HIRUDIA

Eske ustelez

Maialen Berasategi Catalán - Itzultzailea

2018ko abenduak 6
Egunen batean, argitara atera behar genituzke diskrezioagatik, umiltasunagatik edo lotsagatik ezkutatzen ditugun zenbait datu, umil baina on beharrez atera ere, asmo guztiz konstruktiboz, alegia: besteak beste, egunkari guztiei eskatu behar genieke azaltzeko zer profiletako jendeari eskaini dioten zutabe batean jardutea, hots, nori eskaini dioten mausoleo bat edo hilarri xume bat edo zulo soil bat beren hilerrian (Rikardo Arregik joan den astean Sainte-Beuve aipatuz egin zuen paralelismo beltz baina ederrari jarraikiz), eta xehatu behar lukete zer jende-klasek esan dion baietz eta zer jende-klasek ezetz txoko txiki bat edukitzeari hitzaren eta memoriaren kolunbario horietako batean, zeinek egiten dion uko eskura jarri zaion minifundio horri, dena ere aintzat harturik ikasketa-maila, sexua eta generoa (biak, bai, baina ez nahas-mahas), jatorri sozioekonomikoa, ideologia, jaioterria, adina eta abar. Eta beste hainbeste eskatu behar genieke argitaletxeei ere (guk zutabe honetan literatura baitugu mintzagai, batzuetan zirimolaren zirimolan gaitik urruntzen garela ematen badu ere): plazaratu dezatela zenbat eskuizkribu edo idazproiektu iristen zaizkien argitaratze-eskean, eta zer jende-modurenak diren idazlan horiek, eta nor saiatzen den berriro argitaratzen nahiz eta agian aurreneko zirriborroa atzera bota dioten, eta zenbat liburu publikatzen duen idazle bakoitzak bere ibilbide osoan.

Gehienok dakiguna edo susmatzen duguna berretsi baino ez lukete egingo emaitzek, baina, gai hori jorratzen ari diren ikertzaile eta bestelakoen azterlanekin bateratuta, gordin edukiko genuke esku-eskura zenbaki eta datu hotzen zorne beroa, eta, hala, datu horiek kasualitatea ez direla jakinda, modua izango genuke kausalitatean sakontzeko, arreta berezia jarrita arrazoi naturalizatuei, Jon Alonsok aipatzen zuen inurri-ahots hori ere edukitzera ez iristearen kausa itxuraz kausagabeei, misterio-lanbro batez estalitako aitzakia topikotuei: «Eske emakumeek ez dute jendaurrean agertu nahi», «Eske goi-mailako ikasketarik ez dutenei ez zaie interesatzen literatura». Eske-ak baztertu, eta aihotzez jo behar genuke erro-errora, garro ustelak ebakitzera.

Eta, gaia pixka bat aldatuz baina ustelaz mintzo, erdia ez baizik osoa ustela duten uste horietako bat gaitzetsi zuen Arregik joan den astean: euskal literatur itzulpenak txarrak direlako, ulertzen ez direlako, plastikozkoak direlako ustea. Ez dut asmorik euskararen betiko eztabaida aspergarrenez plazaratzeko, baina seinalatu nahi nuke zeinen argudio eta hitz antzekoak erabiltzen diren euskara batua eta euskal itzulpenak mespretxatzeko, eta zeinen pozik bizi garen pentsatuz jatorriz ustez euskaraz idazten diren obra literario asko ez direla itzulpen intrakranealak.

Ez dakit zenbateraino itzal daitekeen txoko honetatik halako irizkeren izurria. Ez dakit ez ote garen aritzen, askotan, konbentzitua konbentzitzen eta hamaika aldiz aletuak aletzen. Batzuetan, ezin saihestuzkoa da pentsatzea harrikadak besterik ez duela botatzen batek hemen, baina, egia esan, kontzeptu kuriosoa da harrikadarena. Arregi, joan den asteko Hirudia-n, ez zen ausartu aitortzera zer liburu zuen esku artean, «harrikadegia» zelakoan; bestetarren liburuak dauden bezala, hortxe baitaude pixka bat edo puska bat lotsarazten gaituzten liburuak ere (zeinak, jakina, bestetarrenak izaten diren oso maiz). Lotsaren kontrakarrean, aldiz, estatus jakin bat ematen duten liburuak ere badaude noski, trenean leitzen ditugunean azala eta kontrazala ezkutatzen saiatzen ez garen horiek, edo Internetez erosi eta etxera ekartzen dizkigutenean argazki bat atera eta sare sozialetan erakusten ditugun horiek (#luxua eta gisako etiketak erabiliz, ahal dela). Ez ginen ohartu, baina horixe iragartzen ari zitzaizkigun, antza, «liburu digitalen aroa» bazetorrela esaten zigutenean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna