Hiru korapilo umorez soilik askatzeko

'Koxkak' antzezlana aurkeztuko du Pez Limbo taldeak Gasteizko Principal antzokian, gaur. Hiru antzezlan laburrek osatzen dute obra
<em>Oilo ama</em> antzerki laburraren entseguko une bat.
Oilo ama antzerki laburraren entseguko une bat. PEZ LIMBO KOLEKTIBOA

Aitor Biain -

2019ko maiatzak 15
Hiru istorio desberdin, ezohiko hiru egoera, eta hiru korapilo. Horra Pez Limbo taldeak taularatuko duen Koxkak lanaren oinarria. Hiru antzezlan laburrek osatzen dute obra, eta umorea dute guztiek ezaugarri nagusitzat. Ez dira antzezlan berriak, nolanahi ere; lehendik ere taularatu izan dituzte, baina gazteleraz. Izandako arrakastaren ondotik, ordea, euskaraz antzeztearen «erronkari» heldu nahi izan diote orain. Gaur egingo dute obra berriaren estreinaldia, Gasteizko Principal antzokian.

Tripaki salda, Oilo ama eta Boxers dira obra osatzen duten hiru antzezlanak. 2011n, 2013an eta 2014an, hurrenez hurren, ondutako lanak dira, eta, orotara, 800 emanalditik gora egin dituzte horiekin. «Bereziak» dira taldearentzat, Raul Caminok azaldu duenez: «Taldearen benetako haziak dira; haiekin ekin genion. Aukera ezin hobea da guretzat orain euskaraz taularatu ahal izatea». Sortu zituzten garaiko egoera sozioekonomikoaren eragina dute hirurek: krisi ekonomikoa, sufrimendua, beldurrak, kezkak... askotariko gaiak jorratzen dituzte, umorearen ertz guztiak erabiliz betiere: «Gizarteari begiratu izan diogu lanak sortzerakoan, beraz, une horretan pil-pilean dauden gaiak jorratzen ditugu, muturrera eramanda askotan».

Antzokiaren leku banatan antzeztuko dute pieza bakoitza, taula nagusitik kanpo. «Antzerkiaren markotik» atera nahi dute horrela, eta ikuslearen gertutasuna bilatu. «Beste obra batzuekin ere formula bera erabili izan dugu, eta oso egokia dela iruditzen zaigu», adierazi du Eduardo Hernando taldeko kideak. Gertutasuna bilatzen dute, hori izango baita «puzzlea» osatzeko gakoa, antzezleek azaldu dutenez.

Ikusleak bi taldetan banatuko dituzte: talde batek pieza bat ikusiko du aurrena, eta bestea ondoren, eta gauza bera egingo du beste taldeak ere. Elkarrekin ikusiko dute hirugarrena, azkenik. Hala, emanaldi guztiek mugatua izango dute ikusle kopurua: 80 ikusle hartuko dituzte gehienez ere saio bakoitzean. Bi emanaldi izango dira gaur: 20:00etan bata, eta 21:30ean bestea.

Euskararen erronkak

Pez Limbo taldeak Oxido antzezlana taularatu zuen iaz. Taldeak bakarka ondutako lehen euskarazko obra izan zen hura. Orduko esperientzia baliatu du orain bigarrengo pauso bat emateko. Josune Velez de Mendizabal arduratu da lanak euskaratzeaz, hain zuzen. Haren irudikoz, oinarrian obra bera izan arren, hizkuntza ezberdinetan antzeztea ez da gauza bera: «Oso desberdina da. Publikoa, sentsazioak... dena aldatzen da; beste joko bat da». Hitz joko asko erabili ohi ditu taldeak ikuskizunetan; beraz, itzulpena bera erronka berezia izan da, obrak indarra gal ez dezan.

Beste erronka, berriz, taldekideena eurena izan da. Izan ere, euskaldun berriak dira batzuk. Camino bera, esaterako. Hamar urte dira Valladolidetik (Espainia) Gasteizera lekualdatu eta euskara ikasten hasi zela: «Jakin badakit emanaldi osoan amildegi ertzean egongo banintz bezala sentituko naizela, baina gustagarri zait sentipen hori».