Zubiak korrespondentzia bidez

'Txekhov vs Shakespeare' proiektuaren barruan, Iban Zaldua eta James Robertson idazleak gutun trukean ari dira. Etxepare Institutuak antolatu du egitasmoa, eta hizpide dituzte herriak, hizkuntzak, kulturak, identitatea eta Europa, beste askoren artean. Eskutitzak bildu eta liburu batean argitaratuko dituzte.

BERRIA.
aitor biain
2019ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Nork bere hizkuntza du, bere kultura, bere identitatea eta bere eragin eremua. Ez dute elkar ezagutzen, baina antzeko errealitatea dute Iban Zalduak eta James Robertsonek. Idazleak dira biak, ipuin eta narrazio motzekin egin dute, batez ere, beren bidea literaturan, eta hizkuntza txikiak dituzte lanabes. Euskal Herrian bizi da bata; Eskozian bestea. Euskarak eta eskozierak duten errealitatetik tiraka, gutun trukean ari dira, hizkuntzen, kulturen eta herrien arteko zubiak eraiki asmoz.

Izan ere, Etxepare Euskal Institutuak bi herrialdeen arteko sareak ehundu nahi ditu, eta asmo horrekin abian duen 2019 Scotland Goes Basque programaren barruan ari dira parte hartzen bi idazleak. Egitasmoa, izatez, Donostia 2016 kultur hiriburutzak jarri zuen martxan, Txekhov vs Shakespeare izenburupean; Etxeparek berreskuratu egin du proiektua orain. Uztailera bitarte, guztira hamabi eskutitz bidaliko dizkiote elkarri —bakoitzak sei—, eta, besteak beste, Europa, identitatea, hizkuntza eta literatura izango dituzte hizketagai.

Halako egitasmo batean parte hartzen duten lehen aldia dute biek. Zalduarentzat, «arantza kentzeko aukera» izan da Etxepareren eskaintza; izan ere, orain hiru urte izan zuen aukera, baina orduan ezin izan zuen parte hartu. Erronka gisa hartu du eskutitz trukea, eta bere jakin-minerako «akuilu» izatea nahi du. Robertson, berriz, hizkuntza politikarekin duen zaletasunak bultzatu du parte hartzera. Hizkuntza gutxituek XXI. mendean «dagokien tokia negoziatzeko egiten duten ahaleginak» erakarri du idazlea bereziki.

Aurreneko izkribuak otsaileko data du, eta Eskozian du jatorria, Robertsonek berak ekin baitzion trukeari. Besteak beste, aurkezpen lanak egiteko baliatu zituen lehenengo orriak. «Aurreneko gutunetan geure buruari buruz idatzi dugu apur bat, baina, batez ere, euskararen eta eskozieraren historia eta egungo egoera izan ditugu hizpide», adierazi du Robertsonek kazeta honi eskainitako elkarrizketan. «Biok idazleak izanik, hizkuntzaren erabileraz ere hitz egin dugu, eta Euskal Herriaren eta Eskoziaren abertzaletasun eta independentzia mugimenduetan hizkuntzak duen eraginaz», gaineratu du idazleak.

Erantzutea egokitu zitzaion Zalduari. Ildo berari jarraitu zion, baina Gasteizko ikuspegitik. «Euskararen eta euskal kulturaren egoeraz aritu naiz dezente, baina mitoak saihesten saiatuz, eta gure loriak ez ezik gure ahulguneak eta miseriak ere azalera ateraz, modu kritikoan». Politikaz eta euskal gatazkaz ere aritu zaio, «ezinbestean».

«Eremu hibridoa»

Idazle ezagunak dira biak, baina batez ere nor bere herrialdean. Literatur lan ugari argitaratu ditu batak zein besteak, baita horiengatik aitortzak jaso ere, baina nor bere mugen barruan aritu izan da gehienetan. Finean, errealitate baten bi bertsio baino ez dira Zaldua eta Robertson. Paradigma horri «literatura txikien madarikazioa» deitu dio Zalduak, eta hizkuntza txikietako literatura lanek zabalkuntzan dituzten gabezien ondorio dela iritzi dio: «Robertsonen ezer ez dago euskarara itzulita, ezta, nik dakidala, gaztelaniara ere, nahiz eta Britainia Handian aski ezaguna izan. Baina ez dago nazioarteko britainiar literaturaren mainstream-ean sartuta, eta horrek bere proiekzio globala oztopatu du».

Halere, Robertsonek alde ona bilatu dio elkar ez ezagutzeari. Eskoziako idazlearentzat proiektuan «suposizio eta aurreiritzirik gabe» aritzea dakar, eta uste du horrek emaitzan eragina izango duela: «Esan nahi du gure artean ez ezik, gure kulturak, literaturak eta idazten ditugun tokiak ulertzeko ahalegin irekia eta zintzoa egiten ari garela». Zalduak ere aitortu du ez lukeela berdin jokatuko hartzailea ezaguna balitz. Nabarmendu du, nolanahi ere, aurrera egiteko baliagarria zaien «umore puntu bat» bilatu dutela elkarren artean.

Lan erdiak egin dituzte dagoeneko, eta gutun bidezko tratua baino ez dute izan orain arte. Elkarren arteko harremana sakona izaten ari da, halere. «Sei-zazpi orrialdetakoak» dira eskutitzak. Maila erdi pribatu eta erdi publikoan ari dira biak; konplizitate puntu batekin, baina erosotasun egoeratik aterata, trukea amaitutakoan liburu batean argitaratuko baitituzte gutun guztiak. «Eremu hibrido bat» da, Zalduarentzat: «Badu genero epistolarraren hurbiltasunetik zer edo zer, baina baita saiakeratik edo iritzi artikulutik ere». Zer eta nola idatzi neurtzea beharrezkoa dela dio Robertsonek: «Kontu handiz ari naiz idazten, ipuin laburrak idazten egongo banintz bezala».

Itzulpenaren garrantzia

Aurrez finkatutako bide orriari eutsi diote batez ere, baina norbere intereseko gaiei heltzeko zirrikituak ere bilatu dituzte. Zalduak, adibidez, poesiaren inguruko bere «mesfidantzak» kontatzeko baliatu du aukeraren bat, eta, pop eskoziarraren zalea izanik, aitortu du gai hori ere «txisteratik atera» duela. «Baina iruditzen zait gai horiek sartzen direla literaturaren edo identitatearen eta kulturaren eremuetan, beraz...». Hala ere, Europari buruz hitz egitean Mediterraneoko errefuxiatuen gaia jorratzea «ezinbestekoa» dela uste du.

Robertsonek, aldiz, ez du bereziki arreta jarri nahi dion gairik. «Oraindik geratzen zaizkit eskutitzak idazteko, eta ez dakit zeri buruz egingo ditudan ere!». Eskoziako idazleak proiektuaren amaierako ondorioetan du interesa: «Sentituko ote dugu biok hizkuntza gutxituen gaia geure buruan zein irakurlearenean mugiarazi dugula? Eskozieraren gaineko sentipen desberdinak izango ote ditut euskarari buruz horrenbeste ikasi ostean? Baikorragoa ala ezkorragoa izango naiz?». Gogoetarako utzi ditu.

Bakoitzak bere hizkuntzan idazten duenez, itzuli egin behar izaten dituzte gero; bada, prozesu horren garrantzia azpimarratu dute biek. Zalduaren hitzetan, itzulpengintza zein inportantea den berresten du gutun trukearen egitasmoak, «itzulpena delako hizkuntzen artean —kasu honetan hizkuntza txikien artean— zubiak eraikitzen dituen gailua». Haren irudikoz, kontrakoa litzateke ingelesa edota gaztelania erabiltzea. Hala berretsi zion Robertsonek aurreneko gutunean ere: «Ingelesez idatz nitzakeen Ibani bidali nizkion gutunak, baina zenbateraino izango ziren ezberdin eskutitz horiek eskoziarrez idatzi ditudanekiko?».

Alde horretatik, itzulpengintzak euskaran izandako eragin positiboa azpimarratu du Zalduak: «Nik askotan esan dut euskarari gertatu zaion gauzarik onenetariko bat, literatura mailan, itzulpenen kalitatearen eta kantitatearen hazkundea izan dela». Proiektua bera ere bide horretan ikusten du.

Literaturatik eragin

Zalduak uste du, halaber, Txekhov vs Shakespeare proiektua lagungarri izango dela Euskal Herriaren eta Eskoziaren arteko harremanen sendotzean. Gaia planteatzea soilik «urrats bat» da, haren iritziz, gutunetan baten eta bestearen «diglosia egoeren arteko antzekotasunak eta desberdintasunak azaleratuko diren neurrian». Hala ere, literaturatik ere gehiago egin daitekeela uste du: «Literaturak beti egiten du zerbait, nahi gabe bada ere».

Robertsonek, aldiz, dio «goizegi» dela ondorioak ateratzeko, baina komunikazioari eusteko beharraz ohartarazi du: «Garrantzitsuena da toki ezberdinetako eta kultura desberdinak dituzten pertsonek hitz egiten jarraitzea». Eta hitz egiteko modua aldatu bada ere, korrespondentzia bidezko komunikazioak badu etorkizunik oraindik, haren hitzetan: «Inoiz baino garrantzitsuagoa da jende arruntaren arteko komunikazioa, idazle eta artistena barne».

Hitz egiten jarraituko dute bi idazleek aurrerantzean ere; uztailera bitarte, gutxienez, gutunen bitartez. Eta izango dute zer konta aurrez aurre elkartzen direnean ere. Abuztuan izango da hori, Edinburgh Book Festival literatura jaialdian antolatu duten mahai inguruan. Iraganeko korrespondentziari begira jarriko dira, etorkizuneko hartu-emanei hasiera emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.