Sanmartinak Bergaran

Sasoiko jakien azoka jaietako egun handian

Guztira, salmentarako 52 postu izango dira biharko San Martin azokan, Oxirondon. Hiru eguneko egitarau oparoa izango da jaietan

Inguruko baserritarren elikagaiak egongo dira salgai. RAUL BOGAJO / FOKU.
Andoni Imaz.
2018ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Azaroaren 11ko San Martin eguna ezaguna da Euskal Herri osoan, baserritarren artean, batez ere. Bergaran (Gipuzkoa), ordea, beste San Martin bati eskaintzen dizkiote jaiak: San Martin Agirreri, hain zuzen. Irailaren 16an izaten da Bergarako santuaren omenezko eguna, eta, aurten igandea denez, asteburu bakarrean bildu dituzte jaietako ekintza guztiak. Gaur hasi eta igandera artean, ez dira faltako nagusien eta umeen danborradak, musika, dantza eta San Martin azoka.

Eskualdeko barazki, fruta, gazta eta bestelako elikagaiak izaten dituzte azokan, eta guztietan onenak aukeratzeko lehiaketa ere egiten dute, gainera. Aurten, hirugarren urtez, Oxirondon jarriko dute, bertako azoka indartzeko helburuari jarraituta. Guztira, salmentarako 52 postu jarriko dituzte.

Horietatik bederatzitan barazkiak eta frutak egongo dira, tokiko baserritarrek eramandako sasoiko produktuekin. Gainera, jatorri izeneko gaztek zazpisalmenta postu izango dituzte, nahiz eta oraindik ez duten zehaztu gazta lehiaketako parte hartzaileen kopurua. Gainontzeko 36 postuetan, bestelakoelikagaiak erosteko aukera egongo da.

09:30ean hasiko dira barazki eta fruta lehiaketa eta azoka, eta ordubete geroago ekingo diote gazta lehiaketari, Oxirondoazokan eta plazan. Barazki, fruta eta gazta lehiaketako sari banaketa ere han izango da, 13:30ean.

11:30ean, berriz, Bergarako odolosteen dastatzea egingo dute plazan. Urzelai, Imaz, Rezola, Bixain, Leturia eta Gaittao harakinak aritu dira dastatzea antolatzen.

Jateaz eta erosteaz gain, elikagaien inguruan gehiago ikasteko aukera ere izango da Oxirondon. 11:00etan, haurrentzako tailerrak izango dira: aurten, usain belarren aldaxkak egingo dituzte. Gainera, iazko arrakasta ikusita, erle eta ezti erakusketa ere egingo dute eguerdian, eztia nondik eta nola ateratzen den azaltzeko. Dastatzeko aukera ere egongo da, Erlantz Olabarriarekin.

Inoizko parte hartzaileena

Jaietako ekitaldi kutunenetakoa da larunbat gaueko danborrada. Urtez urte, biderkatu egiten da parte hartzea: aurten, 500 danbor jotzaile eta 75 barrika jotzaile ariko dira, inoiz baino gehiago. Banda eta bestelako kideekin,ia 600 lagun ibiliko dira lanean. Udalak esan du Bergarakoekitaldirik parte hartzaileena dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.