Donostiako 67. Zinemaldia

Zentsuraren mehatxupean

Krisi garaiak izan zituen Zinemaldiak 1970eko hamarkadaren amaieran, eta 1979ko ekitaldia gatazkatsua izan zen: mehatxu eta debeku artean estreinatu zuten 'El proceso de Burgos'.

Alien filma aurkeztera etorri zen Sigourney Weaver Donostiara. BERRIA.
mikel lizarralde
2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Urte gatazkatsua izan zen 1979 Donostiako Zinemaldiarentzat. Jaialdia hasi baino hiru hilabete lehenago, Jesus Idoate zuzendaria kendu zuten, eta haren ordez Luis Kalparsoro izendatu zuten ordezkari nagusi. Eta jaialdia bera ez zen polemikatik libre egon. Carlos Sauraren Mamá cumple 100 años filmaren Viktoria Eugeniako emanaldia eten egin behar izan zuten bonba abisu batengatik. Areto guztia hustu behar izan zuten. Horrez gain, antzokian jarritako banderak, Espainiakoa, Frantziakoaeta AEBetakoa, kendu egin zituen pertsona talde batek.

Bestalde, Imanol Uribek El proceso de Burgos filma aurkeztu zuen, eta horrek ere iskanbila handia piztu zuen. Espainiako Gobernuak egitarautik kentzeko eskatu zien antolatzaileei, eta estreinatu baino bi egun lehenago ere ez zegoen garbi emango zuten ala ez. Gainera, Espainiako Telebistak pelikulari buruzko informazioa emateko debekua jaso zuen. Filmak gaztelerazko film onenaren Kantauriko Perla saria eskuratu zuen.

Gainerakoan, Ossenij marafon (Georgi Danelia) ekoizpen sobietarrak irabazi zuen Urrezko Maskorra, eta zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra Pal Gabor hungariarrarentzat izan zen, Angi Vera filmagatik. Emakumezko interpretaziorik onena Laura Bettirena izan zen, Gianni Amelioren il piccolo Archimede-rengatik, eta gizonezko aktore onena, berriz, Nelson Villagra, Sergio Castillaren Prisioneros desaparecidos filmagatik.

1979koa, baina, askok gogoratuko dute Ridley Scottek Alien Sail Ofizialean aurkeztu zuen ekitaldia izan zelako —Sigourney Weaver Donostian izan zen filma aurkezten—. Sari nagusirik gabe, argazki eta efektu berezirik onenak izateagatik saritu zuten Zilarrezko Maskorrarekin.

Lehiaketan, besteak beste, Saint Jack (Pere Bogdanovich), Im Feuer bestanden (W. Heynowski eta Gerhard Scheumann), The Magician of Lublin (Menahem Golam) eta katalanezko bi film izan ziren, Companys, procés a Catalunya (Josep Maria Forn) eta Salut i força al canut (Francesc Bellmunt).

Lehiaz kanpo hainbat film ere eman zituzten, Apocalypse Now (Francis Ford Coppola), La luna (Bernardo Bertolucci), Manhattan (Woody Allen) eta Il prato (Paolo eta Vittorio Taviani).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.