KRITIKA. Musika

Peluxezko laukoteak

2022ko urriaren 19a
00:00
Entzun

Ensemble Siciliano

Musikariak: Julia Siciliano (pianoa), Liana Gourdjia (biolina), Rumen Cvetkov (biola), Adolfo Gutierrez Arenas (biolontxeloa). Egitaraua: Wolfgang Amadeus Mozarten 2. laukotea pianoarekin K. 493 eta Johannes Brahmsen 2. pianorako laukotea op. 26. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia.Eguna: Urriak 16.

Beste eragileekin gertatzen ez den bezala, Donostia Musikak antolatzen dituen denboraldiak urtarrilean hasten dira eta, hortaz, Mozart-Brahms zikloaren barruko hamargarren kontzertua izan zen igandean Viktoria Eugenia antzokian, Julia Siciliano piano joleak gidatzen duen taldearen eskutik.

Wolfgang Amadeus Mozarten 2. laukotea pianoarekin K. 493 eskaini zuten lehenik. Salzburgokoak eskarmentu handia zuen enkargu bidezko obrak konposatzeko; horietako bat da laukote hau, 1786an osatua, Mozarten musikaren adierazgarri den espiritu jostalari bezain birtuosoa agerian uzten duena. Allegro-aren lehen konpasetatik hauteman daiteke: pianoa hasieratik luzituz eta bere gaiak pixkanaka harienetatik bereiziz. Melodiak ugariak dira, jira-bira dabiltza hiru mugimenduetan barrena. Lau musikariak fin aritu ziren arren, definizio falta sumatu zen oro har, gaietan galtzeko arriskuan jartzen zituen biguntasuna. Larghetto-an, esaterako, biolaren presentzia irmoagoa eskertzekoa zatekeen.

Mozart jauzilariaren ostean, Johannes Brahmsen oparotasunaz gozatzeko aukera izan genuen. 1861ean konposatutako laukotearekin, Brahmsen pianorako abilezia eta harienganako errespetuaren zantzua nabaritu genituen. Lirismo handiko pasarteak eskaintzen ditu pieza honek, hala nola Allegro non troppo-aren hasieran, hariek garatzen dituzten pasarte homofonikoetan, estatikoagoak izan arren, zein Poco adagio-aren esaldi luzeetan. Haatik, Mozarten laukotean nagusitu zen biguntasunak giro erromantikoa ere kutsatu zuen, baita eite hungariarra nagusitu behar zenean ere. Erosoa eta lasaigarria, baina formarik gabea.

Klasizismoaren eta erromantizismoaren arteko elkarrizketa aitzakia, ad hoc justifikatu daitekeen denboraldiari forma eman diote horrela, eta, hala ere, besaulki gehienak hutsik geratzen dira kontzertuotan. Badugu egitekoa; ezagutza, komunikazioa eta pedagogia behar-beharrezkoak dira ganbera-musika zikloek bizitza luzea izan dezaten nahi bada. Nahi izate hutsa, baina, gehienetan ez da nahikoa sugarri. Boletorik erosi gabe loteria tokatzea espero izatea bezala da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.