Pirotekniaren erritmoa duen kale sinfonia

Deabru Beltzak taldeak 'Symfeuny' ikuskizun berria ondu du. Uztailaren 5ean egingo dute estreinaldia, Bilboko Kalealdia jaialdian

Deabru Beltzak konpainia ezaguna da kale ikuskizuna eta piroteknia uztartzeagatik. PABLO URKIOLA.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Deabru Beltzak antzerki konpainiako kideek hiru esku dituzte, Oscar Castaño Garbitxu taldeko partaidearen hitzetan. «Deabru Beltzak antzerki konpainiakook beti esaten dugu esku bat danborrean izan behar dugula, bigarrena perkusioan eta hirugarrena probokazioan». Bilboko konpainiak 23 urteko ibilbidea du, eta kale ikuskizuna eta piroteknia uztartzeagatik da ezaguna. Bada, Deabru Beltzak taldekoek orain arteko markak hautsi nahi dituzte, inoizko ikuskizunik «handiena» prestatu baitute: Symfeuny. «Suaren sinfonia bat da». Bilboko Kalealdia jaialdian estreinatuko dute: uztailaren 5ean eta 6an, Arriaga plazan, 23:30ean, egingo dituzte emanaldiak. Atzo egin zuten ikuskizunaren aurkezpena, Bilboko Rekalde aretoan. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia eta Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko kultur zinegotzia ere izan ziren ekitaldian.

Suziriek markatzen dute Symfeuny ikuskizunaren erritmoa. «Oraingoan ez dago inprobisatzeko tarterik, zorroztasun milimetrikoz neurtuta dago den-dena», zehaztu du Garbitxuk. Umorez jaurti du «jostailu» berria duela konpainiak, eta aldamenean duen Cobra sistema izeneko gailu elektronikoa aurkeztu du segidan. Suziriak urrunetik jaurtitzea eta kudeatzea ahalbidetzen du, besteak beste, Cobra sistemak, eta orain arte erabilitako tresnek ez zituzten aukerak ematen dizkio gailu berriak taldeari. «Ordenagailuaren bidez kargatzen dira suziriak».

Sorkuntza prozesua aldatu die Cobrak, beraz. «Ikuskizun berrian, piroteknia muntatu dugu lehenik, eta gerora sortu dugu musika». Horregatik dio gailua kontrolatzen duen teknikaria dela Symfeuny obraren gidari nagusia. «Piroteknikaria da gure perkusionistarik onena». Guillaume Pujol arduratuko da piroteknia zuzentzeaz, eta hark markatutako erritmora ariko dira dantzan konpainiako hamar perkusionistak. Musika Aitor Furundarenak sortu du, eta Ikerne Gimenez arduratu da eszenografiaz eta parte hartzaileen janzkeraz. «Su artifizialak jaurtitzeko gailuen artean, modernoetan modernoena dugu esku artean. AEBetan erositakoa da, eta gaur egun hiru lantegitan besterik ez dute erabiltzen Europan». Hiru horien arteko bat da Deabru Beltzak konpainia.

Ekoizpenik «handiena»

Txikiagoa eta, era berean, handiagoa da ondu duten ikuskizuna. «Suziri txikiak erabilita ikuskizun handi bat egiteko erronka hartu dugu, eta uste dut lortu dugula», zehaztu du konpainiako kideak. «Egin dugun obrarik handiena da, eta esango nuke Euskal Herrian ekoiztu den handienetakoa ere badela». Aurrekoekin alderatuz gero, badu bestelako berritasun bat: «Gure espezialitatea den kale ikuskizunari agertoki gaineko tarte bat gehitu diogu oraingoan». Ibiltaria da Symfeuny piezaren lehen zatia, baina oholtza gainean kokatu dute ikuskizunaren bigarren atala: «Antzezpenaren gune bihurtuko da».

Hamalau hilabete igaro dira obra berria lantzen hasi zirenetik. «Asko sufritu dugu, eta denbora asko eman dugu prestakuntzan. Uste dut ikusleek nabarituko dutela mimoz prestatu dugula ikuskizuna». Produkzio kostuak ere eman ditu Garbitxuk. Zehaztu duenez, 132.000 euroko aurrekontuarekin prestatu dute ikuskizuna. Eusko Jaurlaritzak 100.000 euroko diru laguntza eman zion konpainiari iaz, eta azpimarratu du «ezinbesteko laguntza» izan dela Symfeuny prestatzeko.

Bilboko estreinaldiaren ondoren Donostiako Musika Hamabostaldian izango da konpainia, abuztuaren 1ean. Handik Frantziara egingo dute, Libourneko Fest'Arts jaialdira, eta Bretainian izango dira gero, Quimperle hiriko RIAS jaialdian. Garbitxuk argitu duenez, Frantzian eginiko hiru egonalditan ondu dute Symfeuny ikuskizuna. «Guretzat aipagarria da, momentu honetan Frantzian egonaldia egitea ez baita makala. Gonbidatu gisa, kanpoko konpainia bat soilik sar daiteke, eta oso zaila da lortzea. Guk hiru jaso ditugu, eta horrek asko babestu gaitu».

Nazioartekotzea

23 urteko ibilbidean, taldeak nazioarteko hainbat jaialditan parte hartu du. «Gaur egun perkusioa eta antzerkia uztartzen duen talde erreferentea gara munduan». Hari beretik jo du Zupiriak ere: Deabru Beltzak «erreferentziazko» talde gisa aurkeztu du arte eszenikoen panoraman. Sailburuak aipatu duenez, euskal kulturak bi erronka nagusi ditu gaur egun: profesionaltasuna, batetik; eta, nazioartekotzea, bestetik. «Deabru Beltzak taldea eredugarria da bi eremuetan. Ahalegin berezia egin du profesionaltasunaren alde, eta nazioarteko proiekzioa ere aipatzekoa da: urteak daramatzate hemen sortutako ikuskizun horiek beste lurralde batzuetan erakusten». Adierazi du «urrutien» iritsi diren konpainietako bat dela, Berri Txarrak musika taldearekin batera. «Beraiena da meritua, proiektuan sinistu eta helburuak lortzeko beharrezkoak diren baliabideak jarri dituztelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.