XVI. mendeko bost tina agertu dira Donostiako atari baten lur azpian

1,10 metroko diametroa eta 1,5 metroko garaiera dute. Balea olioa biltzeko erabiltzen zituzten
San Lorenzo kaleko eraikin bateko atariaren lur azpian egin dute aurkikuntza.
San Lorenzo kaleko eraikin bateko atariaren lur azpian egin dute aurkikuntza. GORKA RUBIO / FOKU

Mikel Lizarralde -

2018ko urriak 18
Donostiako Parte Zaharreko San Lorenzo kaleko eraikin batean igogailu bat jartzeko obrek azaleratu egin dute atariaren lurpean gordetako altxorra. Tamaina handiko bost tina aurkitu dituzte, 1,10 metroko diametroa eta 1,5 metroko garaiera dutenak, guztiak zeramikazkoak. Alfredo Moraza Aranzadiko arkeologoak azaldu duenez, XVI. mendekoak bide dira bost tinak, eta Ternuatik (Kanada) iritsitako bale olioa edo Andaluziatik (Espainia) ekarritako oliba olioa biltzeko erabiliko ziren. Bost dira aurkitutako piezak, baina inguruan gehiago egongo diren ziurtasuna du Morazak. Nolanahi ere, aurkitutako bost tinetatik bakarra aterako dute lurpetik Irungo (Gipuzkoa) Gordailua zentrora eramateko —inguruko lurrak kenduta erabat libre dagoena—. Gainerakoak dauden tokian geldituko dira.

Ingurune arkeologiko izendatuta dago Donostiako Parte Zaharra, eta, ondorioz, lur mugimendu guztiek Gipuzkoako Foru Aldundiak baimendutako proiektu arkeologiko bati lotuak egon behar dute. Horiek horrela, San Lorenzo kaleko 4. zenbakiko auzo komunitateak, eraikinean igogailu bat jartzeko obrak egin nahi zituela jakinaraztearekin batera —horretarako, beharrezkoa zen zulo bat zabaltzea, 1,20 x 1,20 metrokoa—, Aranzadi Zientzia Elkartea hautatu zuen sustatzaileak izapide arkeologikoa betetzeko. Hilaren 11n zuloa egiten hasi, eta zeramikazko tina handi bat aurkitu zuten. Gerora, joan den astelehenean, ondoan beste lau tina zeudela ondorioztatu zuten.

Morazak azaldu zuenez, aurkitu zituztenean, tinak lurperatuta zeuden, salbu eta piezen ahoak. Hain zuzen ere, zeramiketan eta inguruko lurrean oraindik antzeman zitekeen balea olioaren koipearen arrastoak. XVI. mendean «balio handiko produktua» zen balea olioa, kaleen argiterian erabiltzen baitzen.

Donostian aurkitutako tinetan Ternuatik iritsitako balea olioa gordeko zutela uste du Morazak, baina Andaluziatik ekarritako oliba olioa ere era horretako ontzietan jasotzen zuten. «Eta gero komertzializatu egiten zuten hirian bertan edo beste herri batzuetan».

1998ko aurkikuntza

Denis Itxaso Gipuzkoako Kultura diputatua eta Ernesto Gasco Donostiako alkateordea ere izan ziren atzo aurkikuntza aurkezteko agerraldian, eta gogoratu zuten ez dela Donostiako Parte Zaharrean tankera honetako aurkikuntza bat egiten den aurreneko aldia. Izan ere, 1998an Bretxako zulaketa arkeologikoak egin zituztenean, hamar treskaz osatutako talde bat aurkitu zuten, orain aurkikuntza egin den lekutik oso metro gutxira. Orduko haiek Andaluzian eginak zirela jakin ahal izan zuten, eta haietako batek Cristoval Mexia izena zuen idatzia, ziur aski produktuaren saltzailearen deitura izan zitekeena. Hain zuzen ere, izena idazteko erabilitako letra tipoari esker jakin ahal izan zuten XVI. mendekoak zirela tinak. Biltegi funtzioa betetzen zuen soto batean gorde zituzten, eta oliba olioaren eta bale koipearen edukiontzi ziren.

Horri lotuta, Gascok adierazi zuen hala 1998ko aurkikuntzak nola egunotan egindakoek erakusten dutela Donostia «merkataritza plaza» zela garai hartan. «Merkatarien hiri bat zen, Donostia bertako kaiari eta Baionakoari lotuta zeuden merkatariena». Gascoren arabera, balea-olioa eta beste koipe batzuk garraiatzen zituzten, «gaur egungo petrolioaren parekoak zirenak». Donostiako Udaleko ordezkariaren iritziz, «aurkikuntza honek berresten du Donostiak garrantzi handia izan zuela merkataritza gune moduan».