrekin izan zen, 2017an. Miarritzeko Bellevue aretoan izan zen orduan, eta uda betean. Arrue «marka» bihurtua, «mundukeriarentzat». Tillacentzat, berriz, negu betea eta Baionako Euskal Museoa. Funtsean, Tillac berak ez zituen gustuko «mundukeriak». Ez zuen nehoiz egin nahi izan «etxeetako obra apaingarririk». Erakusketa guti antolatzen zituen bizi zela ere. Hori bai, marrazkia zuen ogibidea, eta kanboar anitzek erosten zizkioten marrazkiak, bizitzeko doia ukan zezan.

Baina horrek ez du erakusketaren garrantzia txikiagoa egiten. Hasteko, udaberria ere bere ukanen du Tillacek. 1914-1945, gerla batetik bestera erakusketa zabalik atxikiko baitute maiatzaren 26a arte. Eta Ribetonek berak, erdi ahapeka, aitortzen du: «Ia ez naiz ausartzen erratera, baina kasik erran daiteke Arrue baino gorago dela. Arruek baino indar gehiago du». Eta hala agertzen da erakusketan, 300 marrazki lagun.

Preseski, ez dela hain ezaguna Tillac, haren obra hobeki ezagutzeko aukera ematen du. Jakinez, gainera, erakusketa honetan usaian ikusten ez den Tillacen obraren hautua egin duela Ribetonek: «Beti aipatzen da Tillac euskalduna. Baina Euskal Herrira iritsi baino lehen ere beste bizi bat izan zuen. Biziki abenturazalea izan zen». Lau bat urte pasatu zituen Ameriketako Estatu Batuetan, joan-jin andana batekin. Kuban beste hiru urte.

Gaztaro horrekin hasten da erakusketa. Kubako dantzariak ageri dira hor, «Toulouse-Lautrec artistaren marrazkien kalitateen heinekoak».

Erakusketaren muina gerla giroetan datza. Lehena, bigarrena eta Espainiakoa tartean. Lehen Mundu Gerlari dagokionez, Tillac erreformatu zuten osagarri arazoengatik, eta ez zuten frontera bidali, baina lanean jarri zuten gibelean. Ingelesa bazekiela, armadak interprete lanetan jarri zuen 1917an, Bordelera iritsi berri ziren AEBetako soldaduekin. Eta hura soldaduen marrazteko baliatu zen. Lehen aldiz jendaurrean erakusten dituzten potretak dira, Reimseko Arte Ederren Museoak prestatuak. Magrebtar tiratzaileak ere marraztu zituen orduan. Hauek ere zintzilikatu dituzte. Aljeriako tiratzaile baten potreta dute erabili erakusketaren afixarako. Marrazki hauen testuingurua ez da ezagutua, haatik. Artxiborik ez dute aurkitu.

Euskal Herriak badu bere lekua, halere, erakusketan. Ezin baita aipatu gabe utzi. 1921ean, 41 urte zituela, behin betiko hasi baitzen Euskal Herrian bizitzen, Kanbon. Anaia hor bizi zuen, eta osagarri arazoak sendatzeko ere gomendatu zioten herria. Badira, adibidez, Zugarramurdiko sorginez egin liburuak ilustratzeko marrazkiak. Pierre de Lancreren fantasmak irudikatzen baitituzte. Beste ezaugarri bat ere agertzen da horko marrazkietan. Beti euskaraz idazten duela: «Tillacek egina».

Ondotik, Espaniako gerla garaira eramaten du erakusketak. «Berezia da. Anarkistak eta komunistak salatzen ditu». Hor dago margotua, adibidez, legionario frankista hiltzen ari, Robert Capa anarkistaren argazki ezagunaren postura berean. Hor dago ere burges katolikoa gerlari ihesi, gibelean elizak erretzen ari direla. «Haren anaia Gasteizko artzapezpiku Mateo Mujikaren ilobarekin ezkondu zen. Anarkisten eta komunisten desbideratzeek beldurra sortu zuten hasieran, eta horrek ukan zuen bere pisua familian. Aldi berean, Mujika frankistek kanporatu zuten, eta Kanbon erbesteratu zen. Garai konplikatuak dira. Euskal nazionalistak defendatzeko mugimendu bat ere sortu zuten, eta Tillac barne zen». Frankismoaren aurkako obrarik ez du erakusketak. Ribetonek dio ez dakiela ea existitzen diren: «Jadanik ditugun horiek eskuratzea biziki zaila izan da».

Erakusketak dakarren azken gerla II. Mundu Gerla da. Gerla garaian, Kanbon eta inguruetan ikusten zituen soldadu alemanak desfilatzen marraztu zituen bereziki. Gerla bukatu eta, berriz, hor, jakin zituen «izugarrikeria guztiak zituen irudikatu. Torturak, urkatzeak, kanpamentuetako gehiegikeriak. Alemanak Hunoekin konparatzen ditu». Eta hor ere Ribetonentzat ikusten da: «Tillac indartsua, puxanta».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna