Donostiako 66. Zinemaldia. DUELA 60 URTE

'Vertigo'-k irabazi ez zuen ekitaldia

Alfred Hitchcock Donostiako Zinemaldian egon zenekoa. 1958. urteko ekitaldia, zinema jaialdiaren seigarrena, horrela gogoratuko dute askok. Irabazlea, baina, Tadeusz Chmielewskiren 'Ewa chce spac' izan zen.
Tadeusz Chmielewskiren <em>Ewa chce spac</em> filmak irabazi zuen Urrezko Maskorra.
Tadeusz Chmielewskiren Ewa chce spac filmak irabazi zuen Urrezko Maskorra. BERRIA

Mikel Lizarralde -

2018ko irailak 22
Oso zinemagile ezaguna zen ordurako, publikoarekin konektatzen zuena. Alfred Hitchcockek ibilbide arrakastatsua egina zuen 1958an Donostiako Zinemaldira iritsi zenerako. Artean ez zuen lortua kritikaren oniritzi erabatekoa, baina Cahiers du Cinema aldizkariaren inguruan mugitzen ziren kritikari-zinemagile gazteak hasita zeuden egile handitzat hartzen. Eta orduan, duela 60 urte hain zuzen ere, Sail Ofizialean lehiatzeko aukeratu zuten filmatua zuen azkeneko lana: Vertigo.

Denborak bere lekuan jarri du filma —askok eta askok jotzen dute zinemagilearen maisulan handienetakotzat, eta zinemaren historiako film onenen artean azaltzen da behin eta berriro—, eta James Stewarten pertsonaiak Kim Novakekiko sentitzen duen maitasun ia nekrofiloa zinemazaleen belaunaldi askorengan gelditu da iltzatuta .

Alabaina, Donostiako Zinemalditik bigarren sariarekin baino ez zen joan Hitchcock. Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen, eta, gainera, ex aequo partekatu zuen Mario Monicelliren I Soliti Ignoti-rekin. Zuzendari italiarraren filma, lapur batzuen inguruko komedia irudimentsua, oso arrakastatsua izan zen, eta Vittorio Gassmanen, Claudia Cardinaleren eta Marcello Mastroianniren ibilbideak bultzatu zituen. Gaur egun ere, Italiako komediaren gailurtzat jotzen dute I Soliti Ignoti.

Hitchcocken eta Monicelliren filmak baino pixka bat ahaztuxeagoa gelditu da denborarekin Ewa chce spac, Urrezko Maskorra irabazi zuen ekoizpen poloniarra. Tadeus Chmielewski zuzendariaren lehen filma izan zen hura, eta Ewa gaztea hiriburura iristen deneko gaua kontatzen zuen. Lo egiteko lekurik gabe, kalean igaro beharko du gaua, eta, inguruan arrisku ugari izan arren, Ewa ez da haietaz ohartu ere egingo. Oso harrera ona izan zuen filmak, eta, Donostian sari nagusia irabazi ondoren, Mar de Platako zinemaldian ere (Argentina) film onenari zegokion saria irabazi zuen.

Sail Ofizialean honako film hauek ere izan ziren lehian: Culpables (Arturo Ruiz Castillo), Demasiado jovenes (Leopoldo Torres Rios), Die grünen teufel von Monte Casino (Harald Reinl), El caso de un adolescente (Emilio Gomez Muriel), El hereje (Francisco Borja Moro), Feu, amour et vitamines (Jef Bruyninckx), Haza Howa el hob (Salah Abu Seif), La vie à deux (Clement Duhour), Milagro de sal (Luis Moya), Nata di marzo (Antonio Pietrangeli), Schwarze augen (Paul Martin), Sois belle et tais-toi (Marc Allegret), The Vikings (Richard Fleischer) eta Violent Playground (Basil Dearden).

Jacqueline Sassardek irabazi zuen emakumezko aktore onenaren saria (Nata di Marzo), eta gizonezkoena ex aequo izan zen James Stewartentzat eta Kirk Douglasentzat (The Vikings).

Epaimahaia, berriz, Luis Garcia Berlangak, Charles Delacek, Anthony Mannek, Ana Mariscalek, Fritz Podehlek eta Vittorio Salak osatu zuten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna