Kode bitarrean idazten diren artelanak

Teknologia digitala darabilten hogei artistaren lanak bildu ditu Bilboko Azkuna zentroak, 'Open Codes. We are data' erakusketan

Bi pertsona Bilboko Azkuna zentroan, Open Codes. We are data erakusketako pieza bat ikusten. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2019ko urriaren 24a
00:00
Entzun
«Mundu digitalaren ateak zabaltzen ditugu». Peter Weibel Alemaniako ZKM Center for Art and Media zentroko zuzendariak esaldi horrekin laburbildu du Bilboko Azkuna zentroan zabaldu berri duten Open Codes. We are data erakusketaren helburua. Berak jarri zuen abian orain Bilbon ireki duten erakusketaren ideia, baina, gaixotasun baten ondorioz, bideo bidez proiektatu behar izan dute haren aurkezpen hitzaldia aretoan. Weibelek azaldu duenez, anekdota hori ez da kasualitate hutsa; hain zuzen, mundu analogikotik mundu digitalerako transformazio betean deskribatu baitu gizartea. «Gure bizitza janzteko kode bati lotuta doa; gure gorputzak kode anatomiko bat, kode genetiko bat betetzen du, eta kultura eta hizkuntza kodeak ere baditugu. Hortaz, gure zibilizazioa kodeen batura eta multzo bat da. Baina, gaur egun, kodeen unibertso berri batean barneratzen ari gara». Eta horregatik defendatu du mundu digitalari buruz gogoeta egiteko beharra. Haren ustez, akatsa bailitzateke mundu digitalaren gidaritza «soilik» enpresei uztea. Eta arteak egin dezakeen ekarpenaren lagin bat da erakusketa. Hogei artistaren hamasei lan biltzen ditu guztira. Denak daude artearen eta teknologia digitalaren bidegurutzean. Artea, beraz, letraz letra, baina kode bitarrean idatzia: 01100001 01110010 01110100 01100101 01100001.

Lau ispiluko pieza batek ilustratzen du mundu analogikotik mundu digitalerako jauzi hori, erakusketa aretoko atarian bertan. Bisitariak, lehenik, ispilu analogiko batean ikusiko du bere burua, eta, hurrengo ispiluen aurrean jarri ahala, digitalizatuz joango da irudi hori. Bigarrenak silueta digital bilakatuko du ikuslearen gorputza; hirugarrenak adimen artifizialaren bidez kalkulatuko dizkio adina, generoa eta altuera; eta laugarrenak kode genetikoaren simulazio digital moduko bat eskainiko dio. Bernd Lintermann eta Peter Weibel dira artelanaren sortzaileak, eta egungo mundu ikuskeraren bilakaeraren erakusgarri da pieza, Blanca Gimenez erakusketako komisarioaren hitzetan. «Urrats bat bakarrik dago lehen ispilutik hurrengoetara, baina oso urrats garrantzitsua da».

Bi munduen arteko puntu horretan dabiltza erakusketako gainontzeko pieza guztiak ere, eta gehienek bilatzen dute bisitariaren parte hartzea. Eskultura itxurako pieza bat eskuetan hartzera gonbidatzen ditu ikusleak, adibidez, Alphabet Space artelanak, Adam Slowik, Christian Lolkes eta Peter Weibel artistek sortutakoak. Piezak, lehen begiratuan, tutu beltz batekin osatutako eskultura bat dirudi, baina alfabeto latinoko 26 hizki erreproduzitzeko balio duen hiru dimentsioko tresna bat da berez. «Idazteko makina baten pareko zerbait», Slowikek azaldu duenez. Bisitariak eskuetan har dezake objektua, biratu dezake, mugitu, eta, denbora eskainiz gero, alfabeto osoa erreproduzitzeko gai izango da, eskulturaren bi dimentsioko irudikapena erakusten duen pantailaren laguntzaz.

Baina erakusketan bada jolasaz haragoko gogoetarik ere. Esate baterako, bitcoin izeneko moneta digitalak sortzen dituzten makinak erakusten ditu Ubermorgen kolektiboaren Chinese Coin (Red Blood) instalazioak, eta Emma Charles artistaren White Mountain bideoak Stockholmeko Pion lurpeko bunker antinuklearrean dagoen datu digitalak biltzeko zentroaren irudiak erakusten ditu. Eta beste hainbat lan ere badira bideozaintzaren itzalguneetan edo adimen artifizialaren erabilera polizialean arreta jartzen dutenak.

Fikzioaren 156. urtea

Usue Arrieta eta Vicente Vazquez artistek sortutako erloju digitalak fikzioaren zer urtetan bizi garen markatzen du. Zinema asmatu zenetik hona gizateriak sortutako fikzio zinematografiko orduak kontabilizatzen dituen programa bat diseinatu du bikoteak, eta erloju itxuran erakusten ditu orain arte sortutako fikziozko ordu guztiak. «Norbaitek orain arte munduan sortu diren pelikula guztiak ikusteko beharko lukeen denbora kalkulatzen du piezak», azaldu du Arrietak. Interneteko IMDB plataformak biltzen dituen datuak egiaztatzen ditu orduero programak, eta ordulariak etengabe eguneratzen du datua Azkuna zentroko aretoan. Denbora errealean.

«Azkar doaz minutuak», esan du irribarrez Arrietak. 2010ean konektatu zuten lehenengoz programa Bilbo Arte aretoan, eta 62 fikzio urte erakusten zituen erlojuak orduan. Bederatzi urteren ostean, nabarmen egin du gora zenbakiak orain. Erlojuaren arabera, zinema sortu osteko 158. urteko urriaren 13a baita, eta eguerdia pasatu da jadanik. 13:39, 13:40, 13:41, eta etengabe aurrera.

Erakusketaren zazpigarren geldialdia izango da Bilbokoa. Alemaniako Karlsruhe hirian egin zuten lehena, han baitago ZKM Center for Art and Media zentroa, eta haiek izan baitira erakusketaren bultzatzaile nagusiak. Lekuz leku transformatuz joan da artelan bilduma, halere, eta gune bizia izango da erakusketa hemendik aurrera ere. Hitzaldiak ere antolatuko dituzte aretoan, elkarrizketak, topaketak eta zinema zikloak. Eta motibo horregatik topatuko du bisitariak aretoa aulki, sofa eta lanerako mahaiz beteta.

Erakusketaren zabalpen asmoa nabarmendu du Fernando Perez Azkuna zentroko zuzendariak. «Ez da ohiko erakusketa bat: aretotik irten egiten da». Ez da erretorika hutsa: eraikin osora eraman dituzte artelanak, eta Mediatekan, atrioan eta ariketa fisikoen gelan ere hainbat pieza jarri dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.