Donostiako 66. Zinemaldia

Mugako gatazkak

Andrew Grieveren 'On The Black Hill'-ek irabazi zuen Donostiako 36. Zinemaldiko Urrezko Maskorra. Vittorio Gassmani eman zioten, bestalde, Donostia saria.

On The Black Hill filmeko aktore taldea. BERRIA.
mikel lizarralde
2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun
D onostiako Zinemaldiarentzat ez ziren urte errazak izan 80ko hamarkadaren hasierakoak. FIAPF Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioak kendu egin zion A kategoria 1980. eta 1984. urteen artean, eta zuzendaria ere aldatu zuten 1986an: urte hartan hartu zuen zinemaldiaren gidaritza Diego Galanek, eta, horrekin batera, lehenengo Donostia saria eman zuten, Gregory Peck aktore estatubatuarrari, hain zuzen ere.

Ondorioz, bere lekua bilatzen ari zen zinema jaialdi baten ekitaldia izan zen 1988koa. Hala, zinemaren gaineko interesa urte osoan mantentzeko asmoarekin, antolatzaileek lau ziklo antolatu zituzten udazken-neguetan, eta zinemaldiaren egunetan —irailaren 15etik 24— Jacques Tourneur zinemagileari eskainitako atzera begirakoa egin zuten. Gainera, Simone Simon aktorea izan zen Donostian, Tournerrekin Cat People (1942) film mitikoa egin zuena. Ez zen izan Donostiara etorri zen aktore klasiko bakarra, Donostia saria eman baitzioten Vittorio Gassman italiarrari. Gaur arte dirauen saridun zerrenda bateko hirugarrena izan zen Gassman, eta lehenengo europarra —Gregory Peckek jaso zuen 1986an, eta Glenn Fordek1987an—.

Sail Ofizialeko lehiari dagokionez, Fernando Ayalak, Manuel Gutierrez Aragonek, Robert Kramerrek, Nagisa Oshimak, Clare Peploek, Radoslaw Piwowarskik eta Alfonso Ungriak osatutako epaimahaiak hemeretzi lanen artean aukeratu behar izan zituen Donostiako 36. Zinemaldiko irabazleak. Sari nagusia, Urrezko Maskorra, Andrew Grieveren On the Black Hill filmarentzat izan zen. Bruce Chatwinen eleberri batean oinarritua zegoen, eta Galesen eta Ingalaterraren arteko mugan girotutako gatazka istorio bat kontatzen zuen, XIX. mendearen amaieran hasi eta 1960ko hamarkadara arte. Bitxia bada ere, Grievek zinemarako egindako lan bakanetako bat da, bere ibilbide osoa telebistan egin baitu.

Zuzendari onenarentzako Zilarrezko Maskorra Gonzalo Suarez espainiarrak lortu zuen, Remando al viento filmagatik —Mary Shelleyk, Percy Shelley, Lord Byron eta Polidoriren konpainian, Frankensteinen istorioa asmatu zuen gauari buruzkoa da—; eta Epaimahaiaren Sari Berezia Krzysztof Kieslowskiri eman zioten, Krotki film o milosci lanagatik. Zinemagile poloniarrak telebistarako eginiko dekalogoaren seigarren atalaren bertsio luzea da.

Interpretazio sariei dagokienez, Fernando Reyk ezohiko saria irabazi zuen. Izan ere, bi filmetan egindako lana aitortu zion epaimahaiak, Francisco Regueiroren Diario de invierno-n eta Antonio Isasi Isasmendiren El aire de un crimen-en egindakoa.Emakumezko aktore onenarentzako sariak, berriz, bi izan ziren, Cipe Lincovski eta Liv Ullmannentzat, Jeannine Meerapfelen La amiga filmean egindako lanagatik biak.

Beste film hauek ere lehian izan ziren urte hartan: Agosto (Jorge Silva Melo), Cartas del parque (Tomas Gutierrez Alea), La boca del lobo (Francisco J. Lombardi), Land der väter, land der söhne (Nico Hofmann), Married to the Mob (Jonathan Demme), Mushin Bey (Yavuz Turgul), Myonichi (Kazuo Kuroki), Powaqqatsi (Godfrey Reggio), Stin Skia Tou Fovou (Giorgios Karipidis), Wherever you are (Krzysztof Zanussi) eta Zhen Un (Huan Jianzhong).

Lehiatik kanpo, Martin Scorseseren The Last Temptation of Christ polemikoa eman zuten. Donostian, baina, ez zuen iskanbila handirik sortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.