Juan Sukilbide, sinboloen segida koloretsua

Artistak 25 margolan jarri ditu Iruñeko Ziudadelan. Abstrakzioa eta figurazioa nahastuz kanpoko munduaz gogoeta egin du
Margolanak panel beltzen gainean jarri dituzte, eta kontrasteak bizia ematen die koadroei.
Margolanak panel beltzen gainean jarri dituzte, eta kontrasteak bizia ematen die koadroei. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2020ko otsailak 18

Margotutako koadro bat hartu, sinbolo bat marraztu, eta margolana utzi. Hurrengoa hartu, aurrekoaren sinbolo bera erantsi eta bere kabuz garatzen utzi. Hurrengoarekin gauza bera egin. Horrela, banan-banan, 25 koadroren bitartez sinboloen unibertso koloretsu bat osatu arte. Hala sortu ditu Juan Sukilbidek (Iruñea, 1961) Iruñeko Ziudadelako Mistoen aretoan jarri dituen margolanak. Abstrakzioaren eta figurazioaren artean mugitzen diren 25 lanetan biziari eta kanpoko munduari so egin dio Ahora de nuevo (Orain berriro) erakusketan.

Sukilbiderentzat, koadro horiek margotzea esperientzia berri bat izan da; «sinboloen eboluzio prozesu bat». Honela azaldu du: «Ez da izan, orain arte bezala, koadro bat amaitu eta hurrengora pasatzea. Koadro guztiak estudioan izan ditut. Hartzen nuen bat, eta sartzen nion sinbolo bat; jarraian, hori astotik kendu, beste bat hartu, eta aurkitu berria nuen sinboloa eransten nion bigarrenari, baina diseinu berarekin edota aldatuta; garatuta, alegia». Hala, banan-banan, margoetan sinboloen segida bat, kate bat, osatu arte. «Sinboloek elkarri deitzen zioten: asoziazioz, kontrastez eta beste bide askotatik sortzen ziren».

Kaosean ordena

Sukilbideren obrek inprobisatuak edo ordenarik gabekoak irudi dezaketen arren, logika bati jarraitzen diote. Sortze prozesuan intuizioaren eta arrazoiaren artean ibiltzen da artista, eta harmonia kaosarekin apurtuz osatzen ditu lanak: «Formen oreka bilatuz lan egiten dut, ondoren harmonia hori bortxaz apurtzeko, eta elementu gehiago erantsiz ordena berregiten saiatzeko», azaldu du Sukilbidek. Ziklo hori hainbat aldiz errepikatu ohi da koadro berean, eta, horregatik, zenbaitetan, emaitza koadro «kontzentratuegiak» izaten direla dio margolariak.

Anabasa ordenatu horren artean elementu identifikagarri zenbait ageri dira, eguneroko elementu arruntak: animaliak, pertsonak, zuhaitzak, etxeak, landareak, zenbakiak... Baina ez daude hor kasualitatez, artistak sartzen ditu bizitzari eta kanpoko munduari buruzko gertaerak, pentsamenduak edota gogoetak erakusteko. «Elementu eta irudi iradokitzaile horiei bizia eman nahi izaten diet, koadroarekin naturalki erlaziona daitezen».

Margo kolorista da Sukilbiderena. Kolore bizi eta dirdiratsuek blaitzen dituzte haren lan guztiak: gorriak, berdeak, urdinak, laranjak, horiak... Margolariarentzat, izan ere, koloreak alfabetoko hizkien gisakoak dira, eta guztiak erabili nahi izaten ditu: «Hainbeste kolore erabiltzea nire esku dudan alfabeto bateko letrei uko ez egitearekin alderatzen dut; eta intuizioz, naturaltasunez eta askatasunez erabiltzen ditut», azaldu du.

Margolanek paleta kromatiko horrekin «harmonian» egon behar dutenez, horrek aukera ematen dio irudiak eta sinboloak ere askatasunez sortzeko. Hala ere, horrekin lotuta, Sukilbidek helburu bat jarri dio bere buruari: gaur egun koloreak askatasunez erabiltzeko gai den modu berean, zeinuen eta sinboloen «laborategiak» nola funtzionatzen duen hobeto ikastea; sinboloak aurkitzen eta sortzen jakitea, ondoren horiek zerbait piktorikoki erakargarri bihurtzeko.

Koadro gehienetan margo akrilikoa, olioa eta oliorako errotulatzaile permanenteak erabili ditu, eta horiek lehen aldiz txertatu ditu, lerro oso fin eta zuzenak egiteko aukera ematen diotelako. Karroza zinta eta zeloa ere erabili ditu marra zehatzagoak lortzeko, margolanetan forma geometriko eta lerro ugari sartu ditu-eta.

Izenik ez, ez mugatzeko

Erakusketaren izenburuaren atzean bizitza ulertzeko filosofia bat dagoela kontatu du Sukilbidek: «Egun bakoitza aukera berri bat balitz bezala ulertzea. Berriro hastea, eta saiatzea saihesten inertziei jarraitzera eta aurreikus daitekeen moduan jardutera eramaten gaituzten indarrak».

Margolanei, ordea, ez die izenbururik jarri, uste duelako obrak izendatzea horien interpretazioa «mugatzea» dela. Aretoan, halaber, ez dago koadroaren xehetasunen bat ematen duen oharrik. «Modu horretan saiatzen naiz distrakzioak saihesten eta irudiari garrantzi osoa ematen», esan du artistak. Margolanen atzean panel beltz handi batzuk daude, eta kontraste horrek bizia ematen die margoei. «Aukera bat da koadroak testuinguru berri horretan ikusi eta agian argi foku gisa ulertzeko», haren ustez.

Ez da Sukilbidek Ziudadelako areto horretan bere artelanak jartzen dituen lehen aldia. 2006an izan zuen lehen erakusketa han, Sol Invictus izenekoa, eta ondoren, 2012an, El viajero cautivo (Bidaiari presoa) izenekoa eraman zuen. Horren ondoren, 2017an, hasi zen margotzen orain ikusgai dauden lanetako hamabostek osatzen duten seriea; erakusketarako, beste garai batzuetan egindako hamar gehiago erantsi ditu.

Erakusketaren emaitzarekin pozik dago Sukilbide, eta uste du harentzat aukera bat izan daitekeela bere obra sakonago aztertu eta bere buruarekin zorrotzagoa izateko. Erakusketa martxoaren 15era arte egongo da zabalik, asteartetik ostiralera 18:00etatik 20:30era, larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Kezka adierazi dute lehen arretako hainbat langilek. Argazkian, Bilboko Areilza anbulatorioa. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Osasun sistemak eztanda egingo du»

Maialen Arteaga

Lehen arretako zentroen estutasunak azaleratu ditu COVID-19ak, eta aspaldiko aldarriak hauspotu ditu. Pandemiaren «bigarren olatua» iritsi dela aitortu du Eusko Jaurlaritzak, baina osasun etxeetan langileen erdiekin eta «lan gainkargarekin» dabiltzala salatu dute.

San Mames zelaia hutsik, Athleticen eta Leganesen arteko partidan, uztailaren 16an. ©Marisol Ramirez / Foku

Athleticeko sei jokalarik positibo eman dute

Berria

PCR probak egin dizkiete futbol jokalariei eta klubetako langileei. Alaveseko hiru jokalariri ere detektatu diete COVID-19 gaitza.

PCR probak egin dizkiete Donostiako Ramuntxo Berri tabernan izandakoei. ©Gorka Rubio / FOKU

Beste 505 positibo izan dira Hego Euskal Herrian

Berria

COVID-19a zuten zazpi pertsona hil dira azken astean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Maddalen Iriarte prentsaurreko batean, artxiboko irduian. ©Juan Carlos Ruiz/FOKU

EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio lehen arretako zentroen egoerari konponbide bat emateko

Olatz Esteban Ezkati

Eragile politiko, sindikal, ekonomiko eta sozialen arteko elkarlanaren beharra nabarmendu du indar subiranistak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna