Donostiako 67. Zinemaldia. Historia

Moja gailendu zenekoa

1959an, Alfred Hitchcockek film bat ekarri zuen Donostiara: 'North by Northwest', eta Zilarrezko Maskorra lortu zuen bigarrenez. Irabazlea Fred Zinnemannen 'The Nun's Story' izan zen.

Fred Zinnemannen The Nun's Story-k irabazi zuen, 1959an, Zinemaldiko sari nagusia. BERRIA.
mikel lizarralde
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Frankismo garai bete-betean, Blas Piñar, garai hartan Kultura Hispanikoaren Institutuko zuzendaria zena, saiatu zen, 1959ko edizioa baino lehen, Donostiako Zinemaldia iberoamerikar zinemara zuzendutako jaialdi bat bilakatzen. Gabriel Arias Delgado Espainiako Atzerri ministroak, aldiz, irudi ireki bat erakutsi nahi zuen munduaren aurrean, eta horren isla da urte hartako Sail Ofizialeko filmen herenak Europa sozialistatik etorri izana —Sobietar Batasunekoak iristeko beste bost urte beharko ziren—.

Lehiaketari dagokionez, Alfred Hitchcockek film bat aurkeztu zuen lehiaketan, bigarren urtez jarraian: North by Northwest. Eta, aurrekoan Vertigo-rekin gertatu bezala, Zilarrezko Maskorra irabazi zuen, ex aequo Folco Quiliciren Dagli Appennini alle Ande filmarekin —Edmundo de Amicis-en liburuan oinarritua da; urte batzuk geroago, oso ezaguna bilakatuko zen marrazki bizidunetako telesail bat egingo zen: Marco—. Zinemaldiko sari nagusia, baina, Fred Zinnemann zinemagilearen The Nun's Story-rentzat izan zen, eta protagonistak, Audrey Hepburnek, emakumezko interpretazio onenaren saria irabazi zuen. Gerora, filmak Oscar sarietarako zortzi izendapen eskuratu zituen, baina ez zuen bat bera ere eskuratu —William Wylerren Ben-Hur filmaren urtea izan zen 1960—.

Gizonezko interpretaziorik onenaren saria, berriz, Adolfo Marsillach aktore kataluniarrarentzat izan zen, Leon Klimovskyren Salto a la gloria filmean egindako lanagatik.

Urte hartan lehiatu ziren filmen artean egon ziren, besteak beste, Procesado 1.040 (Ruben Cavallotti), Akiket a pacsirta (Laszlo Ranody), Sapphire (Basil Dearden), Zamach (Jerzy Passendorfer), Caín adolescente (Roman Chalbaud) eta Ari no machi no Maria (Heinosuke Gosho).

Sail Ofizialeko epaimahaiko burua, berriz, Melvyn Douglas aktore estatubatuarra izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.