Lehiaketa formatuarekin egingo da aurten ere Animadeba jaialdia

Hamarna film lehiatuko dira Sail Ofizialean eta Zuzendari Berrienean. Irailaren 8tik 11ra izango da

Animadebako Sail Ofizialean lehiatuko den Ehiza film laburraren fotograma bat. BERRIA.
aitor biain
2021eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
2008an hasi zuen bidea Animadebak, Debako (Gipuzkoa) animaziozko film laburren jaialdiak. Formatu txikiko zinemaldia zen ordu hartan, baina urrats bat aurrera egin eta nazioarteko lehiaketa bihurtu zen 2019an. Bada, aurten ere formatu horri eutsiko diote. Irailaren 8tik 11ra izango da jaialdiaren 14. aldia —13.a beharko zukeen iazkoak, baina ez zuten egin pandemiagatik, eta zenbakia saltatzea erabaki dute—, eta denera 40 film baino gehiago ikusteko aukera izango da.

Zortzi herrialdetako hamar film lehiatuko dira Sail Ofizialean. Irailaren 10ean eta 11n izango dira ikusgai laburrak, bi taldetan banatuta. Haien artean daude, esaterako, Homeless Home eta Ehiza; euskal ekoizpenak dira biak ala biak. Alberto Vazquez galiziarrak zuzendu du aurrenekoa, eta Hauazkena taldearena da bigarrena. Bego Vicariok koordinatzen du EHUko irakasleek, ikasleek eta ikasle ohiek osatutako kolektiboa. Hiru sari banatuko dira Sail Ofizialaren kategorian: film labur onenaren saria, gidoirik onenarena eta publikoarena.

Zuzendari Berriak EHU sailean ere beste hamar labur lehiatuko dira, baina lanik onenak bakarrik jasoko du saria. Sail horretan, hamar herrialdetako ekoizpenak dira: Norvegia, Txina-Japonia, Italia, Alemania, Frantzia, Hungaria, Danimarka, Espainia eta Suitza. Lehenengo egunean erakutsiko dituzte lanok.

Lehiatik kanpo izango dira Panorama saileko filmak; jaialdiaren antolatzaileei nahiz aukeraketa taldeari interesgarriak iruditu zaizkien lanak dira, eta aurrez beste zinemaldi batzuetan saritu dituztenak. Mundu osoko ekoizpenak dira, hamabost guztira, eta haien artean ikusgai izango da, esate baterako, Izibene Oñederraren Lursaguak. Escenas de vida filma. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen lana, 2019an.

Ekoizpen bidean diren baina amaitu gabe dauden edo estreinatu ez diren filmak ere erakutsiko dituzte Work in Progress sailean; film laburrak, telesailak edo bideoklipak dira. BERRIAk babestuta, sari bat emango dute aurten. Miren Aperribaik, Miren Berasategik eta Aitor Arenasek osatuko dute epaimahaia.

Film luzeak ere izango dira ikusgai; gainera, estreinaldiak izango dira horietako bi: Calamity, la infancia de Martha Jane Cannary eta D'Ortagnan eta hiru Mosketxakurrak; euskaraz izango da azken hori.

Musika eta tailerrak

Carolina Lopezek, Pedro Riverok eta Marie Paccouk osatuko dute Sail Ofizialeko epaimahaia. Azken hori, gainera, aurtengo gonbidatu berezia izango da, eta atzera begirakoa eskainiko dio jaialdiak. Kataluniako Animac animazio zinemaldia ere gonbidatuen artean izango da aurten. 25 urte beteko ditu jaialdiak, eta, hori ospatzeko, jaialdiaren ibilbideko animaziorik onenak errepasatuko dituzte.

Pelikulak ikusteko aukera ez ezik, bestelako ekitaldietan parte hartzekoa ere emango du Animadebak aurten ere: animazio tailerrak, kontzertuak eta emanaldi bereziak antolatu baitituzte jaialdiaren bueltan. Zinemaldiaren atarian eros daitezke emanaldietarako, sariak emateko ekitaldirako eta tailerretarako sarrerak. Bertaratzerik ez duenak Filmin plataformaren bidez jarraitu ahalko du jaialdia, zinemaldiak irauten duen egunetan eta irailaren 22ra arte.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara:

www.animadeba.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.