Lorcaren hitzik gabeko Lorca bat

Umeak ezin izateari buruzko 'Yerma' antzezlan klasikoaren bertsio librea estreinatuko dute gaur Bilboko BBK aretoan, euskaraz

Gaur Bilbon estreinatuko duten Yerma antzezlana sortu duen lantaldea. BBK ARETOA.
Inigo Astiz
Bilbo
2021eko irailaren 24a
00:00
Entzun
«Agian sakrilegioa izango da Yerma bat Lorcaren berba barik planteatzea, baina gaur egun seme-alabak izateko ezintasunari aurre egin behar dioten emakume guztien berbak batzen ditu honek. Asko direlako, inork haietaz berbarik egiten ez badu ere». Federico Garcia Lorca idazleak 1934an estreinatutako izen bereko tragedia ezaguna hartu du Maria Goirizelaia antzerki zuzendariak bere Yerma propioa sortzeko oinarritzat, baina gaia eta egitura dramatikoa dira bere horretan mantendu dituen bakarrak. Horregatik dator sakrilegioaren aipamena antzezlanaren aurkezpen testuko bigarren hitzean bertan. Libre jokatu, eta gaur egungo Bilbora ekarri du haurrak izateko ezintasunaren gaia. Patxo Telleriak moldatu du lana euskarara, eta gaur, bihar eta etzi eskainiko dute Bilboko BBK aretoan. Ondoren, urriaren 1etik 3ra gazteleraz emango dute.

«Erabateko egokitzapena egin dugu», onartu du Goirizelaiak, «Testuak ez du jatorrizkoaren hitz bakar bat ere, baina Lorcaren esentzia da geratu dena». Haurrik eduki ezin duelako minez bizi den Yerma izeneko emakumearen samina da jatorrizko antzezlanaren muina, eta, gaurkoturik eta eraldaturik egonik ere, samin hori bera dago Goirizelaiaren egokitzapenaren bihotzean.

Bilboko emakume artista ospetsu bat da Goirizelaiaren bertsioko protagonista, eta negozio-gizon arrakastatsu bat du senarra. Maite du bikotekidea; gustuko du bere lana; zirkulu sozial sendoa du inguruan, eta, halere, kolpean, gainera erortzen zaio dena, 35 urte bete ostean, umeak eduki nahi eta umerik eduki ezin duenean.

Prozesu errespetutsua

Aspaldikoa da gaia, baina, dioenez, inoiz baino presenteago sentitzen du Goirizelaiak: «Gure belaunaldian hala da». Azaldu du egoera ekonomiko eta soziala tarteko lehen baino zaharragotan planteatzen duela jendeak umeak eduki nahi dituen edo ez, hain zuzen ere, ugalkortasuna murrizten hasten den adinaren bueltan. Gertutik ezagutu du hori zuzendariak, hori baita bere lagunei gertatutakoa, eta hori da oholtzan Yermak bizi duena ere.

Ane Pikazak, Aitor Borobiak, Loli Astorekak, Leire Orbek eta Unai Izquierdok osatzen dute aktore taldea.

Aurrez ere ezagutzen zuten elkar guztiek, eta horrek «oso erosoa» egin du lana, zuzendariaren hitzetan. «Oso orekatuta dago taldea, eta plazer hutsa izan da. Lantzen den gaia zaila da, gainera, eta oso konpartitua eta errespetutsua izan da prozesua». Daniel F. Carrascok sortu ditu jantziak; David Alkortak diseinatu eta argiztatu du agertokia; Jon Agirrezabalagak espresuki sortu du emanaldirako musika, eta Ibon Agirrek egin du soinu diseinua.

Euskarazko bertsioa ere lantaldean landu dutela azaldu du zuzendariak, eta Telleriak egindako lana laudatu du: «Aktoreekin batera aritu da testua lantzen eta egokitzen. Ez da itzulpen soil bat izan, moldaketa bat baizik».

Goirizelaiak hasieratik argi izan zuen Pikaza izango zela protagonista. «Aktorea ez ezik, ilustratzailea ere bada Ane [Pikaza], eta, txikia izanik ere, antzezlanean tarte bat eskaini nahi nion aspektu plastiko horri». Emanaldian konposizio plastiko txikiren bat egiten ere ikusiko du publikoak Pikaza. Baina, zuzendariaren hitzetan, ez da hori izan antzezlaneko protagonista artista bilakatzera eraman duen motibo bakarra. «Etxean itxita geratzen zen emakume bat zen Lorcaren Yerma, haren senarra landa lanetara joaten zen bitartean. Gure bertsioko senarrak ez du lurra lantzen, baina luze egoten da etxetik kanpo, eta emakumea ez dago etxean itxita, maite duen lan batean dabilelako, baina ordu asko ematen ditu estudioan sartuta».

Ez da Goirizelaiak klasiko bati heltzen dion lehen aldia. Iaz, esaterako, Bertolt Brechten Ama kuraia egokitu zuen Bilboko Arriaga antzokirako. Kasu hartan ere jatorrizkoaren elementu batzuk gaurkotu eta moldatu zituen zuzendariak, baina orain baino estuago jarraitu zion Brechten testuari.

Euskara eta generoa

Estreinaldiko azken entseguekin eman ditu egunok Goirizelaiak, baina martxan ditu hurrengo proiektuak ere. La dramatica errante izeneko ekoiztetxea sortu du Pikazarekin batera, eta jada hasiak dituzte beren lehen proiektuko lanak. Altsasu antzezlana estreinatuko dute urriaren amaieran, Bilboko Arriaga antzokian, Altsasuko kasuaren epaiketa oinarri hartuta. Horrez gainera, egile berri onenaren sarirako hautagaia ere bada Max sarietan, iazko urte hasieran estreinatutako Harri orri ar lanagatik.

Euskaraz eta gazteleraz lan egin du aipatutako proiektu guztietan, eta aurrerantzean ere bide hori lantzen jarraituko duela dio: «Ezinbestekoa da euskarazko arte eszenikoak normalizatzea».

Bilboko BBK aretoak ekoitzitako lehen lan propioa da Yerma, baina gehiago ere izango direla aurreratu dute arduradunek. Azaldu dutenez, lehentasunezko hiru ildo ezarri ditu aretoak: gizarte gaiak lantzea, euskararen normalizazioa eta genero berdintasuna.

2022an estreinatu nahi dute bigarren ekoizpen propioa, eta, aurreratu dutenez, emakumeek izango dute protagonismoa lan horretan ere, eta euskaraz egingo dute estreinaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.