Parte hartzaile berriak erakartzeko

Taldekako Xilaba estreinatuko dute larrazken honetan. 40 parte hartzaile izango ditu, hogei lagun berri tarteko, eta 11 taldetan banatuko dira
Xumai Murua, Bertsularien Lagunak elkarteko presidentea eta Mari Karmen Albizu elkarteko langilea.
Xumai Murua, Bertsularien Lagunak elkarteko presidentea eta Mari Karmen Albizu elkarteko langilea. AURORE LUCAS

Nora Arbelbide Lete -

2018ko urriak 3
Urriaren 12an hasiko dute lehen taldekako Xilaba bertso txapelketa, Gameren (Zuberoa), eta abenduaren lehenerako finkatua dute finala Baigorrin (Nafarroa Beherea). Bitarte horretan, 11 talde eta hamalau saio guztira, Zuberoan, Baxenabarren eta Lapurdin.

Baina hasteko, hori. 40 lagun animatu izana bertsotan parte hartzera. Beste dozena bat izanen dituztelarik lagun, bai antolaketarako, bai gaiak emateko. Eta kopuru horrekin berarekin badela pozik izaterik pentsatzen du Xumai Muruak, Bertsularien Lagunak elkarteko presidenteak: «Sentitzen da badela gazte eta ez hain gazte andana bat motibatua plazaz plaza hemen aritzeko, taldekako honen aitzakiarekin». Bereziki ikusirik 40 bertsolari horien artean hogei parte hartzaile berri badirela. Hau da, hogei dira aitzineko Xilaban parte hartu ez dutenak. Eta preseski, bertsolarien aldetik bi urtean behin talde berdintsuek parte hartzen zutela eta, horri nola aurre egin zuten azken urte hauetako gogoeta.

Taldekakoarekin, gabezia horri gaina hartzeko bidea ikusten dute: «Bertsotan hasi berri den jendeak taula handietara jauzi egin baino lehenagoko urrats bat izatea da xedea. Nahiz eta epaitua eta puntuatua izanen den, herrietako txoko goxo eta egokiak atzematea izan da helburua. Ahalik eta giro erosoena izan dadin, bertsolaritzara lehen urratsa egiten duten gazte hauek ahalik eta erosoena sentitzeko. Ahalik eta hobekiena gozatzeko memento honetaz».

Lekuei dagokionez, Zuberoatik talde bat animatu da, eta Baxenabarretik hiru, Garazi, Baigorri eta Amikuzetik. Gainerateko zazpi taldeak Lapurdikoak dira, baina hor ere, Hendaiatik Hazparnera, Azkaine eta Sara aldeak ere baditu bere ordezkariak, baita Baionak ere. Azkenean, hiru herrialdeetako txoko gehienak ordezkaturik agertzen dira. Taldekakoa aitzakia, elkarrekin biltzeak sortzen duen dinamika tokiz toki errotzea; hori saioaren ondorioetako bat izatea espero dute elkartekoek: «Ondotik ere bertsolaritza eragile izatea». Eta alde horretatik, hasi baino lehen ere bere fruituak ematen hasia dela dirudi. Adibide zehatz bat badu Muruak, uda honetan gertatua. Donapaleuko taldeak, Xilabarako Eskukula izena hartu duenak, joan den udako Donapaleuko bestetan bertso saio bat antolatu zuen. Amets Arzallus eta Eskukula taldea elkarrekin aritu ziren bertsotan.

Baina ondorioetan pentsatzen hasi baino lehen, horra, hasteko, saioak. Urriaren 12an Gameren hasi, eta abenduaren lehenean izanen du finala, Baigorrin. Arte horretan, hiru multzotan banatuko dira 11 taldeak. Eta aldi bakoitzean talde batek beste bat gonbidatuko du. Beraz, aldi bakoitzean talde bat izanen da antolatzailea, beste bat gonbidatua, eta hirugarren talde bat epaile lanetan ariko da. Multzo bakoitzeko irabazlea final erdietara joanen da. Eta bi final erdi izateko gisan, laugarren talde bat ere beharko da, bigarren iritsi direnen artean hautatuko dutena.

Talde bakoitzean hiru lagun dira bertsotan ariko saio bakoitzean. Eta gehiago direlarik, gaineratekoak gai emaile edo antolatzaile lanetan ariko dira bereziki. Arau aldetik, taldeak osatzeko orduan, oreka baten bermatzen ahalegindu dira elkartekoak. Taldeak ahalik eta «naturalenak» izatea izan dute nahietako bat. «Izan bailaraka edo lagun taldeka, elkarrekin bertsoaren inguruan biltzeko usaia duten lagunez osatua izatea». Horrez gain, Xilabako aitzineko final batera iritsi ziren bertsolariek ezingo dute aldi berean eta talde berean kantuan aritu.

Gero, aldiz, saioak antolatzeko mementoan, talde antolatzailea izan da arduradun, eta helburua izan da herriko dinamikari kasu egitea bereziki. Herrian noiz izan zitekeen egokien. Horrek esplikatzen du saio batzuk egun berean gertatzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Nora Arbelbide Lete

Informazio osagarria