Dragoiaren atezaina

Julen Lopetegi asteasuarrari eman diote Portok galdu duen lekua berreskuratzeko ardura. Bitxia da haren kasua: ez da inoiz profesional gisa aritu edo entrenatu Euskal Herrian.

haritz gallastegi
Bilbo
2014ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Julen Lopetegik futbolean egin duen ibilbidea ezohikoa da. Oso gutxitan ikusten dena. Esaldi batean laburbildu beharko balitz, esan beharko litzateke leku aproposean une egokian egon dela. Lopetegi Asteasun (Gipuzkoa) jaio zen, duela 48 urte. Oso gaztetatik erakutsi zuen dohain onak zituela atezain gisa jokatzeko. Realean eman zioten bere bertute guztiak erakusteko lehen aukera. Baina ezin izan zuen lehen talderako urratsa egin. Luis Mari Arkonadaren itzala luzea zen. Hortaz, maletak egin, eta Madrilera abiatu zen. Real Madrilen bigarren taldera, hain zuzen ere. Castillan hiru urtez eta Las Palmasen utzita beste laugarren bat aritu ostean lehen taldera igo zuten. Ez zuen pisurik izan, baina elastiko zuriarekin Ligan jokatu zuela esan dezake Lopetegik. Ez da erraza.

Etxe zuria lagatzea atzerapausoa zirudien, baina asteasuarrarentzat kontrakoa izan zen. Futbol munduan dagoen talde ezaguneneko ateak itxi, eta klub apal batekoak zabaldu zizkioten: LogroƱesekoak. Hiru denboraldi zoragarri jokatu zituen han. Bere kirol ibilbideko onenak. Jarraitutasuna izan zuen talde bakarra izan zen. Gol asko sartu zizkioten, baina askoz gehiago izan ziren gelditu zituen jaurtiketak.

Elastiko zuri-gorriarekin egin zuen lan apartak ate bi ireki zizkion: Bartzelonarenak eta Espainiako selekzioarenak. Bartzelonak Andoni Zubizarreta handiaren ordezko gisa aukeratu zuen, eta Javier Clementek 1994an AEBetan jokatu zen Munduko Kopara eraman zuen. Real Madrilen gertatu legez, ez Bartzelonan ez Espainiako selekzioan ez zuen protagonismo handirik izan. Hala ere, ez dira futbolari asko egongo Espainiako Ligako bi talde nagusietan aritzeaz gain selekzioen arteko txapelketa nagusian parte hartzeko aukera dutenak. Leku aproposean une egokian egon zen. Eta, hala ere, ez zen sekula euskal talde baten aritu. Bitxia.

Teknikari gisa ere antzeko ibilbidea darama. Rayo eta Real Madril B aparteko arrakastarik gabe zuzendu ostean, Espainiako beheko mailen ardura hartzeko aukeratu zuten. Harribitxi gazteekin arrakastak eta porrotak uztartu zituen, baina erakusleiho egokia izan da azken hiru hamarkadetan Portugalen nagusi izan eta Europan nabarmendu den historiko baten arreta pizteko. Porto ez baita edozein talde. Portugalen lehia estua dauka Benficarekin. Oraindik arrano-ak dira lehiaketa gehien irabazi duten taldea, baina hogeita hamar urte hauetan aldatu egin dira gauzak. Jorge Pinto da Costa Portoren besaulkiaren jabe egin zenetik hogei liga irabazi ditu, Benfikak baino 11 gehiago.

Baina aurreko sasoia ahazteko modukoa izan zen Porton. Hamar urteren ondoren koparik altxatu gabe geratu zen. Eta horrek iraultza ekarri du. Taldea itxuraldatzeaz gain, Jose Mourinhok handi eta ezagun egin zuen jokamoldea aldatzea erabaki dute agintariek. Eta ibilbide berria abiarazteko goren mailan eskarmenturik ez daukan Lopetegi aukeratu dute. Asteasuarrak ondo ezagutzen dituen futbolariak aukeratu ditu. Euren artean Andres Fernandez eta Jose Angel Sanchez Osasunako eta Realeko jokalari ohiak. Baina, guztir,a hemeretzi futbolari berri ditu taldeak. Benficak, berriz, aurreko sasoian dena irabazteko aukera eman zion bizkarrezurra galdu du. Beraz, aukera ona du Portok Portugalgo liga irabazteko. Europan, berriz, ondo lehiatzearekin konforme egongo dira zaleak. Leku aproposean une egokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.