Javier Colinak irekiko du Getxoko Jazzaldia

Gaur hasiko da jaialdiaren 44. aldia, eta uztailaren 4ra bitartean egingo dute, Muxikebarri zentroan eta Biotz Alai plazan. Izen handiko artisten kontzertuez gainera, taldeen lehiaketa bat ere izango da

Europako jazz eta flamenko kontrabaxu-jotzailerik entzutetsuenetariko bat da Javier Colina. GETXOKO JAZZALDIA.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Iazko geldialdiaren ondotik, Euskal Herriko eta nazioarteko jazz musikarien eta zaleen topagunea izango da Getxo (Bizkaia) datozen egunotan. Gaur hasi eta uztailaren 4ra bitartean egingo dute Getxoko 44. Jazzaldia, eta egungo egoerara egokitzeko egin duten ahalegina nabarmendu du Iñaki Saituak, jaialdiaren arduradunak: «Hori bai, kalitatea, musika aniztasuna eta gaztetxoentzako babesa mantendu dira jaialdiaren ezaugarri nagusi gisa». Igandera bitarte, izen handiko hainbat musikariren kontzertuak hartuko ditu udalerriak, eta, horiez gain, taldeen lehiaketa bat ere egingo dute. Guztira, lau talde iritsi dira finalera, eta horien zuzeneko emanaldiak ere bildu dituzte egitarauan.

Pandemiak eragindako egoeraren ondorioz, iazko jaialdia bertan behera geratu zen. Cyrille Aimee abeslari frantziarra eta Ron Carter kontrabaxu jotzaile estatubatuarra ziren jotzekoak, besteak beste, baina, egoera kontuan hartuta, ez zen posible izan. Aurten, ordea, izen handiko hainbat musikari izango dira. Javier Colina iruindarrak irekiko du jaialdia. Europako jazz eta flamenko kontrabaxu-jotzailerik entzutetsuenetariko bat da, eta ezinbesteko erreferentzia bilakatu da fusio latinoetatik gertu dauden taldeentzat. Laukotean ariko da.

Hurrengo egunean, The Cuban Jazz Syndicate taldearen txanda izango da. Espainian bizi diren musikari kubatar batzuek osatutako boskotea da, musikaren inguruko ezagutza handia dutenak: Pepe Rivero, Miryam Latrece, Carlitos Sarduy, Ariel Bringuez eta Michael Olivera.

Jaialdiaren hirugarren egunak Portugalgo jazzaren bi izen handi elkartuko ditu oholtza gainean: Maria Joao eta Carlos Bica. Horiek ere laukote formatuan arituko dira. 1980ko hamarkadan hasi ziren elkarlanean Joao eta Bica, eta bi disko kaleratu zituzten elkarrekin: Conversa (1986) eta Sol (1991). Hamar urteko ibilbidearen ondoren, bien bideak banatu egin ziren, eta orain, 25 urteren ondoren, Andre Santos gitarristarekin eta Joao Farinha teklistarekin batera itzuliko dira agertoki gainera.

Halaber, Chano Dominguezen eta Martirioren emanaldiaz gozatzeko aukera egongo da larunbatean. 1996an atera zuten Coplas de la madrugá deituriko diskoa, duela 25 urte, eta kopla klasikoak jazz moldaketekin berrinterpretatu zituzten lan hartan. Ignacio Villa Bola de Nieve pianista eta konpositore kubatarra gogora ekarriko dute emanaldiarekin.

Carles Benaventek, Tino di Geraldok eta Jorge Pardok osatutako hirukoteak itxiko du jaialdiaren 44. aldia. Ibilbide luzea egina dute hiru musikariek; Niño Josele gitarristarekin batera arituko dira Getxoko kontzertuan.

Bestelako ekitaldiak

Kontzertu nagusiez gainera, Europako jazz gazteari ere lekua egingo dio jaialdiak, Italia, Frantzia, Hungaria eta Espainia-Irlanda-Erresuma Batuko lau talderen eskutik. Hain zuzen ere, taldeen lehiaketako lau finalistek emanaldi bana egingo dute jaialdian. Victor Jimenez & Friends, Alex Monfort Trio, Emma Nagy Quintet, eta Michelangelo Scandroglio Quintet taldeak igoko dira oholtza gainera. Emanaldi horiek guztiak Muxikebarri zentroan izango dira, 13:00etan. Leku berean izango dira jaialdiko kontzertu nagusiak ere, baina horiek 19:00etan hasiko dira.

Gainera, Hirugarren Milurtekoa deituriko sail berezi bat ere izango du jaialdiak, euskal jazza eta banda gazteak elkartzeko helburuarekin. Sail horren barruan, Malu Garay Quintet, Baleen Lobak, Horda eta Los Aurora taldeak arituko dira. Zikloko emanaldi guztiak Biotz Alai plazan izango dira, 17:00etan. Uztailaren 3an eta 4an, berriz, familiei zuzendutako bi emanaldik biribilduko dute aurtengo programazioa: Capitan Corchea eta Hollywood Kids Band ikuskizunek.

Kontzertuez gainera, Jorge Lopez de Gereñu artista bilbotarraren erakusketa bat jarri dute ikusgai Erromoko Kultur Etxean, No Silence, No End izenburua duena. Askotariko diziplinak lantzen dituen sortzailea da Lopez de Gereñu, eta azken urteotan muralismoa, hirigintza eta land-art-a nahasten dituen adierazpen artistiko berri batean oinarritu da bere lanak sortzerakoan. Country alternatiboa, musika afrikarra eta jazza maite ditu, eta antolatzaileek azaldu due erakusketaren bitartez generoari buruzko ikuspegi berezia ematen saiatu dela. Uztailaren 23ra arte egongo dira ikusgai haren lanak, Erromoko Kultur Etxeko erakusketa aretoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.