Donostiako 68. Zinemaldia

Zentsuraren eraginpean

Jiri Weissen 'Romeo, Juliet a Tma'-k irabazi zuen Urrezko Maskorra 1960ko Zinemaldian, duela 60 urte. Zinema Eskoletako Nazioarteko Jardunaldiak egin ziren aurrenekoz.

Jiri Weissen Romeo, Juliet a Tma-k irabazi zuen Urrezko Maskorra 1960an. BERRIA.
mikel lizarralde
2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Frankismo bete-betean eta haren eragina nabarmena zela ospatu zen 1960an Donostiako 8. Zinemaldia. VIII Festival Internacional del Cine de San Sebastian. España irakur zitekeen aldi hari zegokion afixan, eta, hain zuzen ere, nazioartean Espainiaren irudi jakin bat zabaltzeko erabili nahi zuen diktadurak. Horren isla izan zen, esaterako, Marisol eta Pablito Calvo haur izarren presentzia. Erregimenari atxikitako zinemaren ordezkari ziren biak ala biak, eta haiei egokitu zitzaien mundura Espainiaren irudi deformatu eta goxoa zabaltzeko ardura. Lehenak «zinema artista» izan nahi zuela adierazi zuen Donostian; bigarrenak «errepide ingeniari» izan nahi zuen etorkizunean. Pepa Flores bilakatu gabe zegoen artean Marisol.

Hego Euskal Herriak eta Espainiak jasaten zuten errepresioa ez zen argi azaleratu Donostiako Zinemaldian, baina hainbat zinemagilek egindako adierazpenek izan zituzten beren ondorioak. Aurrenekoz Zinema Eskoletako Nazioarteko Jardunaldiak egin zituzten, eta, horietan, Frantzia, Italia, Herbehereak, Mexiko, Polonia eta Espainiako ordezkariek hartu zuten parte. Madrilgo Zinema Eskola Ofizialetik iritsi ziren, besteak beste, Jose Luis Borau, Joaquin Jorda, Basilio Martin Patino, Miguel Picazo eta Antxon Ezeiza euskal herritarra, eta jardunaldietan zentsurari eta zentsoreei buruzko hainbat aipamen egin zituzten. Horiek ez ziren administrazioaren gustukoak izan, eta Antonio Zulueta Zinemaldiaren zuzendariak dimisioa eman behar izan zuen jaialdia bukatu ostean.

Sari nagusia, Weissentzat

Sail Ofizialeko lehian hamabost film izan ziren 1960ko zinemaldian, eta, zerrendari erreparatuta, izen bat nabarmentzen zen beste guztien gainetik: John Ford. The Searchers-en egileak orduan bere azken westerna zena aurkeztu zuen Donostian: Sergeant Rutledge, AEBetako sezesio gerraren ondoren epaitu zuten soldadu afro-amerikar bat protagonista zuena.

Ford, nolanahi ere, saririk gabe gelditu zen. Sari nagusia, Urrezko Maskorra, Jiri Weissen Romeo, Juliet a Tma-rentzat izan zen, William Shakespeareren obra klasikoa Alemania naziak okupatutako Txekoslovakiara eramaten zuen filmarentzat. Zilarrezko Maskorra Sidney Lumeten The Fugitive Kind-ek jaso zuen, eta Joanne Woodwardek emakumezko aktore onenaren Zulueta saria jaso zuen film horretan egindako lanagatik. Gizonezko aktoreentzako saria, berriz, sekula baino konpartituagoa egon zen, Basil Deardenen League of Gentlemen filmeko aktore taldeak jaso baitzuen (Richard Attenborough, Jack Hawkins, Bryan Forbes, Roger Livesey eta Nigel Patrick).

Zinemaldia nouvelle vague mugimenduaren loratzearen lekuko ere izan zen 1960an, François Truffaut gaztea Les quatre cents coups bere opera prima-k Valladolideko (Espainia) jaialdian irabazitako saria jasotzera etorri baitzen Donostiara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.