Italiako Giroa

Bere zigilua ezarri du

O'Connor ihesaldiko indartsuena izan da Maddona di Campiglio mendatean. Almeida liderrak ez du ahulezia zantzurik erakutsi

Bere zigilua ezarri du.
Mikel O. Iribar.
2020ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Madonna di Campigliok bere garaipen zerrendan bi irabazleren izenak besterik ez zituen orain arte. 1999an, Marco Pantanik altxa zituen lehendabizikoz bi eskuak; eta 2015ean, berriz, Mikel Landa izan zen indartsuena. Bada, hirugarren txirrindularia batu da zerrenda horretara. Ben O'Connorrek (NTT) bere zigilua ezarri dio Madonna di Campiglio mendateari, hura izan baitzen ihesaldiko indartsuenetan indartsuena, atzoko Italiako Giroko 17. etapan.

Herenegun, australiarrak garaipena harramazkatu egin zuen; biharamunean, ordea, behetik erasoa jo, eta bikain errematatu zuen. Atzetik, Hermann Pernsteinerrek (Bahrain) erraiak bota zituen lasterketa burura iristeko, baina hutsala izan zen.

Oilarren artean, berriz, Sunwebek, Wilco Keldermanen mesedetan, erritmo bizia jarri zuen azken igoeran, harik eta herbeheretarrak atzoko zalaparta apurrena sortu zuen arte. Joao Almeida (Deceuninck) liderra, berriz, txapeldunak egin behar duen eran defendatu zen. Bistan geratu zen Keldermanek lana erruz egin beharko duela portugaldarrari maglia arrosa kentzeko. Faboritoak multzo berean helmugaratu ziren, eta sailkapen nagusiko lehen hamarretan ez zen aldaketarik egon.

Bassano del Grappan hasi zen Giroko 17. etapa, eta txirrindulariek 203 kilometro egin behar izan zituzten. Madonna di Campigliora iritsi aurretik, ibilbidean lehen mailako Forcella Valbona eta Bondone eta hirugarren mailako Durone mendateak kateatu zituzten. Tropelak kalitate handiko hemeretzi txirrindulariri eman zien ihes egiteko baimena. Multzo horretan ziren, O'Connorrekin batera, besteak beste,Pernsteiner, Oscar Rodriguez (Astana), Victor De la Parte (CCC), Thomas De Gendt (Lotto Soudal), Ilnur Zakarin (CCC), Rohan Dennis (Ineos), Diego Ulissi (UAE) eta Ruben Guerreiro (Education First). Guerreirok, bi mendate nagusietan lehena izan zenez, mendiko sailkapenean Giovanni Viscontiri (Vini Zabu) lehen postua kendu zion, eta, horrenbestez, elastiko urdina bereganatu du.

Kilometroak egin ahala, ihesaldikoek tropelarekin zuten aldea handituz zihoan, eta, oker handirik ezean, garaipena bertan zegoen. Lasterketa buruko txirrindulariak Durone mendatean gora zihoazela, taldetxoa bitan banatu zen, eta indartsuenek egin zuten aurrera; horien artean zirenO'Connor, Zakarin eta enparauak. De la Parte eta Rodriguez, berriz, zertxobait atzeratu ziren, baina jaitsierako tartean eta Madonna di Campiglio igo aurretik zuten sasiordekan aurreko multzora batzea lortu zuten. Igoera hasi orduko, lasterkariek elkarlanerako asmo handirik ez zuten erakutsi, bai baitzekiten garaipena euren artean erabakiko zela. Hala, inondik ere ez zuten indar xahuketa handirik egin nahi erreleboetan.

Taldetxoari tiraka aritu zen txirrindulari bakanetako bat De la Parte izan zen, haren taldekide Zakarinen mesedetan. De Gendtek, bestalde, ez zuen zuhurkeriaz jokatu, beste behin ere; bai eskuzabalegi, ordea. Izan ere, flandriarrak indarrak ez zituen ongi neurtu, eta azken kilometroetan garesti ordaindu zuen. Bitartean, O'Connorrek azti jokatu zuen. Aurkarien egoera aztertu, eta erasora jo zuen etapa amaitzeko zortzi kilometro falta zirenean. Herenegungo arantza kendu nahi zuen, kosta ahala kosta, baita lortu ere. Pedal kolpe onarekin zihoan maldan gora; hori izan zen australiarraren giltzarrietako bat. Ez zitzaion ezinaren sufrimendua ikusi, gaitasunarena baizik. Haren gurpila hartzeko benetako ausardia erakutsi zuena Pernsteiner izan zen. Dena den, azken hiru kilometroak eramangarriagoak zituztenez, O'Connorri garaipenak ez zion ihes egin. Maglia arrosaren multzoan, berriz, urduritasunaren zantzurik ez zuen erakutsi Almeida liderrak. Zuhaitza astintzeko ardura Sunwebek hartu zuen, Keldermanek, handik edo hemendik, Almeidarekiko zuen atzerapena laburtzeko xedez. Haren taldekide Jai Hindley mugitu zen lehendabizi, eta herbeheretarra ondoren. Liderrak, baina, taldekiderik gabe maglia arrosa zaintzeko gai zela soberan erakutsi zuen. Faboritoen artean ez zen indar erakustaldirik egon, nekearen seinale.

Gaur, Stelvio

Etapa menditsua izango da gaurkoa. Ez nolanahikoa, gainera. 207 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek, eta Cancanoko Lakuan izango du etapak helmuga. Aurretik, ordea, aurtengo Giroko mendirik garaiena igo beharko dute: Stelvio —2.757 metro. Zirt edo zart egiteko tenorea iritsi zaie oilarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.