Beste jauzi handi bat

Eibarrek Bernabeun emango dio akabera gaur hiru partidako asteari. Eibartarrek Real Madrilen egoera nahasia baliatu nahi dute

Aitor Manterola Garate.
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Azkenetan da hiru partidako aste hau, eta Eibarrek zelai zital batean emango dio amaiera jardun bizi honi: Real Madrili egingo dio bisita gaur arratsaldean. Etxeko lanak ia beteak dituela zelairatuko da, asteazkenean Rayo Vallecanori Ipuruan irabazi izanak bermatu egin baitio ia osotasunean datorren denboraldian ere Espainiako Lehen Mailan jarraitzea. Komeni da, dena dela, beste punturen bat edo beste gehitzea 39ko altxorrean, eta gaur bertatik hasita bada, hobeto. Nahiz eta izenez aurkari gaiztoenetako bat izan Real Madril, izanari dagokionez ez dabil hain indartsu denboraldi honetan. Urrutira jo gabe, aurreko asteburuan azken minutuan irabazi zion Huesca azken sailkatuari Santiago Bernabeun, eta joan den asteazkenean, galtzaile izan zen Valentziaren zelaian. Zinedine Zidane du taldeak sasoi honetako hirugarren entrenatzailea, Julen Lopetegi eta Santiago Solariren ondoren, eta Espainiako titulurik gabe bukatuko du. Egitasmo berri batean daukate burua han.

Horren guztiaren jakitun dira Eibarreko jokalariak eta Jose Luis Mendilibar entrenatzailea, eta Zaldibarkoak azkar esan zuen atzoko agerraldian Real Madril beti dela «talde ona», egoera nahasian egonda ere: «Etxeko partidetan erraz egin ditzakete bizpahiru gol, baita gaizki dabiltzanean ere». Garbi utzi zuen mezu horrekin zer esango dien jokalariei gaur aldagelan: ez lo hartzeko, ez pentsatzeko aurkaria krisian dagoelako gutxi eginda lortuko dutenik emaitza onik.

Gehiegizko konfiantza eragin diezaiekeen beste kontu bat ere bada: mailari eusteko helburua ia gauzatua izatea. Horri ere heldu zion Mendilibarrek: «Jokalariak gogo handiz daude Bernabeun jokatzeko, baina ez daukate emaitza ona ezinbestean lortu beharraren kezka. Lasai, hala ere, neu arduratuko naiz-eta behar hori txertatzen».

Taldeko jokalari guztiek ez dute izango jokatzeko aukerarik. Izan ere, Arbillak, Jordi Calaverak eta Bigasek min hartuta segitzen dute, eta Diop ere ez da ariko, bosgarren txartel horia erakutsi ziotelako asteazkeneko partidan. Hori gertatu ez balitzaio ere, nekez jokatuko zuen, min hartu zuelako azkeneko partidan; zain dago probek zer azaltzen duten mindutako eskuineko izterraren atzealdean. Hemezortzi jokalari daude Madrilen, eta aldaketa bat edo beste egingo du Mendilibarrek asteazkeneko lehiarekin alderatuta, hiru partidako astea izanik, hori delako zentzuzkoena.

Ateratzen direnak saiatuko dira lehen itzulikoa berriz lortzen, Ipuruan lortutako 3-0eko garaipen handi hura ez baitago ahazteko. Ezta duela bi denboraldi Bernabeun lortutako berdinketa ere. Hirugarren jauzi handia eman nahi du gaur Eibarrek.

REAL MADRIL-EIBAR

Real Madril.Navas; Odriozola, Varane, Ramos, Reguilon; Casemiro Modric, Kroos; Bale, Benzema eta Isco.

Eibar. Dmitrovic; Peña, Oliveira, Ramis, Jose Angel; Pedro Leon, Escalante, Jordan, Cucurella; Enrich eta Kike.

Epailea. Gonzalez Fuertes.

Lekua. Santiago Bernabeu (81.000 ikusle).

Ordua. 16:15ean (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.