Albistea entzun

Skakeitan: lorratza utzi duen ibilbide baten agurra

Skakeitan taldeak badu oholtzak uzteko eguna: otsailaren 2a. «Baikor» begiratzen diote egunari, eta gogoz kantatuko duteordura arteko kontzertuetan. Donostian izango dira gaur iluntzean.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Miren Mujika Telleria -

2022ko abuztuak 17 - Donostia

Amaierak ez dira askotan errazak izaten. Tristurara jotzeko arrazoi izaten dira sarri. Ordea, ibilbide luze batek zukutzen dituenean bere gogo, ilusio eta gaitasun guztiak, amaierak ez du zertan dramarako tarterik izan. Horixe da, hain zuzen, Skakeitan talde donostiarraren kasua. Apirilaren 26an eman zuten albistea sare sozialetan: «Bai, agur esatera gatoz». Hasia dute amaierarako bira, eta, gaur, «etxetzat» duten hirian emango dute kontzertua, Donostian.

Begirunez hitz egiten du taldeaz Pello Armendarizek, taldeko ahotsak. Are, azaldu du «baikor» eta «irribarretsu» begiratzen diotela amaierari: «Finean, lagun artean hasi ginen, eta lagun artean jarraitzea izan du helburu taldeak. Hamalau urte egin ditugu, eta iritsi zaigu agur esateko garaia». Helburua lortuta, taldean hasi ziren gehienek jarraitzen dute bertan, eta zortzi diraegun: Julen Idigoras (bateria), Asier Iriondo (baxua), Olatz Salvador (teklatua eta ahotsa), Pello Armendariz (ahotsa), Borja Anton (gitarra), Aitor Valcarlos (tronboia), Gorka Valcarlos (tronpeta) eta Ander Zabala (tronboia).

Iaz elkartu zen taldea ordura arte bizitakoaz hitz egiteko. Atzera begiratu zuten, eta argazkia egin zioten taldeak egindako ibilbideari. Orduantxe hartu zuten oholtzak uzteko erabakia. Hamalau urteren ondoren, ordea, ez dituzte edonola agurtuko oholtzak. Izan ere, Armendarizek aurreratu du otsailaren 2an egingo dutela azken ikuskizuna: «Pentsatzen ari gara oraindik nola egin, baina berezia izango da kontzertu hori». Ordura arte hainbat saio iragarri ditu taldeak, eta gaur iluntzean emango dute horietako bat, Donostiako Aste Nagusian.

Armendariz: «Hemen jaio zen taldea, lagun asko ditugu hemen, eta uste dugu polita izango dela». Kantatu ere, askotan kantatu izan diote Donostiari eta hiritarrek pairatzen dituzten arazoei. Hamalau urtetan, ordea, taldearen kantuetako aldarriak aldatu egin dira. Hastapenetan, esaterako, Bataplan, su eman! abesten zuten. Izan ere, abeslariak azaldu du festa egiteko lekuez aritzen zirela lehen, baina hiria aldatuz joan den heinean unean uneko problematikez hitz egiteko beharra sentitu dutela. Alaska kantua da horren erakusle: «Erresistentzia puntu batetik egindako abesti bat da, kaktus batek Alaskan zenbat irauten duen kontatzen duena».

Lehen kantuak oroitzearekin batera, hasierako garaiak ekarri ditu gogora abeslariak. Ska doinu dantzagarriak ziren nagusi euren kantuetan, eta horren adibide da euren estudioko lehen diskoa: Ahots gabekoen ahotsa (2012). Ez zen urte hartan argitaratu zuten lan bakarra izan, eurena izan baitzen Donostiako Piratak mugimenduak plazaratu zuen Mundu berri baten mapa abestia ere. Lan horiei esker dozenaka kontzertu jo zituen taldeak ondorengo urteetan: besteak beste, Manu Chaorekin, Donostian. «Japonian ere egin genuen bira bat», gaineratu du Armendarizek.

Estudioko bigarren lana 2014. urtean argitaratu zuten: Orekariak. Ordurako nabarmena zen taldearen eboluzioa, eta bestelako doinu batzuekin esperimentatzen ere hasi ziren. 2016. urtean argitaratu zuten Galera diskoa, eta 2017an, berriz, Galera Beats, nahasketen diskoa. Nola galdu denbora heldu zen 2019an. Disko harekin, azkenik, atzean utzi zituzten ska doinuak, eta taldearen azken kantuetako joera zehaztu zuten. Gitarra, baxua eta bateria oinarri hartuta, doinu elektronikoak ere baliatu dituzte ondotik. Disko horrek, gainera, urteko diskorik onenaren saria jaso zuen 2020ko Gaztea sarietan. Azken argitalpen luzea Eman ez genuen kontzertua (2021) zuzeneko diskoa izan da, eta beste abesti batzuk, berriz, single gisa argitaratu dituzte.

Askotariko musika estiloak

Urteak igaro ahala, beraz, aldatu egin da Skakeitan taldearen musika estiloa. Eta abeslariak aitortu du hamalau urteko ibilbidean zerbait aldatzekotan taldearen izena aldatuko lukeela. Barrez azaldu du: «Gaurtik aurrera sortuko diren taldeei aholku gisa esango nieke ez jartzeko taldeari egiten duten musika estiloarekin zerikusirik duen izenik».

Azaldu du, halaber, eurena ez ezik, orokorrean aldatu dela musika egiteko modua, geroz eta talde gehiago sortzen ari baita Euskal Herrian. Eta, horregatik, hain zuzen, bere burua ezin kokatu sentitzen dela adierazi du Armendarizek: «Eszena aldatu egin da, eta are gehiago pandemiaren ondoren. Orain, batzuetan ez dut jakiten neure burua non kokatu».

Nolanahi ere, hainbat une gogoangarri utzi ditu taldeak. Arrastoa utzi dute zapaldu duten oholtza bakoitzean, eta gerora sortuko diren taldeen eredu izango dira. Badakite hori, eta poz handia ematen die, gainera: «Sentimendu horrekin errazagoa da agur esatea». Beraz, gaurtik otsailaren 2ra bitarte, «dena emateko» eskatu diete euren jarraitzaileei.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joanes Illarregi, bigarren final-laurdeneko irabazlea, gaur Arrasatek saioan. ©Andoni Canellada/FOKU

Joanes Illarregik irabazi du Arrasateko saioa

Miren Mujika Telleria

678 puntu bilduta lortu du lehen postua. Saioa Alkaiza izan du atzetik, bost punturen aldearekin.

Laura Mora, <em>Los reyes del mundo</em> filmeko zuzendaria (eskuinean), filmeko lantaldeko kideekin, atzo, Kursaaleko amaiera galan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

'Los reyes del mundo'-k irabazi du Urrezko Maskorra

Ainhoa Sarasola - Mikel Lizarralde

Laura Mora zuzendari kolonbiarrak bere herrialdeko bost gazteren istorioarekin eskuratu du jaialdiko sari nagusia. Genki Kawamura japoniarrarentzat izan da Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra

Neil Jordan zinemagilea, Diane Kruger eta Liam Neeson aktoreekin, <em>Marlowe</em> filma aurkezteko agerraldian, atzo, Donostiako Zinemaldian. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Neil Jordanen 'Marlowe' filmaren lehiaz kanpoko emanaldiak itxi du Zinemaldia

Ainhoa Sarasola

Neil Jordanen 'Marlowe' filmaren lehiaz kanpoko emanaldiak itxi du Zinemaldia. Liam Neesonek egin du Philiph Marlowe detektibearena, eta Diane Krugerrek Clare Cavendish haren bezeroarena

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...