Ibilitako bideak utzi, berriak saiatzeko

'Biziko bagara erregeen buruak zapaltzeko izango da' izena jarri diote Zigor DZ-k eta Fer Sapok Onki Xinen lehen lanari. Bakoitzak aurretik musikan egindako bideen «elkargune bat» da proiektua

itziar ugarte irizar
2019ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
«Nik jarraitzen nion Corazon del Sapori, eta berak jarraitzen zion Selektah Kolektiboari; aspalditik genuen harremana. Behin, nire etxean gelditu ginen, egoteko, ez musika egiteko, eta esan zidan ordenagailua irekitzeko eta erakusteko zer gauza nituen. Bizpahiru gauzatxo erakutsi nizkion, gustatu zitzaizkion, eta ahots melodiak egiten hasi zen. Eta hor jaio zen Onki Xin; ez zen zerbait programatua izan, zerbait espontaneoa baizik». Zigor Lampre edo Zigor DZ da ni, eta Fernando Sapo edo Fer Apoa da bera. Duela urtebete izan zen enkontru hura, Lampreren etxean, eta duela hilabete gutxi plazaratu zituzten handik sortutako kantuak, Biziko bagara erregeen burua zapaltzeko izango da izeneko diskoan.

Bakoitzak bere bidea egin du aurretik musikan, bide ezberdinak biek. Bada, nahasketa horrek ezaugarritu du, batik bat, Onki Xin. Hala ere, ez da bien bideen uztarketa bat. «Beste gauza bat da», argitu du Lamprek. «Bera estilo gogorragoetatik dator, hardcoretik-eta; eta nirea kontrakoa izan da: hip-hopa, reggaea, musika beltza... Elkargune bat da hau». Eta elkargune horretako musika estiloa zein den galdetzen dietenean, ezin eman erantzun garbi bat, ezta eman nahi ere. «Atera zaiguna da, ez dakigu definitzen». Edonola, zerrendatu ditu eragin batzuk: hip-hopa, drum and bass, rocka, The Clash... «Batzuetan, niretzat oso funkya da (ACKA, Real Politik, Orkideas), baina beste batzuek alde rockeroagoa dute (Ez-Zintomatik, Elektra, Haizea Arrosa)». Ohiko bideetatik askatu izana da proiektuaren lorpen nagusia DJarentzat. «Ohituta gaude jendeari jada egiten duena eskatzera. Niregandik giro bat espero dute, eta Ferrengandik, beste bat. Baina hortik aparte beste zerbait egiteko gai izatea eboluziotzat jotzen dugu. Nik rocka egin dut lehenengoz, eta Ferrek inoiz baino melodikoago kantatu du».

Proiektua nolabait ausaz sortua, hala joan dira sortuz diskoa osatzen duten 11 kantuak. «Nik zirriborroak egiten nituen etxean; gero, Fer etortzen zen, eta ahots melodiak eta moldaketak egiten zituen. Bakarren bat ere egin dugu bion artean: erritmo bat jarri, sampler-ekin saltsan ibili...». Hitzak, denak Sapok egin ditu, eta guztiek erreferentzia literario eta kulturalen bat dute josita: Charles Bukowski, Alejandra Pizarnik, Joseba Sarrionandia, Julio Cortazar, Xabier Montoia... Diskoaren izena ere Shakespeareri hartua da. «Norbaitek sortzen duenean, nonbaitetik ekartzen du hori: musikan ez da hain garbi ikusten zein den hondoko erreferentzia, baina beti dago hor. Zerbait berria egiten duzun arren, ez duzu berritik egiten; jada egina dagoenaren gaineko beste geruza bat da». Egiten ari zirenaz asko hausnartu gabe, nora jo nahi zuten aurrez erabaki gabe egin dute aurrera. «Agian lehenengo diskoa delako atera da horrela; beste bat egotekotan, erronkak jarriko genituzke. Hau aske eta erraz joan da».

«Borrokara deika, kantuz»

Altsasuko gazteen auzia, Maravillas, euskal presoak, Nik sinesten dizut, errefuxiatuak, Free Anna Gabriel, 155, Els carrers seran sempre nostres... Garai honi lotutako aldarri zuzenez josita dago diskoa. Fck 36+78#155 kantuan bildu ditu gehientsuenak, bata bestearen atzetik, baina, oro har, diskoaren izaera ere horrelakoa da: aldarrikatzailea. Ez-Zinthomatik-ek jasotzen du mezua: «Borrokara deika gabiltz kantuz ari». Esaldia EP klandestino batetik atera zuten, zeinean lagun batzuek Eustakio Mendizabal Txikia-ri abesten zioten espainiar poliziak hura hil ondoren. «Musika komunikazioa da; adierazteko eta gure aldarrikapenak zabaltzeko bide bat».

Taldearen izena ere borroka jakin bati lotuta dago. Erronkarin ongi etorri esateko erabiltzen dute onki xin, eta Sapok ekarri zuen ideia han egindako bidaia baten bueltan. «Euskaraz izan arren, badirudi kanpokoa dela; hala izatea nahi genuen. Hegoak salgai kantuak bezala, taldearen izenak errefuxiatuei egiten die keinu. Ferrek Irungo Harrera elkartean militatzen du, eta gai hori oso presente dugu». Lamprek argi du zergatia: «Musika ere borrokatzeko toki bat da guretzat; horretarako ere erabiltzen dugu».

Ramon Zabalegik egin du diskoaren azala eta diseinu guztia. «Gustatzen zaigu azaleko tonu probokatzailea», onartu du DJak. Grabaketa Ereñotzuko Aieka estudioan (Hernani, Gipuzkoa) egin dute, Peio Gorrotxategirekin. «Estudio txiki bat da, baina guretzat nahikoa eta sobera». Hainbat kolaboratzaile igaro dira handik: Ibai Ros, Joseba Ponce, Beñat Atorrasagasti, Arkaitz Miner eta Lizar Montagut Mendizabal.

Lehenbizi, kantuak egin; gero, diskoa grabatu; Durangoko Azokan aurrenekoz jendartera zabaldu, eta toki kuttunetan joan dira gero salgai jartzen. Lamprek dio pausoz pauso joan direla, eta, segida horretan, orain sortu zaiela «jotzeko beharra». Zuzenekoak lotzen hastekotan dira orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.