Rikardo Arregi Diaz De Heredia.
HIRUDIA

Eskolak eta beste

2018ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Pasa den denboraldian ere atera zen gaia: laburbilduz, eskoletan zein desberdinak diren Gaztelaniaren eta Euskararen inguruko literatur ikasketak eta programak. Ez zait gaizki iruditzen gaia berriro hona ekartzea. Horrek esan nahi du, baikor jarrita, gero eta jende gehiago konturatzen ari dela egoeraz, edo arazoaz, eta aterabideak, beraz, hurbilago egon daitezkeela (baikorrago jarrita). Nire ustez gauza asko nahasten dira Gaztelania edo Euskara izena daramaten ikasgaietan: Hizkuntza bera, Literatura, Literaturaren Historia eta Irakurlezaletasuna gutxienez (letra larriz idatzita, bai): osagai gehiegi saltsa on eta osasuntsua ateratzeko. Eskoletan lantzen diren beste ikasgaietan zaletasunak ez du lehentasunik: Fisikako edo Biologiako edo Historiako irakasleak saiatzen dira jakintzagai horiek guztiak ondo azaltzen, edo alde zailenak errazten dituzte eskura dauden baliabide guztiak erabiliz, baina ez dute helburu handiusteko berezirik, ikasle guzti-guztiak Fisikarekin edo Biologiarekin edo Historiarekin zaletzea edo maitemintzea, alegia. Are gehiago ikasgai «artistikoetan» ere ez dago zaletasunaren presio hori: ikasle guzti-guztiak atera behar al dira musikazale edo artezale? Agian Gorputz Heziketan aritzen diren irakasleek antzeko presioa jasango dute, gizarte honetan guztiok izan behar garelako nolabaiteko «kirolzale», osasuntsu egoteko. Eskolak orduan nolabaiteko «irakurzale» eta nolabaiteko «kirolzale» izango diren pertsonak ekoiztu behar ditu beste kontu askoren artean: betebeharra ez da makala.

Pentsatzen den baino irakurzale gehiago dago gure artean. Nik neuk egunkariak eta aldizkariak egunero irakurtzen dituzten pertsonak ezagutzen ditut, paperean edo edizio digitaletan; egia da pertsona horien eskuetan ez dudala inoiz liburu bat ikusi (baten bat oso noizbehinka, ez naiz gehiegikerietan eroriko), baina ezin da esan horiei buruz «irakurzaleak» ez direnik. Bestaldetik, pertsona batzuen eskuetan ikusten ditudan liburuei literatura deitzea kostatuko litzaidake, baina irakurri, irakurtzen dute. Gaztelaniaz gehienbat, ados.

Baina noiz hasi zen euskarazko irakaskuntza (zentzu zabalenean) populazio guztira hedatzen? Gaur egun ere nahi duten guztiek ez dute eskura euskarazko irakaskuntza. Euskara batua baino askoz gazteagoa da euskal eskola sistema (zentzu orokorrean ulertuta). 40 urte (berriro ere baikortasuna) eta gero, belaunaldi pare bat ozta-ozta, ezinezkoa da lortzea erresonantzia-kaxa famatua abian jartzea. Horretarako urte asko eta belaunaldi asko behar dira. Ikerketa batzuek lotu dute herrialde bakoitzaren garapen maila (soziala, ekonomikoa, kulturala, politikoa) derrigorrezko irakaskuntzaren hasierarekin, populazioaren alfabetatze orokorrarekin. Herrialde batzuetan hasiera hori orain dela ehun, berrehun edo hirurehun urte gertatu zen (eta oinarriak ere desberdinak ziren). Bide luzea dugu aurrean.

Orain arte izan dugunaren azterketa egin beharko genuke. Ereduen sistema zaharkitua eta eragingabea dela ikusi dugu, adibidez. Aldaketa beharrezkoa da. Eta ziur aski Literatura, Euskal Literatura, eta Irakurlezaletasuna banatzeko ordua iritsi zaigu. Ikasleek egunkarietako kirol orrialdeak edo horoskopoak irakurri behar badituzte irakurtzen ikasteko edo irakurketari gustu hartzeko, aurrera, baina frantsesek beaux livres deitzen dutenak, Literatura alegia, programan egon behar dira Gaztelaniazko programan dauden bezala. Entzun dut baten batek idea hori elitistatzat jotzen duela. Oscar Wilde-ren esaldiarekin erantzungo nieke horiei: «Gustu sinpleak dituen gizona naiz, hoberenarekin konformatzen naiz beti».

Eta bukaerara iristen ari naiz euskara batuaz ezer esan gabe. Barkatu, Jon. Barkatu euskal jende onak. Baina aitortu behar dizuet polemikatxoak (euskalkiak, batua eta abar) aspertzen nauela eta nahiago dudala denbora hori beste gauza batzuetan erabili. Zertan? Irakurtzen, esate baterako (Iban Zalduaren azkena primerakoa da). Eta, Jon (ongi etorri, bide batez), ados nago zurekin: euskaldunak uste baino gutxiago gara eta, dirudienez, asko ez oso euskaltzaleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.