Guggenheim globalago baten erronka

El Anatsui artistaren 'Itsaso gorakorra' eskuratu du Bilboko Guggenheim museoak, eta ikusgai izango da bildumarekin osatutako erakusketan

El Anatsui artistaren Itsaso gorakorra artelana, Bilboko Guggenheim museoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun
«Bildumari gehitu zaion lehen artista afrikarra da». Bilboko Guggenheim museoak mende laurden beteko du zabalik urriaren 18an, eta Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Aldundiak eta Bilboko Udalak erosketetara bideratutako diruarekin 140 artelan inguruko bilduma propioa osatu du urteotan guztiotan. Eta, hain justu, 25. urteurren festarako heldu da El Anatsui artista ghanatarraren Itsaso gorakorra obra museora. Eta bi arrazoirengatik da esanguratsua datua, Lekkha Hileman Waitoller komisarioak azaldu duenez: El Anatsui delako museoko bildumako lehen artista afrikarra, batetik, eta, bestetik, etorkizunean betetzen joan beharreko hutsunea zein den ere seinalatzen duelako horrek. «Artisten arteko elkarrizketa maila globalera zabaltzen joatea da gure helburua».

Bildumako lanekin osatutako erakusketa izango da museoaren urteurreneko ekitaldi nagusia, eta urriaren 18an zabalduko ditu ateak. Eraikin osoa hartuko dute lanek, baina aurrerapen bat aurkeztu dute oraingoz. Museoa zabalik mantendu ahal izateko atalka joan baitira aretoak prestatzen orain arte, eta, ondorioz, lehenengo eta hirugarren solairua daudelako bisitagarri.

Besteak beste, Asier Mendizabalen, Itziar Okarizen, Doris Salcedoren, Richard Longen eta Mona Hatoumen lanak topatuko ditu bisitariak lehenengoan. Eta hirugarren solairuan, Mark Rothko, Willem de Koonig, Robert Motherwell, Cy Twombly, Jean Michel Basquiat, Jorge Oteiza, Antoni Tapies eta beste hamaika artistaren lanak ikusiko ditu Al Anatsuirenarekin batera.

«Bilduma ospatzea» izango da erakusketaren azken helburua, Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak aurreratu duenez.

Atzera begirako bat eskaini behar zion museoak El Anatsuiri 2020an, baina, koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz, bertan behera geratu zen asmo hura. Okasio hartarako sortu zuen artistak orain museoak bildumarako eskuratu berri duen pieza. Eutsi egin zion Guggenheimek sortzailearekiko harremanari, ordea, eta harreman horri esker bukatu du obrak Bilbon.

«Epe luzerako» erosketak

Urrutitik begiratuta, horman zintzilikatutako oihal erraldoi bat dirudi artelanak, eta olatu moduko batzuk sortzen zaizkio zenbait gunetan. Gerturatu ahala, ordea, obra elkarri alanbrez jositako milaka eta milaka botilaren tapoiz osatuta dagoela ikusiko du bisitariak. Ortzi muga moduko bat ere irudikatzen dute koloreek, eta horrek areagotu egiten du obrak sortzen duen itsas sentsazioa.

Ghanan jaio zen arren, Nigerian egin du bere ibilbidearen parterik handiena El Anatsuik, eta bertan sortua du Bilbon ikusgai dagoen obra ere, komisarioak azaldu duenez. Hileman: «Bere herriko jendearekin egin du joste lan hori, eta bere lanak badu komunitate dinamika bat ere».

Ellsworth Kelly artistaren 1972ko Kurba horia da museoak azken urteetan bildumarako eskuratutako beste lanetako bat. Hirugarren solairuan ikus daiteke hura ere, New Yorken sasoi hartan lanean ari ziren beste artista espresionista abstraktu batzuen lanen ondoan.

Badira bildumaren parte izatera pasatu gabe ere museoari epe luzerako utzitako lan batzuk ere erakusketan. Hori da, esaterako, John Chamberlain artistaren 1962ko Dolores james eskulturaren eta Lee Krasnerren 1971ko Palingenesia margolanen kasua. Museoko arduradunek zehaztu dute azken hori inoiz museoaren bildumaren parte izan dadin nahi luketela.

Zuzendariak azaldu duenez, luzeak izaten dira maiz artelan bat erostera heldu arterainoko prozesuak, eta, zehaztu duenez, Euskal Herriko erakundeen babesak ematen dio aukera museoari «luzera begira» jokatu ahal izateko. «Kellyren obra bat erosteko beste bi saiakera ere egin ditugu aurrez, eta orain lortu dugu».

Bidartek ez du zehaztu zenbat diru ordaindu duten bildumako bi obra berrietako bakoitzarengatik. Azken «hiruzpalau urteetan» eskuratu dituztela esan du, Jenny Holzer, Alyson Shotz, Alex Reynolds eta Esther Ferrerren lan batzuekin batera, eta erakundeek epe horretan erosketetarako bideratutako 10 milioi euro inguruko poltsatik ordaindu dituztela.

Bi Txillida kanpoan

Museoa da erosketa horiek egiten dituena, baina hiru euskal erakundeak dira obren jabeak.

Museoaren kanpoalderaino zabalduko da Sekzioak/ Intersekzioak, eta eraikinaren kanpoaldeko terraza ere egokitzen hasiak dira langileak horregatik. Azken urteetan, Jeff Koons artistaren Tulipak artelana egon da bertan, baina hirugarren solairuan egongo da ikusgai orain, eta Eduardo Txillida artistaren neurri handiko bi eskultura jarriko dituzte haren lekuan. Lurzorua sendotzen dabiltza, terrazak obra horien zamari eutsi ahal diezaion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.