Donostiako 68. Zinemaldia

Txaloak adina txistu

Peter Mullan eskoziarrak eskuratu zuen Urrezko Maskorra, 'Neds' filmarekin. Ez zuen lehen sari handia: 2002an Veneziako Urrezko Lehoia eman zioten, 'The Magdlene Sisters' lanagatik.

Glasgowko duela mende erdiko kale girorako bidaia bat proposatu zuen Peter Mullanek Neds filmean. BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Mikel Olaziregiren zuzendaritzapeko azken Zinemaldia izan zen 2010ekoa, eta Roman Polanskiri The Ghost Writer filmagatik kritikarien Fipresci saria emanez hasi zen. Olivia Williams aktoreak jaso zuen, zuzendaria «paranoiak jota» zegoela esanez oholtzatik, eta entzuleen artean barrea eraginez. Suitzatik AEBetara estraditatua izateko zorian egon berria zen Polanski, 13 urteko nerabe batekin 1978an «legez kanpoko» harremanak izateagatik. Inaugurazio ekitaldiko barreon arrastorik ez zen sumatu Judith Colell eta Jordi Cadena katalanen Elisa K Sail Ofizialean erakutsi zutenean; 11 urterekin jasandako bortxaketa hamalau urte geroago gogoratuko duen emakume gazte baten istorioa kontatzen zuen.

Felipe Cazals mexikarraren Chicogrande westernak ireki zuen Urrezko Maskorra eskuratzeko lehia,AEBetako zalditeriak Mexiko inbaditu zuen hirugarren aldian girotuta, Pancho Villaren jarraitzaileak protagonista bihurtuta. Beste gatazka klase batek eskuratu zuen, hala ere, sari nagusia: Peter Mullan aktore eta zuzendari eskoziarraren Neds-ek. Film horretako protagonista nagusiak, Connor McCarronek, gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zuen, gainera, John McGill pertsonaia haragiztatzeagatik. Txaloak adina txistu entzun ziren Kursaaleko prentsa aretoan, Goran Paskaljevic epaimahaiburuak erabakiaren berri eman zuenean.

1970eko urteetako Glasgowra zeramatzan Neds-ek ikusleak, bigarren hezkuntzan sartzear ageri zuen McGill gaztetxoaren bitartez: mutiko azkarra eta sentibera, ikasteko gogoz betea, baina familia oso behartsuan jaioa.

Mullanek droga merkeak, glam rocka, sexua, biolentzia eta anaidia nahastu zituen kaleko gazte taldeen arteko indarkeria eta hezkuntzaren beharra plazaratzeko, eta saritua izan zen. Ez zuen lehen aldia nazioarteko zinemaldietan halakoak lortzen: 1998an, Cannesko aktore onenaren saria jasoa zuen, My Name Is Joe filmean egindako lanagatik; 2002an, Veneziako Mostrako Urrezko Lehoia eman zioten, The Magdalene Sisters filmagatik.

Raul Ruiz portugaldarraren Mistérios de Lisboa eta Agusti Villaronga katalanarren Pa negre ziren Urrezko Maskorra eskuratzeko hautagai nagusiak, kritikarien arabera, eta Zilarrezko Maskor bana eskuratu zuten: Zuzendari onenarentzakoa Ruizek, eta emakume aktore onenarentzakoa Pa negre-ko protagonista Nora Navasek.XIX. mendeko Lisboan zegoen girotua Ruizen lana; 36ko gerra galtzaileek gerra osteko urteetan bizi izandako urte latzak agertzen zituen Villarongaren filmak, haur baten begiradaren bitartez.

Elisa K-k jaso zuen Epaimahaiaren Sari Berezia, eta Daud Aulad-Siad zuzendari marokoarraren A Jamaá filmak aipamen berezia. Julia Robertsi eman zioten Donostia Saria; Alex Angulori Zinemirakoa.

Saturraran

Pa negre ez zen izan 36ko gerrari buruz 2010eko Zinemaldian ikusi ahal izan zen lan bakarra. Saturraranen (Mutriku, Gipuzkoa) frankistek irekitako emakumezkoentzako kartzelako presoak bi filmetako protagonista izan ziren:lehen film luzea aurkeztu zuen Mikel Ruedak Zabaltegin, Izarren argia; Txaber Larreategik eta Josu Martinezek, berriz, Debekatuta dago oroitzea aurkeztu zuten Zinemiran. Azken lan horren aurkezpen prentsaurrekoan, Jose Luis Rebordinosek hartu zuen hitza, 2011ko Zinemaldiko zuzendari kargua hartu orduko «euskal zinemarekin kolaborazio estua edukitzeko asmoa» zeukala adierazteko. Zuzendari aldaketa gertatu bitartean, 2010eko Sail Ofizialean entzundako euskarazko hitz bakarrak Jose Maria Orberen Aita filmekoak izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.