Donostiako 79. Musika Hamabostaldia

Musikeneko ikasleek bost kontzertu emango dituzte Hamabostaldian

Astelehenean hasiko da Interprete Gazteen zikloa. Bi Musikeler emanaldi ere egingo dituzte
Hainbat musikari gaztek beren errepertoria aurkeztu zuten atzo, Donostiako Kursaalean.
Hainbat musikari gaztek beren errepertoria aurkeztu zuten atzo, Donostiako Kursaalean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Andoni Imaz -

2018ko abuztuak 18
Musika klasikoaren alorrean etorkizuna duten musikari gazteen lanari bultzada ematea da Musika Hamabostaldiaren helburuetako bat, eta funtzio hori betetzen du Interprete Gazteen zikloak. Musikene Goi Mailako Musika Ikastegiarekin elkarlanean antolatzen da zikloa, bertako ikasleen artean egindako aukeraketa prozesuaren emaitza baita bertako egitaraua. Musikeneko ikasleak protagonista izango dira zikloko bost kontzertuetan, abuztuaren 20tik, astelehenetik, 24ra bitarte. Lau kontzertu zikloaren ohiko egoitzan egingo dira, Miramar jauregian, eta bat Musikeneko auditoriumean, iaztik Musika Hamabostaldiko agertoki bilakatu baita.

Miren Iñarga Musikeneko zuzendari akademikoak zikloaren garrantzia aldarrikatu du, aukera ematen baitu musikari gazteen lehen pausoak ikusteko, baina ez azkenak. Izan ere, Iñargak ikasle ohi ugari ikusi ditu Musika Hamabostaldiko gainontzeko zikloetako egitarauetan ere. Zikloak balio dezake entzule gazteak musika klasikora erakartzeko ere , ikasleek errepertorio «eskuragarria» osatu baitute.

Ganbera musika izango da nagusi, baina bakarlari bat ere ariko da. Bi boskote daude egitarauan: Morton eta Kahlo Ensemble; aurrenekoak zikloa irekiko du, eta bigarrenak, berriz, itxi. Soka laukote batek eta pianoak osatzen dute Morton, eta konpositore «ez oso ezagunen» lanak joko dituzte, Cesareo Muñoz biolontxelo jotzaileak aurkezpenean aurreratu duenez. Antolin Dvorak eta Erich Wolfgang Korngolden lan bana joko dute: 2. kintetoa pianoarekin eta Kintetoa pianoarekin mi maiorrean, hurrenez hurren.

Kahlo Ensemble taldeak emango du zikloko azken kontzertua, abuztuaren 24an. Lau sokak eta klarinete batek osatzen dute boskotea. Kinteto eta klarinete errepertorioan garrantzitsuak diren bi lan aurkeztuko dituzte: batetik, Mozarten Stadler Kintetoa la maiorrean, eta, bestetik, Brahmsen Kintetoa si minorrean.

Asteartean, bikote batek eskainiko du errezitala: Gonzalo Manglano tenorrak eta Daniel Huertas pianistak Franz Schuberten Errotari ederra joko dute. Lieder —piano eta ahotsarentzat egindako obra— egile emankorra izan zen Schubert, eta haren azken urteetako lanik ezagunenetako bat joko du bikoteak. Wilhelm Mullerrek idatzitako hogei poematik abiatu zen musikagilea.

Beste guztietatik ezberdina izango da Icaro duoaren saioa: Manu Gaigne perkusio jotzaileak eta Adrian Carro saxofoi jotzaileak sorkuntza garaikidea landuko dute, XX. mende amaierakoa eta XXI. mende hasierakoa. «Musika klasikoa bizirik dago», Gaigneren hitzetan, eta hori erakutsi nahi izan dute musika aukeraketan. Jose Manuel Lopez Lopez, Luis Naon, Andy Akiho eta Andres Martinen lanak joko dituzte, baita Pascal Gaigneren bi lan ere. Hainbat soinu banda egin ditu, eta Goya sarien azken edizioan sari bat irabazi zuen Handia filmerako egindakoagatik.

Ostegunean, Ander Marzana bakarlariak kontzertu bat emango du pianoan. Musika tresnaren historian erreferentziazkoak diren hiru egile bildu ditu horretarako: Beethoven, Chopin eta Ravel. Kontzertuaren lehen zatian, Chopinen Nokturnoa, 1. zk. op. 48 eta Beethovenen Op. 53 sonata, Waldstein joko ditu. Bigarren zatian, berriz, Ravelen Bals nobleak eta sentimentalak lan delikatuak. Hiru maisuekin batera, Marzanak Xavier Montsalvatge musikagile katalana hautatu du, eta haren Sonatina Yvetterentzat lana joko du. «Piano teknikaren eta lengoaia musikalaren eboluzioa» erakutsiko ditu horrela.

Klasikoa garagardo artean

Laugarren urtez, Musika Hamabostaldiak Musikeler gauak antolatuko ditu, entzule berriak garagardo baten bueltan musika klasikora erakartzeko asmoz. Aurten, Convent Gardenen egingo dira bi kontzertuak, Musikenen sortutako bi talderen eskutik: Voz-ess (Daniel Huertas, Gonzalo Manglano, Jone Martinez) eta Bidaide (Manu Gaigne, Nora Lopez, Ane Urbizu, Itziar Vargas). Lehenengo taldeak operetarako eta zarzuelarako lanak joko ditu, eta bigarrenak askotariko musika tradizionalak eta jazzeko lan estandarrak tartekatuko ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna