HIRUDIA

Erretira nazazue, arren

Jon Alonso - Idazlea

2018ko abenduak 13
Arranopola, Arregi jauna, barkamena eskatu beharrean nago. Sufritu egiten baitut nire zakarkeriaz zure eginkizun gorena egiteaz zalantza eragin dizudan bakoitzarengatik; are, ausaz inoiz galarazi (?) egin dizudala pentsatze hutsak errudun sentiarazten nau. Ez zen nire asmoa, sinesten ahal duzu. Ez nuke nahiko segundo bakar bat gehiago nire bizkarrean sentitu euskal literaturak, nire erruz, irakurle bat galdu duelako sentipena. Beraz, bota, bota gomendioak... Durango eta gero, zer aholkatu edukiko duzu-eta (bide batez esanda, gero eta antzekoagoak iruditzen zaizkit hauteskunde gauak eta Durangoko Azokaren biharamuna; denak pozik, denak irabazle... salbu eta liburu denda txikia daukatenak, beharbada. Baina hauei aspaldi ez zaie kasurik egiten, total, denok dakigu dagoeneko desagertu ez direnak laster desagertuko direla, ezta? Gero hileta jotzen dugu liburu denda bat ixten den bakoiztean, hori bai).

Triangeluaren beste ertzean, ikusten dut Berasategi andreak berean segitzen duela. Arregi esplikazio bat bilatzen saiatu da: dela minifundioa, dela harrikada, dela Sainte-Beuveren hilerria... (Patziku Perurenak, Egunkaria itxi baino lehen, han bertan idatzi zituen erabat berdinak ez ziren baina antzekotasunak zituzten lerro batzuk: Egunkariko orriak, eta egunkari guztietako orriak, fotokopia hilak zirela...; Sainte-Beuvek baino arrakasta txikiago eduki zuen gure artean). Nik ez dakit nora iritsi nahi duen Berasategik bere eske ustelekin, baina «eske emakumeek ez dute agertu nahi», esaterako, duela gutxi arte, konstatazioa zen euskal literaturan, ez juizioa eta ez kondena; ez motiborik gabea, jakina, baina konstatazioa; eta inola ere ez egoera hura iraunarazteko deia, edo nahia. Zorionez horri oso denbora laburrean astindu ederra eman zaio. Baina, horretaz aparte, eske ustel horien hondar-hondarreko asmoa susmatzen dudana bada, oraintxe bertan eta honenbestez eskatzen diot erretiroa BERRIAko kulturaren arduradunari. Batzuk beste garai batzuetatik gatoz, eta garai haien ezaugarria zen sinetsita geundela orri zuri asko bete behar zirela, eta nork bete gutxi zegoela; pentsa, literatura (?) aldizkari bat sortu genuen, duela 34 urte, sineste horrek hartaratuak. Harrez gero halako inertzia edo mania estrainio batek hartu gintuen, eta inertziamaniakoon ezaugarria da norbaitek zerbait nonbait idatzi behar dela esan, eta guk baietz askorik pentsatu gabe, eta gure baietzak norberak daukan produkzio-gaitasuna beste mugarik ez duela, gainera. Aizue, beharbada hori aldatu da eta batzuk ez gara enteratu, eta nahiago hala balitz eta orduan alde batera egiteko arazorik ez daukat, bat ere ez; izan ere, dagoeneko onenak emanda egongo naiz ni ere, eta onenak eman baditut, zer ari naiz, bada, eskasagoak barreiatzen. Aski barregarria egiten zait pentsatzea inork idazpostu bat lortzeagatik sufritzen ahal duenik, nahiz eta aitortu behar dudan duela 34 urte ez nuela berdin pentsatzen —baina interesak ere, orduan, bestelakoak ziren, dena zelako bestelakoa, ez bilatu hitzotan ez daukaten konnotaziorik—, eta pelma batzuk iruditzen zitzaizkidala ni baino hamar urte zaharragoak ziren idazle gehien-gehienak (guztira ez ziren asko, hala ere); baina niregatik bada, ez dadila inor idazposturik gabe geldi, arren.

Iturriari badario, egingo du bidea, bazter-bazterretik bada ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna