'Parasite' baino lehenagoko zinemagintza

1950eko eta 1960ko urteetan Hego Korean egindako zinemari buruzko atzera begirakoa emango du Donostiako 68. Zinemaldiak

Kim Ki-youngen The Housemaid izango da atzera begirakoan erakutsiko dituzten lanetako bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
mikel lizarralde
Donostia
2020ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Donostiako Zinemaldiak eta Espainiako Zinematekak, Euskadiko Filmategiarekin eta San Telmo museoarekin lankidetzan, Hego Koreako zinemaren «urrezko aroari» buruzko atzera begirako ziklo bat antolatuko dute aurtengo ekitaldirako. Zikloarekin batera, liburu monografiko bat ere argitaratuko dute, zikloak bilduko dituen filmei buruzko informazioa jasoko duena. Zehazki, 1950eko eta 1960ko hamarkadetako pelikulak emango dituzte atzera begirakoan. Donostiako 68. Zinemaldia irailaren 18tik 26ra egingo dute.

Azken urteotan, Hego Koreako zinema nazioarteko jaialdi guztietan erakusten dute, eta zinema garaikidearen erreferente ere bihurtu da. Horren adibiderik argiena da Bong Joon Horen Parasite azken filmak zer oihartzun lortu duen mundu osoan —film onenaren eta zuzendari onenaren Oscar sariak irabazi ditu berriki—; halere, herrialde hartako zinemagintza klasikoa ezezaguna da oraindik Mendebaldeko herrialdeetan.

Zikloa Koreako «urrezko aroan» ardaztuta egongo da, zeinean industria zinematografiko bat garatu baitzen Hego Korean, publikoak eskatzen zuen herri zinema ekoizteko gai izan zena, gerraren ondoren herrialde hartan zuten egoera ekonomiko estua eta Park Chung-heeren diktadura militarrak ezarritako kontrola gorabehera. Hala, zuzendari ugarik beren ibilbidea finkatu zuten, bakoitzak bere estiloarekin eta asmoekin. Batzuek garatzeko bidean zen gizarte moderno bat irudikatzen zuten, eta beste batzuek, berriz, garai hartako bizimodua gogorra zela salatzen zuten.

Hautaketa 50eko eta 60ko hamarkadetan ekoitzitako hainbat filmez osatuta dago, eta bi helburu ditu, Donostiako Zinemaldiak ohar bidez adierazi duenez: «Batetik, Hego Koreako zinema klasiko horren ordezkaririk garrantzitsuentzat jo daitezkeen zinemagileen talde bati aitorpena ematea; eta, bestetik, garai hartako generorik ohikoenen panorama bat marraztea: horietakobatzuk amerikar zineman inspiratuta zeudela eta tokiko errealitatera eramaten zirela, eta beste batzuk, ordea, erabat autoktonoak zirela».

Zikloa osatzen duten filmen artean, garai hartako entzutetsuenetako batzuk izango dira: The Housemaid (1960) Kim Ki-youngena, Hego Koreako zinemaren historiako maisulantzat hartua; Hego Koreako gerraosteko bizimoduaren kronika gogor eta errealistak, hala nola Flower in Hell (1958) eta Aimless Bullet (1960); A Female Boss (1959) komedia erromantikoa; Romance Papa (1960) zinema familiarraren klasiko atsegina; The Daughters of Kim's Pharmacy (1960) eta Homebound (1967) melodramak; eta The Coachman (1961), Berlingo zinema jaialdian Epaimahaiaren saria irabazi zuena eta, horrenbestez, nazioarteko zinema jaialdi batean sari bat irabazi zuen Hego Koreako lehenengo filma.

Beste genero batzuetako pelikulak ere izango dira, hala nola Black Hair (1964) zinema beltzeko filma, beldurrezko The Devil's Stairway (1964) eta A Bloodthirsty Killer (1965) thrillerrak; baita North and South (1965) ere, herrialdearen banaketak ekarritako trauma kontatzen duen gerra filma. Farewell to the Duman River (1962), bestalde, genero autoktono baten adierazgarri da: mantxuriar westernaren adierazgarri, hain zuzen. AEBetako westernean inspiratutako baina Mantxurian kokatutako abenturazko pelikulak ziren genero horretakoak. Sailkatzen hain errazak ez diren beste film batzuekin batera—The Empty Dream (1965) fantasia surrealista eta Mist (1967) inspirazio modernistako drama—, Hego Koreako zinemak zuzendari gisa izan zituen lehenengo bi emakumeen lana ere berreskuratuko du atzera begirakoak: Park Nam-ok (The Widow, 1955) eta Hong Eun-won (A Woman Judge, 1962). Halaber, Hego Korean ekoitzitako animaziozko lehen film luzea ere erakutsiko dute: A Story of Hong Gil-dong (1967).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.