Rikardo Arregi Diaz De Heredia.
HIRUDIA

Idazpostuak, minifundioak

2018ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Askotan saiatu naizen arren, ez dut inoiz lortu Juan Ramón Jiménezen poesiarekin maitemintzea (Jon Alonsoren bukaerarekin hasteko), beharbada goizegi irakurri nituelako Luis Cernudak JRJen kontra bota zituen hitz gogorrak (baina argudiatuak), eta maiteminduegi nengoen (nago) Cernudarekin. Ezaguna da amodioak duen indarra edozein itsutzeko: presuna amurusak eztakusa diosku Axularren esaldi ospetsu ezagunak, itsu da, erho da, zentzutik kanpoan da. Aukeraren bat izango du Juan Ramón Jiménezek hurrengo urteetan? Batek daki, euskal poesia liburu erosi berri bi ditut orain esku artean eta gustura nago (izenik ez, ez dut nire adiskidantzarekin edo adiskidantza faltarekin inor zikindu nahi).

Ez nuen uste idazpostu hitza, hain modu axolagabean eta lanpostu hitzarekin jolas moduko bat egiteagatik asmaturiko neologismo erraza, arrakastatsua izango zenik, baina argi dago idazpostu horrek eztabaida mamitsua piztu duela gure hirukotean. Egia da pribilegioa dela norberaren gauzatxoak plazaratzeko hemen dugun txokoa; ez zaio jende guztiari eskaintzen, argi dago. Egunkari honetarako lan egiten duten arduradunek jakingo dute zergatik gauden gu hemen eta zergatik ez dauden beste batzuk. Egia da, bestalde, euskarazko egunkari bakarra dela hau, eta gu kultura orrialdeetan aritzen garela; ez gaude erdara handien egunkari handietako atal garrantzitsuenetan, eta beraz gure ahotsa txikia izango da beti. Kontua ez da erraza; poliedrikoa, gutxienez. Sainte-Beuvek hilerri hitza erabili zuen egunkariak definitzeko, aspaldiko idazle bati buruzko lekukoen eta kritiken bila zebilenean. Hilobia baino ez da izango hemen idazten dugun guztia? Hilobia edukitzea ere ez da gutxi, bisitak izan ditzakegu eta guzti, oroimena.

Lerrook idazten hasi naizenetik, Sarrionandiari oso aspaldian irakurri nion pasarte bat dut buruan bueltaka. Ez dakit non irakurriko nion, eta ez dakit noiz, orain dela hamar urte baino gehiago ziur aski. Gogoratzen dudanez, Sarrionandia euskal kulturaren sasinormalizazioaz edo nanonormalizazioaz aritzen zen, zein pozik geunden (gaude) telebista bat, egunkari bat eta denetarik bat genuelako, eta zein pozik idazleok, guztiok dugulako zutabetxo bat, txokotxo bat, minifundio bat (horixe zen hitza) geure kontutxo ustez megagarrantzitsuak ateratzeko, gure azak hazteko.

Guztiei ez zaie hemen idazteko aukerarik ematen. Ados. Gure ahotsa txikia da. Ados. Guk ahotsa badugu, eta, txikia izan arren, irakurle batzuengana eta Periferiaren Zentrora gutxienez irits daiteke. Orduan kezka bestelakoa da: zer egin dezaket nik, zein da nire ardura orrialde hauek betetzean? Aurreko egun batean zutabeak ere idazten dituen pertsona batekin nengoela, aitortzen nion askotan iruditzen zitzaidala idazten nuena nire harrikada baino ez zela, eta batzuetan niri bakarrik interesatzen zaizkidan liburuez aritzen nintzela hemen. Berak eskuzabal erantzun zidan beharbada horregatik gaudela hemen, gure harrikadari esker, norbanakoaren harrikadari esker, hiruron harrikadei esker. Baikortasun apur bat ez dago inoiz gaizki. Harrikadaren gainean orekaren bila saiatuko naiz beraz.

Askotan pentsatzen dut nik hemen aipatutako liburu batek edo idazle batek beste irakurle bat lortzen badu, nire lana egina dagoela. Kontsolabide erraza da, badakit, baina kultura edo literatura aferetan edozein urrats urrats handia da. Hori pentsatu nahi dut behintzat. Horregatik, oraintxe bertan esku artean dudan liburua harrikadegia dela kontsideratuz, isilduko dut apur bat lotsaturik (ez dira goian agertu diren poesia liburu horiek), eta mahai gainean txandaren zain niri begira dudan liburuarekin bukatu nahi dut gaurkoa: Kazuo Ishiguroren Egunaren hondarrak, Amaia Apalauzak eta Iñigo Roquek euskaratua. Ea itzulpenen aurka euskal irakurle askok duen aurreiritziarekin amaitzen dugun pixkanaka. Horretarako daude ere idazpostu hauek, minifundio hauek. Uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.