New Orleanseko doinuak, Iruñean

Nafar gazteei jazzean trebatzeko aukera eskaintzea da Iruña Jazz proiektuaren helburua. Iruña Jazz Brass Band du ardatzetako bat, eta talde horrek Craig Kleinekin Gasteizko Jazzaldian grabatutako lehen diskoa argitaratu du
Iruña Jazz Brass Bandeko kideak, kalean jotzen. 11 musikarik osatzen dute taldea.
Iruña Jazz Brass Bandeko kideak, kalean jotzen. 11 musikarik osatzen dute taldea. PAUL ARCINIEGA Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2020ko uztailak 9

New Orleanseko musikariak dituzte eredu, eta haiek bezala bizi eta zabaldu nahi dute jazza: «Erroetatik». Iruña Jazz egitasmoaren bitartez, hastapenetatik profesionalizaziorainoko tartean irakasten diete musika nafar gazteei. 2018ko abuztuan sortu zuten, Iruñean jazza ikasteko aukera egon zedin, profesionalekin batera arituz, «lehengo erara», eta ekinbide horren barruan sortu zuten Iruña Jazz Brass Band. 11 musikarik osatzen dute, eta, taldeak ibilbide laburra badu ere, lehen diskoa argitaratu du, Gasteizko Jazzaldian grabatutakoa, Craig Kleinekin batera. Gazteak lana kalera eramateko gogoz dira.

Iñaki Rodriguez saxofoi jotzaileak bultzatu zuen Iruña Jazz proiektua. «Lau urtez eraman nuen Pablo Sarasate kontserbatorioko big banda, baina ezin izan zuen aurrera egin, eta proiektuarekin zentrotik kanpo jarraitzea erabaki nuen», azaldu du. Izan ere, esperientziak erakutsi dio ez dela erraza jazzaren irakaskuntza bultzatzea eremu ofizialetan: «Hemezortzi urte daramatzagu goi mailako kontserbatorioarekin lanean, eta gutxi aurreratu dugu; gero eta musikari hobeak daude Nafarroan, baina ez zaie etorkizunean hedatzeko aukerarik ematen». Egitasmoa elkarte bihurtu dute, eta Nafarroako Kultur Mezenasgoak eta beste zenbait mikromezenasgok finantzatzen dute. Eskaintzen dituzten jardueren artean kontzertuak, tailerrak, hitzaldiak eta erakusketak daude, besteak beste.

Trebakuntzari dagokionez, egitasmoak hiru adar ditu: lehena Iruña Jazz Brass Band da, musikari hasiberriek osatzen dutena, eta oinarri gisa kalean jotzeko musika duena; bigarrena Pamplona Jazz Big Band da, amateurra, zeinean musikariek tresnaren gaineko kontrol handiagoa behar duten; eta hirugarrena Pamplona Jazz Orquesta da, hiruretan profesionalena. Nolanahi ere, Rodriguezek zehaztu duenez, ez dira egitura zurrunak; mugituz doaz, musikariak batetik bestera pasa daitezen eta berriak sar daitezen.

Ivan Perez da brass bandako dunbal jotzailea, eta egitasmoak ate asko ireki dizkiola adierazi du: «Daukadana baloratzen irakatsi dit, eta, batez ere, egiten dudanaz gozatzeko aukera eman dit».

Proiektu hori, jatorriz, soilik kalean jotzeko sortu zuten, doinuak eta estiloak nahastuz. Baina iazko uztailean aukera berezi bat sortu zitzaien: Gasteizko 43. Jazzaldira joatea, New Orleanseko Craig Klein tronboi jotzailearekin aritzeko. «Iñigo Zaratek, jaialdiko presidenteak, jaialdiari kutsu gazte bat eman nahi zion, eta interesgarria iruditu zitzaion New Orleanseko musikari batekin batzea gurea bezalako proiektu bat, musikari gazteak eta profesionalak biltzen dituena», azaldu du Rodriguezek.

Taldekideentzat «irakaspen handia» izan zen Kleinekin batera jo ahal izatea eta munduko jazz musikaririk garrantzitsuenekin denbora konpartitzea, arduradunak kontatu duenez. «Zoragarria izan zen: bost eguneko eskola magistral handi bat». Hori bera baieztatu du Perezek: «Nazioarteko jaialdi baten kartelean artista gisa azaltzeak ez du preziorik; musikari famatu asko zeuden han, eta plazer hutsa izan zen Craigekin 24 orduz egotea, zoriontsu egoteko modukoa. Asko ikasi nuen harengandik: haren kultura, musika...».

Testuinguru horretan, abestiren bat grabatzeko aukera sortu zitzaien, esperientziaren oroigarri gisa. Hala, jaialdiko egun batean, Martin Guridiren Sonora Estudios estudiora joan ziren, jaialdian jotako errepertorioko zerbait grabatzeko asmoz. Azkenean, zortzi abesti grabatu zituzten, eta disko bat osatzea erabaki zuten. «Erokeria izan zen, egun bakarrean grabatu baikenuen: goizean kontzertu bat eman genuen; bazkaldu, grabatu, eta kaleko pasea jotzera joan ginen. Basatia», kontatu du Rodriguezek.

Askotariko kantuak

Diskoak askotariko estiloko piezak ditu: New Orleanseko kantu tradizionalen eta Iñaki Rodriguezen abesti originalen arteko nahasketa da. Diskoan Kleinek ez ezik, Kloy Mc rap kantari gasteiztarrak ere parte hartu zuen.

Kleinen abesti batekin hasten da lana, Rugulator Shakin-ekin; abesti alaia, perkusio handikoa. Right Place Wrong Time kantuarekin jarraitzen du, diskoa grabatu baino lehentxeago hildako Doctor Johnen abesti batekin. Bestalde, Rodriguezen hiru kantu daude, Iruña Brass Feel, Indian Brass eta Funk; bigarrenaren eta hirugarrenaren letrak Kloy Mc-renak dira. Fats Dominoren kantu bat ere bada, I'm Walking, rock-and-roll estilokoa, eta James Crawforden beste bat, Iko Iko. Diskoa Horace Silverren abesti batek ixten du, Que pasa-k.

Kleinek berak diskorako idatzitako testu batean adierazi duenez, harentzat taldearen gauzarik «harrigarriena» da musikari gazteek osatzen dutela, eta New Orleanseko musikaren esanahia bereganatu dutela, «arima eta espiritua» harrapatuz. Diskoaren diseinua Javi Roldan Pin grafitigile eta diseinatzaile grafiko nafarrak egin du, eta azaleko ilustrazioarekin lana grabatzeko esperientziaren «festa espiritua» islatu nahi izan du.

Lana apirilean aurkezteko asmoa zuten, baina ezinezkoa izan zen, pandemiagatik. Egoerara egokituz, aurkezpen bideo txiki bat egin zuten, Kleinekin batera, baina Rodriguezek ziurtatu du gogotsu daudela lana kalera eramateko: «Gazteek goza dezaten, eta beste neska-mutil batzuek ikus dezaten haiek ere egunen batean halako proiektu baten parte izan daitezkeela».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Jedea Bilboko metrotik irteten, maskara jantzita ©Luis Tejido/EFE

Berrehun positiboren langa gainditu da seigarren egunez jarraian Hego Euskal Herrian

Berria

Azken orduetan 224 kasu atzeman dituzte. Positiboetatik 123 Bizkaian detektatu dira.

Gasteizko zahar etxe bateko egoiliar bat bisita jasotzen. ©David Aguilar/EFE

Arabako eta Gipuzkoako zahar etxeetako hamar langilek positibo eman dute

Berria

Gainerako langileei eta egoiliarrei probak egin dizkiete, eta ez da kasu gehiago atzeman oraingoz.

Maskara jantzitako emakume bat Donostiako autobus geltokian, eskailera mekanikoak jaisten. ©Gorka Rubio / FOKU

Pandemiak desberdintasunak sakondu dituela dio Emakunderen txosten batek

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Gizon eta emakumeen osasuna, ordaindu gabeko zaintza lanak, enplegua, indarkeria matxista, bazterkeria eta parte hartzea azken hilabeteotan nola aldatu diren aztertu du Emakundek. Egoera hobetzeko gomendioak egin dizkie erakundeei.

Emmanuel Macron Miarritzen (Lapurdi), artxiboko irudian. ©Bob Edme

Zaintza langileentzako sari bat hitzeman du Macronek

Oihana Teyseyre Koskarat

Adinekoez eta elbarrituez arduratzen diren zaintzaileek 1.000 euroko «COVID saria» jasoko dute. Frantziako Estatuak 80 milioi euroko diru laguntza emanen die departamenduei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna