KRITIKA. Antzerkia

Erdibidean geratua

Agus Perez.
2022ko martxoaren 17a
00:00
Entzun

'Bogumer'

Konpainia: Vero Cendoya. Zuzendaritza eta koreografia: Vero Cendoya. Dramaturgia: Vero Cendoya, Israel Sola. Musika-sorkuntza: Adele Madau. Soinu-eremua: David Solans. Argiak eta eremu eszenikoa: CUBE.bz. Jantziak: Pau Auli. Interpreteak: Anna Barrachina, Natalia d'Annunzio, Linn Johansson, Hansel Nezza, Jem Prenafeta, Carlos Fernandez, Laia Marti. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia.Eguna: Martxoak 15.

Anatoli Lunatxarskik, Irakaskuntza Publikorako komisarioa zenak, Jaungoikoaren kontrako epaiketa bat antolatu zuen, 1918an, Moskun. Gizateriak mendeetan zehar pairatutako kalamidade zerrenda luzea leitu ondoren eta kasuari zegozkion eztabaida luzeak burutu ostean, akusatua errudun jo eta egunsentian fusilatua izan zen, pelotoiaren tiroak zerura jaurtikita. Harrezkeroztik ez dakigu Jaungoikoa bizirik ala hilik ote dagoen —ordura arte ere ez genekien—, baina Sobietar Iraultza gizakiaren ikuspegi sozialaren gainean eraiki zen, ez erlijio-sinesmenen gainean, eta esan genezake erdietsi zituen lorpenak eta eragin zituen pairamenak balizko Jaungoikoak sortutakoen parekoak izan zirela.

Lunatxarskiren semeak dakar azpititulutzat Vera Cendoya konpainia katalanak DFeriara ekarri duen lanak, eta taula gainean ikusi dugunak Juan Grau zenak zuzentzen zuen Semola Teatreren planteamendu artistiko aurreratu eta ausartak ekarri dizkigu gogora zenbait momentutan. Izan ere, Cendoyaren konpainiak diziplinartekotasuna aldarrikatzen du, eta lan honetan behintzat testu errezitatuak, ekintza fisikoak, pasarte dantzatuak eta giza kondizioaren gaineko gogoetak tartekatu ditu.

Bide horretatik, hari zuri bertikalez egindako kaiola baten barruan agertu dira antzezleak lehen eszenan, haietariko bat lasterketa estatikorako makina batean korrika, beste lau janzkera definigaitzez mozorrotuta eta kanpoko bat kaiola txiki batean zegoen animaliatxoa zirikatzen, atzean zegoen emakume gidariak Lunatxanskiren akusazioak irakurtzen zituen bitartean. Hasiera interesgarria izan da, zinez, baina haren gehiegizko luzerak gure susmorik txarrenak piztu ditu, hortik aurrera etorritako guztia Sobietar Iraultzaren deskribapen eskematikoa baino ez delako izan, aurreko paragrafoan esandako elementuekin hornitua eta bi ezaugarri nagusirekin: gauza orori emandako parodia kutsua batetik —izan Yuri Gagarinen balentria espaziala izan Olinpiar Jokoetan SESBek erakutsitako nagusitasuna—, eta bestetik, edozein ideia aspergarri bihurtu arte luzatu izana.

Gauzak horrela, eta gure paperezko askatasunen mundu kapitalistaren parodiaren esperoan, asmo handiak izan ditu Vero Cendoyaren proposamen arranditsu honek, baina denen erdibidean trabatua geratu zaigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.