948 Merkatuak 361 artistaren lanak erakutsiko ditu, gaurtik ostiralera

Musikako, arte eszenikoetako, zineko eta beste hainbat diziplinatako artisten elkargune izango da

Gaur hasi da 948 Merkatua, Iruñean, eta ostiralean amaituko da. Irudian, iazko azokako une bat. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2018ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Kulturaren arloko programa estrategikotzat du Nafarroako Gobernuak 948 Merkatua, eta aurten bigarren aldiz antolatu du ekinaldia. Atzo arratsaldean egin zuten hasiera ekitaldia, Zentral aretoan, eta ostiralera arte iraungo du. Gobernuak azoka finkatu egin nahi du, eta kultur arloan erreferentziazkoa bilakatu. Horretarako, iazkoa baino egitarau zabalagoa prestatu du aurten, eta egun bat gehiago luzatu du. Orotara, 361 artistak parte hartuko dute, 33 stand egongo dira, eta hitzaldiak, tailerrak, erakustaldiak, bilerak, eztabaidak eta aurkezpenak egingo dituzte. Begirada partekatuak da aurtengo leloa, topaketaren helburua baita artisten arteko sinergiak sortzea.

Egunero, goizez, diziplinen arteko elkarrizketa bultzatzeko topagunea egingo dute Baluarten, eta arratsaldeetan, berriz, 70 erakusketa antolatuko dituzte. Bertako zein kanpoko artista batzuek beren proposamenak aurkeztuko dituzte, hainbat diziplinatan: zinema, telebista, arte eszenikoak, musika, arte plastikoak eta arte bisualak. Ostiralean, amaiera ekitaldia egingo dute, Baluarte auditoriumean, Jazz Big Band talde iruindarraren kontzertuarekin. Baluarte izango da azokaren egoitza nagusia, baina beste hainbat agertoki ere izango ditu, hiriko hainbat tokitan: Ziudadela, Nafarroako Antzerki Eskola, Zentral eta Indara aretoak, Civivox aretoa, Nafarroako Filmoteka eta Joaquin Maia musika eskola, besteak beste.

Aktualitateari lotutako hainbat gai landuko dituzte aurtengo azokan: genero ikuspegia, jabetza intelektuala, internazionalizazioa, diseinua, sektorearen profesionalizazioa... Aurtengo gonbidatu nagusiak, bestalde, Akitania-Berria Euskadi Nafarroa euroeskualdeko herrialdeak izango dira, eta Errioxa eta Aragoi erkidegoek (Espainia) ere parte hartuko dute.

Edizioaren azoka

Musikaren atalean, hainbat estilotako 34 kontzertu eskainiko dituzte. Gaur, besteak beste, Liherren eta Puro Relajoren kontzertuak izango dira. Arte eszenikoen atalean, berriz, hamar ikuskizun eskainiko dituzte; gaur, Inextremis Teatro taldearen Proba eta La Cajaren Catástrofe egongo dira. 948 Merkatuarekin batera, Liburuaren, Diskoaren eta Bestelako Euskarrien Edizioaren Azoka jarriko dute, igandera arte Sarasate pasealekuan, Nafarroako Argitaletxeen Elkarteak antolatuta.

Nafarroako kultur eragileek positibotzat jo dute azoka berriro antolatu izana, baina proiektuaren inguruko gogoeta egiteko beharra azpimarratu dute. Premiazkoa ikusten dute azokak bide propioa egitea eta espezializatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.